NAIZ

Euskararen aldeko politika ausartak eskatu dizkiote Lakuari EHEk eta Ikamak

Euskal Herrian Euskarazek eta Ikamak ekintza bat egin dute ostegun honetan Lakuako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzaren bulegoan, euskara ez dagoela bere lehentasunen artean salatzeko eta euskarak politika ausartak behar dituela aldarrikatzeko. Asteotan bi hitzordu garrantzitsu iragarri dituzte.

Euskal Herrian Euskarazek eta Ikamak ekintza bat egin dute Lakuako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzan.
Euskal Herrian Euskarazek eta Ikamak ekintza bat egin dute Lakuako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzan. (EHE - Ikama)

Euskarak aldeko politika ausartak behar dituela aldarrikatu dute Euskal Herrian Euskarazek eta Ikamak Lakuako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzaren bulegoan. Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari zuzendutako gutun bat erregistratzen saiatu dira, politika euskaltzale horiek lehenbailehen indarrean jarri ditzatela exijituz. «Une horretan bulegoko ateak itxi dizkigute, beste behin ere herritarron aldarrikapenei entzungor eginez. Hori gutxi ez eta ertzaintzak sei gazte identifikatu ditu», salatu dute.

Euskaldunok bizi dugun minorizazio gorriaren aurrean, arduradun politikoen aldetik gaiarekiko «utzikeria ikaragarria» sumatzen dute EHEk eta Ikamak Euskal Herri osoan. «Euskara ez dago lehentasunen artean, eta hori onartezina da. Jaurlaritzako hainbat ordezkarik euskararen aldeko jauzia aldarrikatu izan dute, baina noiz emango da jauzi hori? Nola? Jada, atzerapausoak ematen hasiak gara eta ez dugu horri aurre egiteko ez plangintza ez neurri eraginkorrik ikusten epe-laburrera begira», gaitzetsi dute.

Bi zita garrantzitsu

EHEk eta Ikamak argi dute egoeraren larritasunak berehalako erantzuna eskatzen duela, bai Lakuaren eta bai gainerako instituzioen aldetik ere. Era berean, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean, independentzia ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Izan ere, ziur daude frantziar nahiz espainiar estatuen baitan ez dugula euskararen biziberritzea bururaino eramaterik lortuko. Horregatik, Euskal Herri aske hori ipar hartuta, euskaltzale oro mobilizatzera deitu dute.  

Datozen asteetarako bi hitzordu garrantzitsu iragarri dituzte: abenduaren 6an, Durangon, ‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ lelopean, EHEk antolatutako manifestazio nazionala izango da eta abenduaren 11n, Ikamak deituta, ‘Gure hezkuntza euskalduna’ lelopean, Hego Euskal Herriko ikasleen greba.