
‘Lakioa’ da Josu Goikoetxea idazlearen lan berria; ipuin bilduma bat, poesia idatzi ondoren. 9 istorioz osatuta dago, guztiak desberdinak elkarren artean, eta familia harremanak, euskararen galera eta iraupena, bertsoak, iraganeko maitasunak, klase sozialak eta arrakalak jorratzen ditu, besteak beste.
Ostegun honetan aurkeztu du Elkar argitaletxearekin publikatutako lan hau, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta. Honek azpimarratu duenez, ‘Lakioa’ «aspaldiko euskal literaturako ipuin libururik potenteena» da. Gainera, lehiaketa irabaztearen garrantzia nabarmendu du, ez baita ohikoa ipuin-liburu bat garaile izatea.
Izenburua azaltzen hasi da Goikoetxea. Lakioa hitza, berez, hegaztiak eta animalia txikiak harrapatzeko sokaz egindako tranpa batez hitz egiteko erabiltzen da. Kasu honetan, baina, «pertsonok ditugun iraganekiko edo sorterriarekiko emozioak» dira. «Batzuetan lasaiagoak dira, baina denok daukagu bat, gure sentimenduak neurri batean edo bestean markatu dituena», gaineratu du.
Kazetaria ere denak bertsoen mundua duela urte batzuk utzi bazuen ere, bi hamarkada jai-jartzaile bezala «pertsonaiak asmatzen» eman izanak orain egindako lana erraztu dio, azaldu duenez. Horrekin batera, «bertsoen munduak eman dit euskara zuzen adierazteko gaitasuna eta oso eskertuta nago», esan du.
Liburuan lantzen diren gaiak «gogorrak» direla ohartarazi du. Horregatik beragatik, «zinikoa ez izaten» saiatu da, «egiazkoak» diren emozioak paperera eramanda, enpatiaz».
Gaiak tentuz lantzeko, hain zuzen, adjektibazioaz baliatu da idazlea. Poesia idaztetik dator, baina orduan baino «askoz gehiago» erabili ditu adjektiboak oraingo honetan. Horretarako, itzulpengintzan egindako lanak languntza handikoa izan dela azaldu du aurkezpenean.
Horrekin batera, ipuinetan pertsonaiak mugitzea gustatzen zaiola aurreratu du, «mugimenduak emozioa sortzen duelako eta emozioak mugimendua». Hortaz, Euskal Herriko toki ugarirekin egingo du topo irakurleak Goikoetxearen orrialdeetan zehar: Urdaibai, Araba, Nafarroa, Gernika, Busturialdea, Meñaka, Muxika, Ezkerraldea, Eskuinaldea eta Bizkaia Zubia, beste askoren artean.
Prozesua «motela» izan dela esan du, baina parrafo bakoitza arreta handiz ondu duelako. «Nik ez dut gozatzen idazterakoan, antsietatearen eta euforiaren arteko nahaste bat delako», azaldu du Josu Goikoetxeak, batzuetan ideiak eta hitzak burura etortzea zaila dela gaineratuz.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

