
Euskara online ikasteko plataforma digitala da Ingura, «edozein lekutan eta edozein ordutan ikasteko aukera ematen duena», zehaztu du Lakuako lehendariorde Ibone Bengoetxeak, ostiral honetan Bilbon egindako aurkezpenean. Egun, 14.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen du, munduan 44.184 euskara ikasle dauela adierazi dute, eta Lakuak kopurua handitzea espero duela tresna horri esker.
«Ekimen hau Lakuak euskararen erabilera soziala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, euskaltegien lana osatuz eta esparru digitalean ate berriak eraikiz», azaldu du Bengoetxeak. Eta berritasun gisa, A2 mailako doako edukiak ere gehitu dituztela kontatu dute.
Erabiltzaileek lau hizkuntzatan jaso dezakete informazioa (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Maila bakoitzeko ikastaroetako eduki batzuk doakoak dira eta beste batzuk matrikulapekoak: gaur egun Inguran A1 maila eta A2 mailako doako edukiak daude eta ikasten jarraitu nahi izanez gero edota maila egiaztatu, Ingurak aukera ematen dizu euskaltegietan barneratuta dagoelako.
HABEk bultzatutako proiektua da,Nafarroako Gobernuaren, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin, POCTEFA funtsen bidez. Bengoetxeak elkarlana azpimarratu du: «Proiektu hau hainbat erakunderen artean eraikitzen ari gara, helburu partekatu batekin: gero eta jende gehiagok euskara ikas dezan eta eguneroko bizitzan erabil dezan erraztea».
Datozen urteetan aurrera urratsak emango dituztela aurreratu dute, «maila berriak gehituz eta hobekuntzak integratuz». Besteak beste, Itzuli itzulpen automatikoko teknologia integratzea, ahots, tutore eta mintzalagun birtualen bidez ebatzitako jarduerak edo adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako plataforma egokitzea, garapen teknologiko eta didaktiko espezifikoekin.
«Euskara ikastea errazagoa, erakargarriagoa eta irisgarriagoa izatea nahi dugu», aitortu du agerraldian Bengoetxeak.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
