Nagore Belastegi
Elkarrizketa
Ion Vazquez
Elgoibar Ikastolako zuzendaria

«Jende gehiagok eta gehiagotan euskaraz hitz egitea da helburua»

2015ean hasi zen Ion Vazquez (Azkoitia, 1990) Elgoibar ikastolan, Hezkuntza Bereziko Irakasle eta Orientatzaile moduan. Zuzendaritzaren ardura 2024-2025 ikasturte hasieran hartu zuen, eta bigarren ikasturte honetan egokitu zaio Kilometroak festaren ardura, ilusioz eta gogo handiz egin duen lana.

Ion Vazquez, ikastolako sarreran.
Ion Vazquez, ikastolako sarreran. (Maialen ANDRES | FOKU)

Azpeitiko Ikastolari lekukoa hartuta, urtebetean lan handia egin dute Elgoibarren aurtengo festa antolatzeko, eta hori guztia ospatzeko eguna izan dadila nahi dute.

Elgoibar ikastolak Kilometroak antolatzeko ardura 1996an hartu zuen lehen aldiz. Euritsua izan zen egun hura, gogoan izan al duzue?

Ni ez naiz elgoibartarra eta Lehen Hezkuntzan hasi berria nengoen gainera, beraz, dakidana kontatu didatena da. Aurtengo Kilometroak antolatu izanak bai ekarri dit atzera begiratzea eta bertan egon zen jendearekin egotea. Bolondres lan handia egon zen, ilusio handia jarri zen, herri osoa martxan jarri zen. Nahiz eta Kilometroak ez den egun bakarreko lana, oroitzapena da sekulako euritea izan zela; argazkietan ere ikusten da. Orain egunero gabiltza eguraldiari begira.

Nolakoa izan da egun honen prestakuntza?

Mila bolondres inguru ditugu. Urte osoko lana izan da, eta ardura handiz hartutako zerbait. Ilusio pixka bat ere egon da. Antolakuntza mailan –ekonomia, komunikazioa, egitaraua, giza baliabideak, jasangarritasuna...– azpimultzo asko daude urte osoan zehar landu behar direnak, taldeka. Gero badago talde iraunkorra, azpitalde bakoitzeko arduradunak biltzen dituena.
Urtean zehar ekimen desberdinak egiten dira, eta alde horretatik bi lan ildo nagusi izan ditugu: ekimen berriak prestatu, Kilometroen ikasturtea zelako; eta, bestetik, aurretik genituen ekimenak (Ikastola eguna, inauteriak, krosa, pilota) indartu, antzemateko urte berezia zetorrela.

Zein izan dira aipatu dituzun ekimen berezi horiek?

Horma irudi bat margotu dugu, “Non eta Mugan” ekimenean parte hartu dugu, liburu ibiltari bat sortu dugu, komiki lehiaketa batean parte hartu dugu, eta Ikasle Batzordea sortu dugu. Prozesu honetan ikasleak ikusle besterik ez izatea ez genuen nahi, eta Ikasle Batzordearen bidez parte aktibo izan dira.

Kilometroak antolatzeak suposatzen du komunitatea aktibatzea, indartzea, partaidetza sustatzea... Kilometroen izenean egiten denean, badago aitzakia, baina erronka da abiapuntu hori izanda, egin diren hainbat ekintza denboran mantentzea.

Kilometroak eta gero, zer? Nola eutsi sortu diren hainbat dinamikari? Denak mantentzea ezinezkoa izango da, baina batzuk mantendu nahi dira, komunitate ikuspegitik eta euskara aktibatze ikuspegitik estrategikoak direnak, batez ere. Adibidez, Ikasle Batzordeari eutsi nahi zaio.

«Estrategikoki helduetan jarri dugu fokua; gurasoek euskaraz egitea eredu bezala, ‘zer ikusi, hura ikasi’»

Mila bolondres horien artean laguntza berezirik izan al duzue?

Udalak asko lagundu du herriko festa bat delako, eta Danobat enpresak ere bai. Askotan enpresek diruarekin laguntzen dute soilik, baina kasu honetan Danobatek parte hartze aktiboa izan du, dirulaguntza emateaz gain, guraso batzuek bertan lan egiten dutelako.
Bestalde, gure familietako bat Euskal Gorrak elkarteko kidea denez, Kilometroen antolaketan elkartearekin harremana estutu dugu. Hori horrela, irekiera ekitaldian eta omenaldian mezua hitz bidez zein zeinu hizkuntzaren bidez helaraziko dugu, inklusioaren aldeko urrats gisa eta guztiontzat jai irisgarriagoa izan dadin.

Garai batean gaztetxoei parrandarako aukera ematen zien festa alde batera utzi zen Erronkari esker. Aurtengo egitarauari begira, bide horretatik jarraitu eta batez ere familiei zuzendutako ekimenak prestatu dituzuela dirudi.

Erronka mantentzen da eta goizean egingo dute. Ados nago diozunarekin. Adin guztiak aintzat hartu dira, eta ikuspegi familiarragoa hartu du. Kontuan hartuta Kilometroen helburua dela herri bat euskaraz arnasten hastea, horren kontzientzia hartzea eta komunitate bat sortzea, uste dut horretarako adin guztiak kontuan hartu behar direla.
Egitarau taldeak argi zuen fokua gazteengan jartzea ez zela bidezkoa. Gainera, gure kasuan leloa, logoa eta estrategikoki helduengan jarri dugu fokua; gurasoek euskaraz egitea eredu bezala, «zer ikusi, hura ikasi», eta egitarauan ere fokua familian jarri dugu.

«Ikasleak ikusle besterik ez izatea ez genuen nahi, eta Ikasle Batzordearen bidez parte aktibo izan dira»

Zein dira kontuan izan dituzuen helburuak?

Euskara aktibatzea, jende gehiagok eta gehiagotan euskaraz egin dezan. Hori herri bakoitzeko idiosinkrasia da. Euskarara salto egitea ez da bakarrik ez dakienak ikastea, baizik eta dakigunok euskaraz egiteko konpromisoa hartzea. Eta beste aldetik, komunitatea eraikitzea.
Bestalde, jaiaren egunean bertan, ondo pasatzea. Festa hau egindako lan handi baten emaitza da, eta nahiko genuke oroitzapen polita gelditzea eta jende asko gerturatzea.
Azken urteetan Ikastolak aldaketa handiak jasan ditu, eta horietako bat izan da Kilometroak antolatzea, eta horrek ekarri ditu aipatutako ekimen asko. Eta eguna pasatutakoan, bilduko gara hausnarketa estrategiko bat egiteko eta datozen urteko erabakiak hartzeko.
Horrez gain, herri mailan “Euskara eta kulturartekotasuna” deituriko proiektua martxan jarriko da, aurreko ikasturtean garatzen hasi zena. Gu, ikastola bezala, eta baita beste eskola eta hezkuntza ez formaleko zentroak ere inplikatuko gara euskaran fokua jarrita, euskaraz bizitzeko, datorren kulturartekotasun hori aintzat hartuz. Helburua da elkarbizitza osasuntsu batean euskara erdigunean jartzea, euskaraz hitz egiteko aukerak zabalduz, eta ez dakienari ikasten hasteko aukerak emanez.

Zein da euskararen egoera Elgoibarren?

Gaur-gaurkoz, ez da arnasgune bat. %70eko hiztun kopurua ez du gainditzen. Ni elgoibartarra ez naizenez, kanpotik begiratuta, nire sentsazioa da badaudela euskaldunak, baina badagoela joera bat, nahiz eta euskaraz jakin, erdarara jotzearena, edo bi hizkuntzak nahastea elkarrizketa berean.

Estrategikoki horrekin ere jokatu dugu. Ikastera animatzen dugu ez dakiena, eta azaltzen dugu zergatik ematen diogun garrantzia euskarari. Badirudi askotan borroka horretan sartzen garela, euskaraz dakizu edo ez dakizu. Orduan azaldu dugu zergatik den euskara altxor bat guretzat, zeren, euskara jakiteaz aparte, erabili egin behar da. Elgoibarren hori gertatzen da, dakitenek ez dutela euskara hutsa erabiltzen.