Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Udazkena iritsita, hegoak moztu dizkio Zabalak Dariori Lau eta Erdiko Txapelketan (19-22)

Ezkaraiko pilotariak ondo hasi du partida, 3-0 aurreratuz, baina 3-1ekoa tanto gogorra izan da eta hortik aurrera kosta egin zaio. Zabalak, aldiz, asko asmatu du arau berria duen sakean eta hor handitu ditu tarteak. Eskerrak, ondoren Dariok min handia egin baitu, aldea irantzetik oso gertu.

Javier Zabalak asko asmatu du sakearekin, markagailuan alde handiak hartuz.
Javier Zabalak asko asmatu du sakearekin, markagailuan alde handiak hartuz. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Javier Zabalak osatuko ditu Lau eta Erdiko txapelketako final-laurdenak, larunbat honetan, Sorian, Dario Gomezi sufrimendu askorekin irabazi ostean (19-22). Bere hurrengo aurkaria Joanes Bakaikoa izango da, ostiral gauean Etxarri-Aranatzekoak Iñaki Artola kanporatu ostean.

Larunbat honetan Sorian jokaturiko partida oso arraroa izan da. Alde batetik, euskal pilotako lehia Euskal Herritik kanpo jokatu da; eta bestetik, bi aurkariak errioxarrak ziren –euskara zertxobait ulertu baina hitz egiten ez dutenak–, lagunak, eta biak Aspe enpresakoak. Baina behin neurketa hasita, hemen ez dago lagunik ez ezer.

Duela egun gutxi amaituriko San Mateo torneoan, Dariok bere bolada bikainari amaiera eman zion. 18 partida jarraian irabazi ditu udaran Ezkaraikoak, eta Zabalaren aurka bide beretsua hartu nahi zuen berriro ere. Eta ondo hasi ere! 3-0 ipini da aurretik gorriz jantzitako pilotaria. Sakea eta ezker gantxoa erabili ditu bere aurkariari urduritasuna sartzeko.

Baina erabat aldatu da norgehiagoka hurrengo fasean. 32 pilotakada izan dituen 3-1ekoa oso tanto gogorra izan da eta jokoz kanpo utzi du Dario. Egia da Javier Zabalari haserre nabaritu zaiola bere aitarekin, botilero lanetan. «Argi esaidazu zer egin behar dudan», eskatzen zion errioxarrak. Eta aitak karanbola bilatzeko erantzun dio.

Nolanahi ere, Zabalak bikain aprobetxatu ditu hurrengo tantoak aldeak handitzen hasteko. Halako batean, 0-9ko partzial bat sinatu du eta 8-20 ipini da aurretik.

Dariok sakearekin min handia

Dena eginda zuela zirudien, baina ez da hain erraza izan. Txapelketaren aurkezpenean sakea lautik lau eta erdira atzeratuko zela abisatu zuten, aurtengo berritasun gisa. Ekainean jada eman zen sakearen berri, Bizkaia Torneoa jokoan zegoenean, eta harriduraz hartu zuten zenbait pilotarik.

Horietako bat Dario bera izan zen. Bere garaian, egunean bertan jakin zuela erabakiaren berri aipatu zuen kameren aurrean eta errioxarra ironikoa ere izan zen: «Agian euskaraz azaldu zuten eta ez nintzen enteratu».

Bada nolakoak diren gauzak! Gaur, dena galduta ikusi eta 9-20koan sakea berreskuratu duenean, estrategia guztiz aldatu eta lehen jokaldiarekin proba ezberdinak egiten hasi da. Txokotik zabalera ateratzen hasi da Ezkaraikoa eta horrek guztiz erotu egin du logroñotarra.

Gainera, partida amaieran aitortu duenez, eskuin eskua ez zuen guztiz ondo eta gaurko partidan egoteko asko zaindu behar izan du bere lanerako arma –«nire eskuak oso delikatuak dira», onartu du kameren aurrean–. Hala, Dariok min handia egin dio sakearen bidez, tartean pilotakadaren bat txokora ere bidaliz eta baita arriskatuz ere, baina markagailuan zegoen aldea erraldoia zen eta, hain zuzen ere, arriskatzeak sakearekin luze bidaltzea ekarri dio Dariori 19-22koarekin amaitzeko. Horrek salbatu dio, azkenean, Zabalari, zeinek inoiz baino hobeto zaindu beharko dituen eskuak hurrengo igandean Lekunberrin jokatu behar duen Bakaikoaren aurkako partidarako.

PARTIDAKO FITXA:

Dario: 19

Zabala: 22

Pilotakadak: 253. Iraupena: 45 minutu. Markagailua: 3-0, 3-5, 4-5, 4-8, 6-8, 6-11, 8-11, 8-20, 15-20, 15-21, 19-21 eta 19-22. Sakez egindako tantoak: 5 Dariok eta 3 falta, eta 8 Zabalak eta 2 falta. Jokoan egindako tantoak: 11 Dariok eta 5 Zabalak. Galdutakoak: 6 Dariok eta 1 Zabalak. Gertakariak: Giro eta sarrera ona Sorian jokatutako Lau eta Erdiko final-zortzirenetako partida honetan. Lehen sakea, gorriarentzat.