NAIZ

Laso egungo txapelduna gabe, aldarrikapenak eta aldaketak ekarriko ditu Lau eta Erdikoak

Iazko txapeldunaren bajarekin, aurtengo txapelketa bi berritasunekin dator: sakea lautik lau eta erdira atzeratuko da eta material aukeraketa partidaren egun berean egingo da.

Lau eta Erdikoaren aurkezpena, astelehen honetan, Bilbon.
Lau eta Erdikoaren aurkezpena, astelehen honetan, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

San Mateoko torneoak amaiera eman zion asteburu honetan udarari. Hala, pilotari eta pilotazale guztiek badakite behin urtaro hau pasata, denboraldiko lehen txapelketa iritsiko dela. Kasu honetan, Lau eta Erdikoa. Astelehen honetan aurkeztu dute txapelketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Guztira 12 pilotari arituko dira, sei Aspetik eta beste sei Baikotik, baina baja nabarmen bat izango du aurtengo kaiolak. Izan ere, aurreko astean jakin bezala, Unai Lasok ezin izango du txapela defendatu, ez baita bere lesiotik osatu. Honek Erik Jakari eman dio aukera multzo buru izateko.

Iazko txapeldunaren bajarekin, aurtengo txapelketa bi berritasunekin dator: sakea lautik lau eta erdira atzeratuko da eta material aukeraketa partidaren egun berean egingo da. Ekainean eman zen sakearen berri, Bizkaia Torneoak jokoan zegoenean, eta harriduraz hartu zuten zenbait pilotarik.

Txapelketa ostiral honetan bertan hasiko da, final-zortzirenetako bi partidekin. Lehenengoa, Zallan jokatuko dute Ezkurdiak eta Elordik; eta bigarrena, Artolak eta Bakaikoak, Alegian. Kanporaketa hau osatuko dute Dariok eta Zabalak, larunbatean Sorian, eta Larrazabalek eta Zubizarreta III.ak, igandean Eibarren.

Irabazleek final-laurdenetarako sailkapena lortuko dute. Bertan, Altuna III.a eta Peña II.a multzo buru bezala daude A taldean; eta Jaka eta Peio Etxeberria, B taldean.

Hala, urriaren 10ean, Atarrabian, Jakak eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak B taldean; eta urriaren 11n, Bilbon, Altuna III.ak eta Peña II.ak.

Final-laurdenetako bigarren jardunaldia urriaren 17tik 19ra bitartean jokatuko da, eta hirugarren eta azken jardunaldia, urriaren 24tik 26ra.

Finalerdiak, aldiz, azaroaren 1 eta 2an jokatuko dira; eta final handia azaroaren 16an izango da, hauek denak oraindik zehaztu gabeko pilotaleku batean.

B Serieko kaiola

B Serieko txapelketa ere aurkeztu da astelehen honetan. Ostiralean, Alegian, emango zaio hasiera Lau eta Erdikoari, Eskiroz eta Morgaetxeberriaren –Alberdi II.a lesionaturikoaren ordez– arteko lehiarekin. Egun horretan bertan, Zallan, Murua eta Lizeaga elkarren kontra arituko dira.

Larunbatean, aldiz, Sorian, Amiano eta Expositok kanporaketa jokatuko dute, eta igandean, Eibarren, Asperekin debuta egingo duen Rekaldek eta Aldabek itxiko dituzte final-zortzirenak.
A multzoan, Agirre eta Salaberria dira multzo buruak; eta Egiguren V.a eta Senar, B multzokoak.