Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Oiz defendatzen duten pilotariek jokatuko dute Bizkaia Torneoko finala Anboto kaleratuta

Oizek 1-2 irabazi du igande honetan eta Sollube izango du aurkari abuztuaren 18an. Larunbatean bezala, hirugarren partidan erabaki da dema, buruz burukoan, eta hortxe Salaberria Aldabe baino indartsuagoa izan da bi setetan irabaziz. Polemika lau eta erdiko sakearen arau berriarekin etorri da.

Peio Etxeberriak lehen puntua eman dio Oizi Darioren aurkako lau eta erdiko partidan.
Peio Etxeberriak lehen puntua eman dio Oizi Darioren aurkako lau eta erdiko partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Argi dago Bizkaia Torneoa pentsatu zuenak pilotazaleen mesederako pentsatu zuela, eta ez kazetarientzat. Hiru partida jarraian jarraitzea –sei, larunbatekoa kointuan hartzen badugu ere; edo bederatzi, ostiralekoarekin– gogorra egiten bada ere, emozioa sortzen duela ere argi utzi behar da.

Igande honetan Oizek lortu du Bizkaia Torneoren finala jokatzeko azken txartela, eta beraz, abuztuaren 18an Sollube izango du aurkari Bilboko Bizkaia pilotalekuan Aste Nagusiaren barnean. Larunbatean gertatu bezala, hirugarren partidan erabaki da dema, buruz burukoan, aurreko bietan 1-1 amaitu ostean.

Pilotaleku guztian jokatutako neurketan, aldiz, emozio gutxi egon da, Iker Salaberria nagusitasunez gailendu baitzaio Joseba Aldaberi bi setetan (3-10 eta 7-10). Anbotoko pilotariak bigarren setaren amaieran izan ditu tantorik ederrenak, 6-8 jarri denean, adibidez. Sakearekin zabalera bidali du pilota, Salaberriak eraman egin du, baina Aldabek ezkerrez bi pareta ikusgarriak egin ditu tantoa lortzeko. 7-8 ere ipini da, baina hortxe amaitu da esperantza, Salaberriak hobeto amaitu baitu neurketa.

Lau eta erdian, Peio oso nagusi eta polemika

Larrabetzuko jaialdia ireki duen partidan, Peio Etxeberriak ez du arazo askorik izan Dariori 0-2 irabazteko (7-10 eta 0-10). Neurketan zehar, Jokin Altuna elkarrizketatu dute telebistan eta kaiolan hemendik aurrera sei eta erditik atera beharrean, lau eta erditik ateratzeko aldaketagatik galdetu diote. Amezketarra deseroso azaldu da erabaki honekin, gehienbat «denen artean» hitz egiteko gauza bat delako eta «sakeari garrantzia ezin zaiolako kendu».

Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak adierazi duenez, pilotariei azaldu zaie aldaketa hau, ez dela bakarrik Bizkaia Torneoan izango, baizik eta txapelketa ofizialetan ere, eta Altunak erantzun du bakarrik torneo honetarako jakinarazi zietela erabakia, ez gainontzeko txapelketetarako. Dario iritzi berekoa agertu da partida ostean, egunean bertan jakin duela erabakiaren berri eta errioxarra ironikoa ere izan da: «Agian euskaraz azaldu zuten eta ez nintzen enteratu».

Polemikak alde batera utzita, Dariok asko sufritu behar izan du. Bere armarik onenetarikoa sakea denez, aldaketarekin ezin izan du asko aprobetxatu, baina bai, ordea, Peio Etxeberriak. Lehen setean zazpi tanto egin ditu lehen pilotadarekin. Egia da horietatik bi gora joan zaizkiola jarraian –eta aurreko tanto bat ere goiko koltxoira bidali du pilota–.

Gainera, lehen joko horretan mina hartu du eskumuturrean errioxarrak eta bigarren jokoan asko nabaritu du. Nafarrak ez dio agintzen utzi eta agresibitate gehiagorekin ekin dio bigarren setean. Hemen ere beste hiru sake lortu ditu Etxeberriak, horietako bat zabalean (0-10).

Binakakoan, Altuna-Martija bikain

Bigarren partidak hiru set izan ditu (5-10, 10-2 eta 5-1), Larrabetzuko pilotazaleen emoziorako. Altuna III.a-Martijak oso ondo hasi dute neurketa, ziztu bizian 3-0 jarri baitira aurretik. Baina Elordi-Zabaleta garaiz esnatu dira eta bostekoan berdintzea lortu eta gero, buelta eman diote markagailuari bost tanto jarraian eginda.

Bigarren setean dena aldatu da. Hasierako 5-0eko partzialak min handia egin die urdinei. Altunak bere erremate-ikuskizuna hasi du eta Martijak maila bikaina eskaini du atzean. Jotzen zituen pilotakada guztiak ezkerrez erantzun behar izaten zituen Zabaletak. 10-2koak dena esaten du.

Eta hirugarren set erabakigarrian gauzak ez dira asko aldatu. Gorriek bereak egiten jarraitu dute, atzean Zabaleta asko zigortuz. Atzelari nafarrak oso atzean jotako pilotakada batekin egin du 4-1ekoa, baina iraulia gertatu baino lehen, Altunak amaitu du partida ezkerrez txokoan.