Eguzki-plaken itsaso zabal batek Txinako basamortuak estali ditu
Barne Mongoliako basamortuak aldatzen ari dira. Begirada desitxuratzerainokoak diren eguzki-panelen itsasoek eskualdeko paisaia eta ekonomia eraldatu dituzte. Eta Txinak planifikatu dituen helburuak betez gero, berotegi-efektua duten gasen isurketei koska handia kenduko lieke.

Txina iparraldeko basamortuetan, lehen dunak eta harea besterik ez zegoen tokian, itsaso urdin bat bere lekua hartzen ari da. Historikoki ikatza landu eta ekonomiaren zutoin izan duen Barne Mongolian beste energia mota bat nagusitu da. Milaka, ehunka mila, eguzki-plaka dira, eremu itzelak hartzen dituztenak, Asiako erraldoiaren trantsizio energetikoaren erakusle, munduko lehen ekonomiaren elikagai.
Txinan basamortuko itsaso urdin berri hori sinbolo bat da, konpromiso batena. Hain zuzen, iragan astean Xi presidenteak Nazio Batuen Erakundean berretsi zuena: 2035. urterako herrialdeak isurtzen dituen berotegi-efektuko emisioak %7 eta %10 artean gutxitzea, aurreikusten den isurtze handieneko urtearekiko (aurten). Ez da ahaztu behar Txina dela munduan berotegi-efektua duten gasen isurtzaile nagusia.
Bada, broma gutxi herrialdeko basamortuetako eremu zabalak hartuko dituen eguzki-plaken itsaso urdinarekin. Energia-trantsizio horren katebegi funtsezkoa dira, eta Txinako ekonomia planifikatuaren efizientzia ezagututa, aurreikuspenak benetan ikusgarriak dira: 2022. eta 2030. urteen artean, Europako herri nuklearizatuena den Frantziaren gaitasun elektrikoaren hirukoitza aterako da eguzki-plaken instalazio horietatik, planifikatu eta nazioarteari begira argitaratu dituzten txostenetan irakur daitekeenaren arabera.
Apustua ez da errenta
Sateliteen irudiak aztertuz gero, azken hamar urteotan Txinako basamortuetan energia fotovoltaikoak izan duen zabalkunde azkarra ikusi daiteke. Kubuqi basamortuko Ordosen, AFP berri-agentziak bertatik baieztatu duenez, hareazko 100 kilometro karratu estali dituzte eguzki-plakekin (Paris edo Lisboaren hedaduraren parekoa).
Baina apustu erraldoi horretan ere dena ez da errenta.

Desafioak tamaina berekoak dira, erraldoiak: harea-ekaitzek instalazioak hondatu ditzakete eta tenperatura altuegiek zelulen efikazia gutxitzen dute. Are, eguzki-paneletan harea pilatzen denez, ur asko behar izaten da garbitzeko, oso lehorrak diren eremuetan.
Zailtasun horiek arintze aldera, Kubuqiko panelak automatikoki garbitzen dituzten haizagailuekin hornituta daude. Bestalde, bi aldeko teknologia erabiltzen dute harean islatzen den argia jasotzeko.
Basamortuetatik hirietaraino, kontsumo-guneetaraino, dagoen distantzia beste demontre bat da. Kubuqiko eguzki-instalazioek, adibidez, Beijing, Tianjin edo Hebeiko eskualdeak energiaz hornitzea dute helburu, urrun dauden eremuak. Horrek transmisio- lineen kongestio-arazo bat egon daitekeela adierazten du. Eta horregatik, hainbat eskualdetan, jada proiektu berrien onarpena murrizten ari da.
Ikatza mantentzen da
Garapen itzel horrek, baina, ez du ikatza albo batera utzi. Aurten ikatzetik sortutako elektrizitate ekoizpen handiak martxan jarri ditu Txinak, 2016tik inoizko handienak, Global Energy Monitor agentziaren arabera. Kubuqin bertan, kedarrez zikindutako kamioiak eta ikatzez betetako trenak, edo kea dariela ia zeruraino iristen diren tximiniak ikatz- industriaren indarraren erakusle dira.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas
