NAIZ

Abenduaren 27an Miribillan «bildu eta euskaltzaletasuna pizteko» deia egin du Kontseiluak

«Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa», adierazi du Kontseiluak. Lehenbiziko urratsa abenduaren 27an Miribilla «euskaltzaletasunaren bilgune handi» bihurtzea izanen da.

Kontseiluko kideen eta euskalgintzako ordezkarien agerraldia Bilbon.
Kontseiluko kideen eta euskalgintzako ordezkarien agerraldia Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Urtebete igaro da Kontseiluak euskararen egoerari «larrialdi linguistiko» izena jarri zionetik. Eta, tamalez, larritasuna areagotu egin da ordutik. «Azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia da, hau da, etorkizuna dago jokoan», nabarmendu du Idurre Eskisabel idazkari nagusiak astearte honetan, euskalgintzako ordezkari eta norbanako euskaltzale ugarirekin batera Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Geroa dago jokoan eta, horregatik, itxaropen mezu bat zabaldu du. Abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko dira Miribillan euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldian.

Iazko Euskararen Egunean Kontseiluak azaldu zuen bere gain hartuko zuela larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. Horretan ari da. Orain bi aste, irailaren 26an, ekarpen bat egin zuen: 110etik gora eragile sozialekin osatutako Batuz Aldatu dinamikaren ildotik proposatutako euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza. «Adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza-politika baterako oinarriak proposatzeko gai izan gara. Hurrengo urratsa, hurrengo konpromisoa, adostasun hori zabaltzea da».

Bide horretan funtsezko ikusten du euskara kinka larrian izan den bertze momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. «Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea. Milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Eta, batik bat, milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik», baloratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Musikaz betetako ekitaldia

Euskararen aldeko bilgune nagusiak argi du: «Euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa».

Hain zuzen ere, zabaldu nahi duen itxaropen mezuaren parte da honako gonbidapena: datorren abenduaren 27an Bilbao Arena –Miribillako kirolgunea– euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzea. «Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa delako guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea».

Horretarako lehen gune bihurtu nahi du Abenduaren 27ko ekitaldia. Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izanen badu unibertso bat behar du, zentzua emanen dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen duten unibertsoa. Beraz, kultur kutsukoa izanen da ekitaldia, eta xehetasunak aurrerago aletuko badituzte ere, musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izanen dute.

Sarrerak

Aretoak hala eskatzen duelako ezinbertzekoa da bertara joan nahi duen guztiak sarrera bat izatea, eta badaezpada lekua hartu eta gero ez joateko tentazioari nolabait aurre egiteko 10 euroko ekarpena egin beharko da. «Ekarpen honek artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko digu, baina garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena euskaltzaleon bilgune handi bihurtzea izango da. Beraz, sarrera erosi eta gero joaterik ez duenak, eman diezaiola sarrera etorriko den norbaiti», gomendatu dute.

Sarrerak urriaren 16tik aitzinera izanen dira eskuragarri Pizkundea.eus webgunean.

«Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa. Egin dezagun lehen urratsa Abenduaren 27an, bil gaitezen eta piztu dezagun euskaltzaletasuna. Etorkizuna dago jokoan, euskaltzaleon garaia da!», egin du dei Kontseiluak.

Larrialdia areagotu egin da

Aunitz eta agerikoak dira azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak. 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoak, adibidez, erakusten du Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaisten ari dela oraindik. Nafarroan, hamar ikasletik seik ez du bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik. Euskararen aldeko hizkuntza-politika sendoenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomi Erkidegoan ere gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak.

Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak. Sarri, euskara erabiltzeko aukera murritza da erabilera handitzeko mugarik handiena.

Joan den uztailean aurkeztu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Siadecok bere enkarguz egindako proiekzio demolinguistikoa. Horren arabera, 2036an Hego Euskal Herrian ez da arnasgune beterik geldituko; hau da, euskararen erabilera %80tik goitikoa den herririk. Eta arnasgune erasanak ere –erabilera % 60 eta %80 bitartekoa da horietan– desagertze bidean egonen dira: biztanleen %0,2 bertzerik ez da biziko eremu horietan».

Orokorrean, arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Horri guztiari erantsi behar zaio azken hamarkadetako joera izan bada hezkuntzaren bidez hiztunak irabaztea, Nafarroa galeran sartzear dela berriro: %12,1 ziren 2001ean; %14,9 2021ean; eta %11,8 izanen dira, proiekzioaren arabera, 2036an.

Minorizazio gorrian

Honek guztiak, azken buruan, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri ematen duela ohartarazi du Idurre Eskisabelek, egiturazko arazo baten berri. Ezin baita ahantzi euskara ofiziala bere lurraldearen zati batean baino ez dela: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zati batean. Nafarroa gehienean, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, ez du ofizialtasunik. Hau da, gutxieneko nor izatearen aitortzarik eta, horrenbestez, hizkuntza-politikak segurtasunez eta iraunkorki egiteko aukerarik.

Era berean, oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari dela azaldu du, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak eraisten ari baita. «Desofizializazio prozesu batean gaude. Larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz», baieztatu du Kontseiluko idazkari nagusiak.