NAIZ

Euskaltzaleak Arantzazun: «Mundua aurka dator, baina guk euskara dugu munduaren alde»

«Euskaltzale izatea euskararen normalizazioaren alde egotea ez ezik, minorizatutako hizkuntza guztien alde egitea da. Justizia, berdintasun eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat», aldarrikatu du hainbat euskaltzale erreferentek Arantzazun, «euskararen Pizkundearen aterpe nagusian».

Euskaltzaleen agerraldia izan da ostegun honetan Arantzazun.
Euskaltzaleen agerraldia izan da ostegun honetan Arantzazun. (Jon URBE | FOKU)

Euskaltzaleon garaia dela adierazi du euskaltzale erreferente ugarik Arantzazun, mundua euskaraz pentsatzeko, egiteko, gozatzeko eta bizitzeko ekimenen (h)abialeku behinenean. Itxaropenerako deia egin dute bertatik, euskararen Pizkundearen parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. «Itxaropena egitea da eta guztion esku dago horretan eragitea», erran dute, eta heldu den abenduaren 27an Bilbao Arenan Pizkundearen lehen txinparta piztera animatu dute jendea. «Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!».

Jakina, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat ere badela oroitu dute: «Hizkuntza-supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa –eta, horrenbestez, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua–».

Defendatu dutenez, euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik, minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea da. «Azken batean, justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat, errotik demokratizazioarekin uztartzen dena. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko jarrera politiko bat. Mundua hizkuntza minorizatuen kontra dator, baina guk euskara eta gainerako hizkuntza zein kultura minorizatuak ditugu munduaren alde».

Erreferenteak

Kontseiluko zuzendaritzakideez gain –Idurre Eskisabel idazkari nagusia buru–, euskalgintzako ordezkariak bildu dira Arantzazun, euskaltzaletasunaren barreiatzaile eta itxaropenaren hedatzaile izan den leku berezi honetan. Jakin-en emaria, euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, Ez Dok Amairu, arte plastikoen proposamen abangoardista eta aldi berean herriari lotuak... Horiek guztiek dute, gutxienez, ernamuin bat Arantzazun. 

Aitor Bengoetxea (UEU Udako Euskal Unibertsitatea), Amaia Balda eta Ainhoa Lasa (Emun), Laida Begiristain eta Marian Bidegain (Maizpide Euskaltegia), Haritz Azurmendi (Jakin), Gotzon Gomez, Asun Elorriaga eta Gemma Telletxe (Gerediaga Elkartea), Joxepa Madariaga (Gerriko Elkartea), Gorka Torre (Euskal Konfederazioa) eta Martin Aramendi (UEMA) elkartu dira.

Erreferentziazko euskaltzaleak ere bai: Kontxita Beitia (Andereñoen mugimenduko aitzindaria), Miren Azkarate (Lakuako Kultura Sailburua 2001 eta 2009 artean), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia) Mertxe Mujika (AEK-ko koordinatzaile ohia), Lorea Agirre (‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria), Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia), Baionako Etxepare lizeoko ikasleak eta Azterketak Euskaraz! mugimendua.

Bertaratu gabe ere atxikimendua eman dute erreferentziazko hamaika euskaltzalek: Mari Karmen Garmendiak (Hizkuntzalaria eta Lakuako bozeramaile eta Kultura sailburu izana 1995 eta 2001 bitartean), Paulo Agirrebaltzategik (‘Jakin’ pentsamendu aldizkaria sortu zuen taldeko kidea) eta Sagrario Alemanek (Euskaltzain osoa eta helduen euskalduntze-alfabetatze eremuko aitzindaria), bertzeren artean.

Euskaltzaletasuna, lehen lerrora

Euskararen etorkizuna jokoan dagoela eta berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari Pizkunde berri bat emateko unea dela nabarmendu dute. «Eguneroko milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, baina ahaztu gabe herritar bakarkakoen jardun horren gainetik euskararen normalizazio eta biziberritzeak ezinbesteko dituela erabaki politikoak: ofizialtasuna behar duela euskarak Iparraldean eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaiola Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oldarraldi judizialaren bidez gertatzen ari den desofizializazio prozesuari. Are, jauzi bat eman behar dela euskararen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko».

Hizkuntza-politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugula berretsi dute, eta «kultura denez euskarak zentzua hartzen duen salda amniotikoa euskarazko kulturaren aldeko politika anbiziotsuak behar ditugu», erantsi dute.

Krisi sistemikoen parte

Errotonda, bidegurutzea, moteltzea, etena, minbizia… Azken urteetan hitz sorta hori guztia erabili da euskalgintza askotariko eta zabaletik ezinegon baten berri emateko: euskararen etorkizunak sorturiko kezka adierazteko. Izan ere, datuek, ikerketek eta aurreikuspenek normalizazio eta biziberritze prozesuan atzera egiteko arriskua handia dela agerrarazi dute. Bertze era batera erranda, duela mendi erdi pasa hasitako Pizkunde zikloa agortu delako zantzuak gero eta nabariagoak dira.

Hori guztia aintzat harturik, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi zuten Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek orain urtebete. Aitzinetik katalanek eta galiziarrek egindako adierazpenarekin bat egin zuten horrela, eta, aldi berean, bere egin zuten mundu aldrebestu honetan ugaritu zaizkigun krisi sistemikoak izendatzeko terminologia.

«Hizkuntza-larrialdia krisi sistemiko horien parte baita, globalizazioaren muturreko aldaera honek eta bizitzaren digitalizazioak eremu guztietan egiten baitu indartsua indartsuago eta zaurgarria zaurgarriago; hizkuntzen auzian, hizkuntza nagusiak nagusiago eta euskara bezala minorizatuta daudenak oraindik eta ahulago», ohartarazi dute.

Hala ere, larrialdian gaudela adieraztea «ez da lantua jo eta etsitzeko dei bat»; aitzitik, «euskarari Pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia ekartzea» da. 

«Euskaldunok, euskaltzaleok, asko dakigu hortaz. Euskaltzaletasuna, muinean, itxaropena baita. Itxaropenak baino ez dezake azaldu XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketa hartan Lore Jokoak, Euskaltzaindia edota Eusko Ikaskuntza sortu zuten euskaltzale haien denen ekina. Zaldubirena, Larrekorena, Orixe, Lizardi, Lauaxetarena, eta, nola ez, emakume izateak zailtasunak erantsi zizkien Errose Bustintza, Tene Mujika edota Elbira Zipitriarena. Eta horiekin batera, eguneroko bizimodu txiki baina funtsezkoan milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, zigor eta gutxiespenei aurre eginez, euskarari mundu bat ematen segitu zutenena», baloratu dute.