Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Pello Rubio «Txillarreko sukaldariaren» bizipenak jaso dituzte liburu batean

Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martinek Pello Rubiorekin elkarrizketan ondu dute Elkarrek argitaratu berri duen ‘Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan’ liburuan. Elkarrizketa horien alderdi «humanoa» landu dute, eta bakegintzan lan isilak duen garrantzia azpimarratu.

Edurne San Martin, Pello Rubio eta Asier Ibaibarriaga, liburuaren aurkezpenean.
Edurne San Martin, Pello Rubio eta Asier Ibaibarriaga, liburuaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

Txillarreko sukaldeak zer esan handia eman du euskal politikagintzan. Mahaiaren hirugarren hankari begiratu diote Asier Ibaibarragak eta Edurne San Martinek ‘Txilarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa’ liburuan. Otordu horiek emandako fruitu politikoak ezagunak izan dira, ez ordea baserriko jabe, sukaldari, bitartekari, txoferraren bizipenak, «egin beharreko lan isilaren» ondorioak. 

Elkarreko editorea den Xabier Mendigurenek egin ditu aurkezpenak, eta aitortu du  proposamena jasotakoan bazekiela on egingo ziola euskal liburugintzari, euskal memoriari edota euskal gizarteari: «Banekien dudarik gabe onerako izango zela». Eta umorez, zera gehitu du: «Ez da sukaldaritza liburu bat, nahiz eta errezeta batzuk jaso dituzten».

Edurne San Martinek kontatu du «kasualitate baten ondorioa» dela liburua: «Eibarko herri bazkari batean suertatu zen Pellok nire ondoan bazkaltzea, ez nuen ezagutzen, baina bazkalostean hasi zen anekdota batzuk kontatzen eta txundituta geratu nintzen, eta esan nion: hau ezin duzu zuretzat bakarrik gorde, hau kontatu egin behar duzu». Eta ezetzik esan ez zionez Asier Ibaibarriaga lagunari proposatu zion, honek baietz esan eta liburu bat ez ezik, ikus-entzunezko lan bat ere egin behar dela erantzun zion, eta hori ere egin dute HP produkzioak taldeko kideen laguntzarekin.

Hainbat bazkariren ostean «konfiantza» lortu eta Txillarrera joan ziren bi elkarrizketatzaileak kamerekin. Rubiok hamabost bat orri idatzirik zituen, haurtzarotik hasi, nerabezaroko eta fabrikako istorioak zeharkatu eta Txillarreko mahairaino. «Ez da hausnarketa politiko bat, hau Pello da, guk fokua berarengan jarri dugu, eta zergatik Pello, edozein herritar sartzen den horrelako saltsa batean, kasik goi mailako politikako kontuetan», adierazi du San Martinek.

Ibaibarriagak azaldu du nola Rubiok Paco Egearekin aurrez bazuela harremana enpresako lanak zirela medio, eta Arnaldo Otegi militantzia politikotik ezagutzen zuela; «horrek baldintzatu zuen mahaia nondik sortu, bizipen handiak izan zituen maila pertsonalean». 

Errespetuz eta isilk egindako lana

Hizlari abila eta kontalari aparta da Rubio, eta aurkezpenean ere hori berretsi du, Otegi nola ezagutu zuen kontatu baitu: «Isidro Gabilondo eta ni garai horretan troskoak ginen, gutxi izango ginen baina lan asko ematen genuen, ez ginelako geratzen. Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean, greba orokorra deitu zen, Elgoibarren gu ginen mugitzen ginenak, politikoki herri hil bat zelako. Mugitzen ginenak gorriak ginelako eta gainera adarrak ere bagenitun batzuentzat. Arnaldok 17 urte zituen, garai horretan diktadura bota behar zen, Franco bota behar zen, demokraziaren alde borrokatzen ari ginen –guk orduan eskatzen genuena ez da egun dugun demokrazia–, egun oso hartan borrokan ibili ginen, eta Isidrok esan zidan: ‘Zein da hemen dabilen txabalitoa?’. Eta horregatik deitzen genion txabalitoa. Orain dela 50 urteko grebak oso gogorrak izan ziren eta borroka horretan ibili ginen». 

Lehenago ere tentatu izan diotela bizitako guztia kontatzeko esan du Rubiok, baina ez duela nahi izan, eta San Martin zein Ibaibarriagari baietz esateak «ikuspuntuarekin» lotura handia duela gaineratu du. Pasarte bat falta dela aipatu du Rubiok: «Gauza batzuk ezin izan ditut esan, Alderdi Sozialistarekin lotutakoak». Azalpen gehiago ezin dituela eman aitortu du, baina «Jexuxen [Egiguren] oso defendatzailea» denez, esan egin behar zuela.

San Martinen iritziz, bake prozesuak abiatzeko eredu izan daiteke Txillarrekoa, «lan isila» eginez. Eta Rubio ere ados da. Aitortu du «gauza konplikatuak» gustatzen zaizkiola, bestela, aspertu egiten dela: «Bi mundu ezberdin ezagutzen nituen, eta berdin zait pertsona batek zer pentsatzen duen, errespetatzen bagara, nik ez dut inongo arazorik, errespetua lortu behar da mundu ezberdinetan, eta hori egin dut nik. Hasieran ez duzu helburu bat, ez dakizu nola amaituko duzun, pausoak eman behar dituzu».

Oraindik ere Otegi eta Egigurenekin otorduak egiten dituela gehitu du Txillarreko sukaldariak; mahaiaren bueltaren inguruan elkartzen dira, eta argi esan du politikaz hitz egiten dutela: «Guri gai hori kentzen badiguzu ez dakigu zer esan». Eta laguntasunaren inguruan ere hausnartu du: «Bi gauza gertatu daitezke, edo estutzen duzu harremana eta laguntasun handia sortzen da, edo bakoitza bere bidera joaten da. Eta laguntasun estua lortu dugu Jexuxek, Arnaldok eta hirurok».

Dokumentalak 30 emanalditik gora

Gaiak interes handia sortu duela ikusi dute bi idazleek; 30 emanalditik gora dituzte aurreikusita dokumentalarekin, liburuan bertan dagoen QR-an sartuta trailerra ikusi daiteke. Rubiok esan duenez, dokumentala lehen aldiz ikusi zuenean «ni neu harritu nintzen, ordubete isildu gabe eta patxada batekin, ikusten dut barrutik atera zaidala, hori sentitzen da dokumentalean, eta barrutik atera zait hala bizi izan dudalako urte hauetan». 

Lehen proiekzioa ostiral honetan bertan egingo da Elgoibarren, Musika Eskolan 18.30ean. Eta urtarrila bitarte hamaika geltoki izango ditu: Eibar, Lekeitio, Ermua, Lizartza, Zumaia...