
Araba Euskarazen aurreko lau edizioak, pandemia ostekoak, herrialdeko zortzi ikastolek elkarrekin antolatu dituzte eta Gasteizen ospatu dituzte laurak. Datorren urtean aldaketa batzuk izango dira. Lehena, ez dela hiriburuan ospatuko, Amurrion baizik. Bigarrena, Aresketa ikastolak hartuko duela antolaketaren pisu handiena, beste zazpi ikastolak ere hor egongo diren arren esku bat luzatzeko.
Amurrion ostegun honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, «antolaketa tradizionalera itzuli gara eta hauek dira arrazoiak: Aresketa ikastolako komunitateak nahikoa indar eta gogo dituela Araba Euskaraz antolatzeko eta Amurrion ospatu nahi dutela Araba Euskaraz».
Izan ere, Aresketa Ikastolaren proiektua ezagutarazi eta zabaldu nahi dute jaiari esker, «euskara eta haren transmisioan, kulturartekotasunean eta giza balioetan oinarritutako komunitate zabal eta anitz baten eraketan urratsak emanez». Eta eguneroko bizitzan euskararen presentzia areagotu nahi dute, «euskaldunak direnengan hizkuntzarekiko euren konpromisoa zein garrantzitsua den ohartaraziz».
Era berean, hezkuntza komunitate osoaren arteko elkarlana bultzatzea da xedea, «herritik eta herriarentzat lan eginez, euskarak batzen gaituen sare sendo eta bizigarri bat eraikitzeko»; eta «kolektibotasunaren eta kooperazioaren balioak berrindartzea, garai zail hauetan elkartasunaren taupada berpiztuz eta auzolana bezalako sustrai sendoak berriz ere plazara ekarriz».
Leloa eta logoa
‘Taupadak berpiztu!’ da 2026ko Araba Euskarazentzat aukeratutako leloa. Esan dutenez, «taupadek erritmoa markatzen dute, taupadek esaten digute bihotza martxan dugula. Taupadek adierazten dute bizirik gaudela. Eta euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik burura eta mihira eramateko».
Gainera, «azterketek eta datuek esaten digute euskararen erabilerak erritmoa galdu duela, ezagutza eta erabilera deskonpasatuta doazela. Korronte zuzeneko txinparta bat behar dugula bihotzera. Hori egitera goaz Amurriotik Araba osora, bulkada handi bat ematera euskarari, taupadak berpiztera. Gizartearen loturak berreraiki, nortasuna landu, elkartasuna bultzatu eta euskararen taupada berpiztu nahi dugu».
Logotipoari dagoikonez, bihotz baten erdira doan eta zeharkatzen duen txinparta bat aukeratu dute. «Hain zuzen ere, taupadak berpizteko korronte zuzeneko txinparta bat da; bihotzaren inguruko marratxoek mugimendua ematen diote bihotzari, taupaka jartzen du berriro, alegia, taupadak berpizten ditu», adierazi dute.
Ekimenak, azarotik hasita
Araba Euskaraz eguna ekainaren 14an izan arren, ikasturte osoan Amurrion, Aiaraldean eta Gasteizen jarduerak eta ekitaldiak antolatuko dituzte. Azaroaren 9an auzkezpen jaia izango da Amurrion; abenduan Gazte Talent lehiaketaren finala Gasteizen; urtarrilaren 25ean Go!azen-ek eskainitako kontzertua hiriburuan; otsailean eta martxoan kirol jarduerak antolatuko dira; eta apirilean kanta aurkeztuko da.
«Araba Euskaraz egunari begira, berriz, aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko ditugu. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena. Erakundeek eta babesleek eta laguntzaileek tokia izango duten jaia izango da», gaineratu dute.
Gogoratu dutenez, 1977. urtean sortutako ikastola da Aresketa. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 600 ikasle baino gehiago duen irabazi-asmorik gabeko kooperatiba elkartea da, Euskal Herriko Ikastolen partaidea, «hasierako helburu haiekiko leial segitzen duena eta, etengabean, Amurrioko zein Aiaraldeko familiei kalitatezko hezkuntza euskalduna bilatzen diharduena».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

