BABESLEDUN EDUKIA

Bizkaiak jaietan jarraituko du Basauri eta Durangoko sanfaustoei esker

Bizkaian jaietako egitarauak aurrera jarraitzen du eta asteburu honetan hasita, San Fausto jaiak ospatuko dituzte Basaurin eta Durangon. Bi herrietan, egitaraua urriaren 19ra arte luzatuko da eta, urtero moduan, kuadrillek protagonismo berezia izango dute.

Basauriko kuadrillak kalejiran irtengo dira larunbata arratsaldean.
Basauriko kuadrillak kalejiran irtengo dira larunbata arratsaldean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Basaurin larunbata arratsaldeko 19.00etan botako du txupinazoa Yeray Gonzalez atletak, hamabi hilabetetan beste hainbeste maratoi solidario egin dituen herritarrak. Berarekin batera izango dira herriko kuadrillak eta, nola ez, jai guztietan kalean ibiliko den Eskarabilera pertsonai famatua. Suziria botatzen duen unetik, festa giroa lehertuko da Basauriko kaleetan eta hamar egunez luzatuko da egitaraua, 200 ekitaldi baino gehiagorekin.

Ohikoa den moduan, aurten ere ez dira faltako San Fausto jaiei izaera ematen dien ekitaldi herritarrak, hala nola kuadrillen artekoak eta gastronomia arlokoak. Horrela, igandean 900 lagun elkartuko dituen indaba-jana egingo da (aurten 30. edizioa izango da), eta astelehenean, San Fausto egunean, 3.600 kide bilduko dira kuadrillen bazkarian. Hurrengo igandean, hilak 19, lehenbiziko aldiz sukalki txapelketa antolatu da.

Elkartasunak ere tarte berezia izango du aurtengo jaietan. Horrela, kuadrillek hainbat ekitaldi gastronomiko antolatu dituzte gaisotasun arraroa duen Laia Arteaga Perez zortzi urteko neskatoaren alde dirua biltzeko. Igandean, bestalde, Gaizka Hernandez Yague galdakaoko gaztearen aldeko azoka zabalduko da.

Musika arloari dagokionez, erromeriak, disko-festak eta dantzaldiak izango dira egunero, honako taldeekin: Lehian eta Gard3n (larunbata 11), Sua (igandea 12), Javier Ojeda (astelehena 13), Zirkinik Bez eta Andoni Ollokiegi (asteazkena 15), La Década Prodigiosa (osteguna 16), Chicos de Barrio, Bun Castigo eta La Reina Show (ostirala 17), eta Despistaos eta Jaguar orkestra (larunbata 18).

Informazio honen babesleak: Basauriko Udala, Bar Amaya, Txoko-Mex, Politena jatetxea.

Durangoko txupinazoa ostiral arratsaldean izango da. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Durangon, ostiral honetan

Durangon egun bat lehenago hasiko dira festak, ostiral honetan (urriak 10), arratsaldeko 19.00etan San Fausto auzoan Patxikotxuri egingo dioten ongi etorriarekin. Ordubete beranduago, txupinazoa botako du San Fausto Gizarte Zentroak bere 50. urteurrena ospatzeko, eta gaueko 21.00etan txosnagunean ere txupinazoa botako dute Gaztetxearen eskutik.

Herri honetan ere urriaren 19ra arte luzatuko dira jaiak, 160 jarduera baino gehiago biltzen dituen egitarauarekin. Horiek guztiak herriko elkarte eta talde ugarirekin elkarlanean antolatu dituzte.

Aurten ere, jaiek izaera herrikoi eta tradizionala izango dute. Urriaren 11n Sukalki Eguna ospatuko da Landako gunean, eta Euskal kantuen saioak izango dira Josepa Kalez Kale eta Egundoiren eskutik, eta Taberna Ibiltariaren parte-hartzearekin. Euskal dantzak Patxi eta Konpainia taldearen eskutik iritsiko dira, eta lehen mailako bertso-saioa ere izango da hurrengo ostiralean (hilak 17), Irune Basagoiti, Unai Iturriaga, Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeitia eta Miren Artetxe bertsolariekin.

Egitarauak haur eta gazteentzako jarduera bereziak jasoko ditu, eta aurten nabarmentzekoa da haurrentzako Ene Kantak talde ezagunak igandean eskainiko duen emanaldia. Hain zuzen, musika arloa izango da egitarauaren beste ardatz nagusietako bat. Kontzertu nabarmenen artean Bulego (ostirala 10), Kaparrak eta Sukena (larunbata 11), Gatibu (ostirala 17) eta Luhartz (larunbata 18) taldeenak izango dira.

Txosna Batzordeak ere egitarau zabala prestatu du aurtengo jaietarako. Larunbatean (urriak 11) gazte eguneko bazkaria egingo dute, igandean (hilak 12) Palestinarekin elkartasun bazkaria, eta astelehenean (hilak 13) Thor magoa eta erreka jaitsiera.  

Kontzertuei dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Reder, Nekktar eta Zeker (ostirala 10), Euskoprincess, Tatta&Denso eta La Fulana (larunbata 11), DJ Maratoi herrikoia (igandea 12), Odei, Streetwise eta Les Testarudes (ostirala 17), eta Maruxak eta Akerbeltz (larunbata 18).

Informazio honen babesleak: Intxaurre herriko taberna, Opicalia optica.