Colin Haley, bakarkako neguko jardunetan ikusgarri
Eskalatzaile estatubatuarrak estilo eta urte-sasoi horretan Cerro Torreko eta Standhardt Orratzeko lehen igoerak sinatu ditu. Lehendabizikoa 'Ragni' bidetik igo zuen; bigarrena, berriz, 'Exocet'-etik. Bi eskalada horiek egun gutxiren buruan sinatu zituen.

Colin Haley maiz agertu du orriotan. Eskalada alpino bikain ugari egin ditu; horietako asko Patagonian. Bakarka zein sokakideekin. Lehendabiziko estiloari dagokionez, estatubatuarrak argi erakutsi du espezialista handia dela. Eta hain zuzen ere, beste behin, bere bakarkako jardunekin ozen hitz egin du. Harrigarria bada ere, egun gutxiko tartean, Haley gai izan da bi igoera historiko egiten: Cerro Torreko eta Standhardt Orratzeko neguko lehen eskaladak.
Eskalatzaile honek NAIZi adierazi dio Karakorumeko espedizioaren ondoren Chamonixera itzuli eta Patatagoniara joatea otu zitzaiola. Argi zuen helburua, aspalditik mamitzen ari zen Cerro Torreko bakarkako neguko lehen igoera. Hain zuzen ere, 'Ragni' bidetik. Mila metro luze den marra hori Cerro Torreko samurrena izan daiteke; bederen, azken urte luzeotan klasikoa bihurtu da. Hori 'alde' zuen; aurka, berriz, ibilbide horrek duen hurbilketa bidea. Zehazki esanda, mendilerroko luzeena: 45 kilometro.
El Chaltenera iritsi bezain laster, lehen erronkari ekin zion. Lau bidaia egin zituen mendiaren oinarrira tresneria eramaten. Zazpi egun eta erdiko lan gogorraren ondoren, biltegi bat antolatu zuen Filo Rossoko puntu garaienean. Hori, 'Ragni'-tik gertu egoteaz gain, babestuta dago. Behin betiko ekinaldia irailaren 4an hasi zuen. Egun luze batean, eskien laguntzarekin, Cerro Torreko oinarrira iritsi zen. Biharamunean, Filo Rossoko gailurrean zen. Igoera horretan mistoko tarte bertikal batzuk (M4 gehienez) gainditu behar izan zituen.
Haleyk aipatu digun bezala, sekzio horretatik aurrera benetako eskalada hasten da: «600 metroko eskalada nuen aurretik: izotz alpinoa, blokeen artean mistoko luzeak eta elur perretxikoen labirintoa. Irailaren 6an, bibaketik irten eta Esperanza lepora sokaren babesarekin eskalatu nuen. Hortik aurrera, bakarka integralean, sokarik gabe. Uste dut aukera nuela tarte gehiago estilo horrekin igotzeko, baina bizkar-zaku astuna neraman eta sokarik gabe eskalatzeak ez zidan erakartzen».

Azpimarratzeko da protagonistak honek bere lehen eskalada egunean egin zuena; izan ere, 'Ragni'-ren ia luze guztiak patrikan zituen. Soilik azken hirurak falta zitzaizkion. Alabaina, metro horiek eskaladaren giltza ziren. Biharamunean, prest zegoen jardun historiko horri amaiera emateko. Lehen luzea samurra zen, baina bigarrenean lan eskerga egin behar izan zuen: «Antzigarrean ibilbidea zabaltzeko asko garbitu edo zulatu behar izan nuen, eta horrek denbora asko eskatu zidan. Pioletak ondo kokatzea eta babesteko tresneriarentzat leku egokiak aurkitzea oso zaila izan zen. Gainera, mendiaren hego-mendebaldeko isurian azken hilabeteotan serac asko erori dira. Horren ondorioz, azken zatiaren eskuinaldean ez nuen ohiko azukre moduko elurra aurkitu, baizik eta izotz urdina eta arriskutsua. Ez nuen arazorik izan sekzio horretan. Bai, ordea, haizeak eragiten dituen azken tunelak aurkitzeko. Tunel horren ordez, artesi batekin topo egin nuen. Gainera, oso txikia eta estua zen. Gorabehera horiek denbora asko kendu zidaten, eta iluntzeko hamabost minutu geratzen zirenean artesira iritsi nintzen».
Egoera ez zen oso itxaropentsua. Bat-batean, gailurra lortzeko aukerak asko murriztu ziren: Haleyren arabera, %10 edo %20. Elurra eta antzigarra garbitzen ari zen bitartean, zalantzak indarra hartzen hasi ziren. Bi ordu eta erdi lan hori egiten jardun zuen. Artesi horretan trabatuta geratzeko arriskua ere bazegoen: «Beldur handia nuen, hori gertatu izan balitz… Une jakin batean, zulo batetik irten nintzen. Etsipen handia izan zen; izan ere, ez nengoen gailurrean. Oraindik metro bertikal batzuk gainditu behar izan nituen. Zorionez, beste tunel batekin lotu eta oso azkar gailurrean nintzen. Tunel horietan zuloak egiten ibiltzea egundoko eskarmentua izan zen. Pozarren nengoen eginiko igoerarekin, baina presa nuen jaisteko. Rappelatzen ari nintzela, une jakin batean, soka trabatu zen. Ez zen mugitzen. Ez dakit ziur, baina soka errekuperatzeko, agian, 200 tiraldi egin nituen. Ez nuen lortu. Soka moztu eta geratzen ziren metroekin 40 rappel egin nituen».
Bigarrena
Eskalatzaile estatubatuarrak adierazi digu Cerro Torreko eskaladaren ostean oso-oso nekatuta zegoela. Asebete ere bai, mendian beste jardueraren bat egiteko. Baina Haleyk badaki klimarengatik Patagoniak eskalada alpinoak egiteko aukera gutxi eskaintzen dituela. Cerro Torrekoa egin eta sei egunera, beste helburu oso erakargarri batekin buru belarri jarri zen. Standhardt Orratza zen hurrengo urratsa. Berriro ere bakarka eta neguan.
Protagonista honek aurreratu du bi kontuk bultzatu zutela erpin horretan ekinaldi bat egitera: «Eguraldi leiho ikaragarri bat izan zen lehenbizikoa. Bigarrena, berriz, Tommy Bonapacek 1994an orratz horretan 'Exocet' bidetik egin zuen saialdi bikaina: luze baten faltan geratu zen. Garai haietarako eskalada ikusgarria izan zen. Kontuan hartu behar da Bonapacek ez zuela eguraldi iragarpenik. Bai, inspiratu ninduen, eta horregatik 2010eko azaroan Standhardt-en lehen bakarkako igoera egin nuen. 'Exocet' marratik ere. Marc-Andre Leclerc kanadarrak bigarren igoera egin zuen 2020an, baina hasiera zuzen batetik.
«Nolabait esateko, Haleyk 'arantza' bat kendu nahi zuen erpin hori neguan igotzen. Nahiz eta nekatuta zegoen, lagun baten laguntza jaso zuen tresneria garraiatzeko. Helburua pronto zuen. Irailaren 19an, glaziarrean elur sakonean urratsa zabaldu eta Standhardt-eko lepora iritsi nintzen. Goizeko 9etan, berriz, 'Exocet' igotzen hasi nintzen. Nire lehen igoera hori egin nuenetik hamabost urte igaro dira, eta egun askoz ere eskarmentu gehiago dut. Horregatik, sekzio samurretan sokaren babesik gabe igo nintzen. Zailenetan, berriz, motxilatik atera nuen soka. Luze bat igo eta jaisteak energia asko xahutzen du. Horregatik, igoera hau erresistentzian oinarritutako benetako erronka izan zen».

Patagoniako neguan bakarkako bi eskalada egitea handia da oso, eta badirudi oso eskalatzaile gutxi daudela gaitasun hori dutenak. Edo, behintzat, ez dira Haley bezala ausartu. Eskalatzaile estatubatuarrak esan du Standhardt-ekoa errazagoa izan dela: «Alabaina ez da samurra izan. Igoera horretan harritu nintzen oso lasai eta eroso eskalatu nuelako. Agian, atal hori da gehien bete nauena. Duela hamabost urtekoa oso ezberdina izan zen. Gaztea nintzen eta askoz ere eskarmentu gutxiago nuen. Cerro Torrekoa, berriz, oso berezia izan zen. Eskalatzaileon helburuak tontolo batzuen jolas batekin parekatzen ditut. Bakarrik eskalatzea ergelen jolas bat baino ez da. Eta neguan askoz ere gehiago. Bide batez gehitu behar dut jolas guztiek arauak dituztela. Adibidez, negukoa igoerak neguko solstizioaren eta udaberriaren ekinokzioaren artean egin behar dira. Standhardt-ekoa, adibidez, negua amaitu baino egun batzuk lehenago egin nuen. Leclerc-ek, berriz, negua amaitu eta egun gutxira. Hortaz, bi igoera horien artean ia ez da alderik. Alabaina, kanadarrak baino neguko baldintza gogorragoak izan nituen. Aipatutako arau horiek kontuan hartzen baditugu ni naiz bakarka eta neguan orratz hori eskalatu duen lehenbizikoa. Horrekin ez dut esan nahi nire igoera gogorragoa izan denik. Leclerc-ek hasiera zuzenagoa egin zuen, eta, oro har, jarduera zailagoa izan zen».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
