
Euskal Angularien Elkartea ez dago ados Lakuako Gobernuak angulak arrantzatzeko ezarritako debekuarekin. Taldeak esan du, espeziearen egoera kritikoa ulertzen duen arren, gehiegizko neurria iruditzen zaiola. Elkarteko presidente Unai Eizagirreri bidegabea iruditzen zaio arrantza EAEn bakarrik mugatu izana.
Urriaren hasieran Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak azaldu zuen 2025-2026ko angularen arrantza kanpaina bertan behera utzi behar zuela. Espeziearen egoera «kritikoa» adierazten zuten bi txostenen emaitzak jaso ondoren hartu zuten erabaki hori, gaur egun «muga biologiko seguruetatik kanpo» baitago. Era berean, Arartekoak arrantza bertan behera uztearen aldeko ebazpena ere argitaratu zuen ekainean, Lakuako Gobernua erabakia hartzera bultzatuz.
Erakunde ekologistek positibotzat jo zuten albistea, baina arrantzaleen sektorea ez da pozik agertu, bere lan jarduera kaltetuta ikusi baitu. Eizagirrek NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean kontatu zuenez, Lakuako Gobernuak debekuaren berria urriaren 3an, goizeko 8etan «bota» zien, «ez abisurik, ez ezer esan gabe», arrantzaleei egoera berrira prestatzeko denborarik eman gabe. Ondorioz, Administrazioaren «jokabidea txarra eta itsusia» iruditu zitzaiela adierazi zuen elkarteko presidenteak, erabakia arrantzaren sektorea kontuan hartu gabe hartu baitzuen.
Eizagirrek azaldu zuen 2025-2026ko angularen arrantza kanpaina bertan behera utzi izanak angula arrantzaleengan eragin zuzena izango duela, batez ere gazteen artean; izan ere, «haietako batzuek inbertsioa egin dute» eta orain, angulen arrantza debekatutakoan, zorrak ordaintzeko beharrezkoa zuten «lana kendu egin zaie». Horrez gain, erabakiak arrantzale bakoitzaren ekonomian izango duen eragina oraindik ezagutzen ez den arren, sektorearentzat kolpea izango dela onartu dute.
Arazoa konpontzearren, Angularien Elkartea hitz egiteko eta negoziatzeko prest agertu da, eta mahai gainean dauden aukerak berrikusteko eskatu dio Lakuari. Era berean, taldea haserre agertu da Administrazioarekin, arrantzaleen proposamenak entzuteko interesik ez duela adierazi baitu. «Proposamen bat egin dugun bakoitzean debeku bat etorri zaigu gainera», gaitzetsi zuen Eizagirrek elkarrizketan. Eta adibidetzat jarri zuen bere garaian arrantzaleek proposatu zuten angulak birpopulatzeko ekimena, arrazoiren batengatik Gipuzkoan debekatu egin zena.
EREDU BERRI BAT
Elkarteko presidenteak esan zuenez, biologoek egindako planean dauden neurriak 15 urtez bete badituzte ere, ahalegina ez da nahikoa izan espeziearen egoera larria lehengoratzeko. Hori dela eta, konponbide gisa, arrantzaleek Estatu frantsesean duten ereduari jarraitzea proposatu diote Sailari.
Eredu horrek suposatuko luke arrantzan eta angulen salmentan kontrol zorrotzak egitea, harrapariak kontrolatzea eta aingira europarraren espeziea birpopulatzea. Eizagirreren arabera, neurriek emaitza oso onak eman dituzte eta espezie horren arrantzarekin jarraitzea ahalbidetu du, haren egoera okertu gabe.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
