Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Gipuzkoako Lehenengo Emakumeen Ibilaldi neurtua prest lehen urratsa egiteko

Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatutako ekimena heldu den igandean egingo da Errenterian Urdaburu Mendizale Elkarteak lagunduta eta Gipuzkoako foru Aldundiak babestuta. Ibilaldi zirkularra izango da: 12 kilometro eta 330 metroko desnibela.

Gipuzkoako Lehenengo Emakumeen Ibilaldi neurtua datorren igandean egingo da.
Gipuzkoako Lehenengo Emakumeen Ibilaldi neurtua datorren igandean egingo da. (GMF)

Gipuzkoako Mendizale Federazioak ia bi urte daramatza Berdintasunaren Plana «astintzen». Zutabe sendo horrek azken hilabeteotan hainbat jardueratan edo ekimenetan isla izan du. Horrekin esan nahi dugu mendizale erakunde hori emakumeei begira jarri dela eta hainbat proposamen egin dizkiela: orientazio ikastaroa, mendi ibilaldiak, eskalada ikastaroa…

Heldu den igandean, berriz, beste jarduera batek protagonismoa izango du. Gainera, berria da: Gipuzkoako Lehenengo Emakumeen Ibilaldi neurtua. Lehen ekitaldi horrek Urdaburu Mendizale Elkartearen laguntza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Eta Urdaburu aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Errenterian bertan hasiko dela ibilaldi neurtu hori.

Federazioaren Berdintasun Plana aipatu dugunez, erakunde horrek gogoratu nahi du konpromiso argia duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde federazio-eremu guztietan: «Izan ere, tradizioz, mendizaletasuna eremu maskulinoa izan da, eta emakumeak ez dira bertara erraz iritsi. Gainera, genero bakoitzari sozialki esleitutako estereotipoek eta rolek baldintzatu eta mugatu dute emakumeen parte-hartzea. Konpromiso horren ondorioz, Berdintasun Kontseilua eratu zen, gehien bat emakume mendizaleek osatuta, eta talde horren lehen helburua aipatutako Berdintasunerako Plana sortzea izan zen. Berdintasun Kontseiluak gaur egun ere lanean jarraitzen du hura gauzatzeko, eta emakumeei soilik zuzendutako mendi ibilaldi hau Berdintasunerako Planaren ekintzen barruan kokatu behar da».

Deialdia

Aurreratu dugun bezala, ekimen berri hori heldu den igandean, hilak 19an, egingo da. Lehen ibilaldi neurtu horretara bertaratuko direnak goizeko 9:00etatik 09:30ak bitarte elkartuko dira Urdaburu Mendi Elkarteak Errenterian duen egoitzan. Eta hortik aterako dira 12 kilometro eta 330 metroko desnibela dituen txango neurtua egitera. Maila eta erritmo guztietara egokituko da ibilaldia. Amaitu ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango du parte-hartzaile orok. 

Bide batez, GMF-k honakoa gehitu nahi du: «Kirol praktika hori egiteaz gain, inguruko herrietako emakume ezberdinak ezagutu, esperientziak partekatu eta egun zoragarri bat pasatzeko aukera izango dugu. Egun horretarako kamisetak egin dira, eta parte-hartzaile bakoitzak, ibilbidea hasi aurretik, kamiseta jasotzeko aukera izango du egunean bertan».

Ekimenaren prezioa, urriaren 15a arte, 5 eurokoa izango da, eta hori egin daiteke mendizale erakundearen web gunean. Egun horretatik aurrera, 10 eurokoa izango da eta izen-ematea irteera puntuan bertan egin daiteke. 16 urtetik gorakoentzat izango da Gipuzkoako Lehenengo Emakumeen Ibilaldi neurtua: «Beraz, ez egin zalantza, emakume, motxila hartu, eta goazen ahots batez mendiak ere gureak direla aldarrikatzera!».