
Euskaltegiak sobera ezagutzen ditu Andoni Tolosak. Idazle eta, Morau goitizenez, musikari izateaz batera, hernaniarrak urteak daramatza AEKn lan egiten eta «bizipen eta emozio» horiei helduta ondu du ‘Puzzle bat osatzeko moduak’ (Elkar), A2 mailako euskara ikasleentzat egokia den irakurgaia.
Kontakizuna ‘Maleta bat igogailuan’ (Elkar, 2022) eleberriaren segida dela azaldu du Elkarreko editore Nerea Antxiak liburuaren aurkezpenean. Orduko hartan, A1 mailako ikasleei zuzendua, euskaltegi batean zebilen Hektorren gorabeherak aurkeztu zizkigun Tolosak eta orain, maila bat igota, ikasturtea kili-kolo daramala sentitzen hasiko da pertsonaia.
«Iaz egon zen euskaltegian eta nahiko pozik bukatu zuen, baina berriro apuntatu da, abiatu da ikasturtea eta agobiatzen hasi da, pentsatzen baitu ez dela aurrera egiten ari: krisi batean dago», azaldu du autoreak. Puntu horretan dagoela, bera bezala krisian dagoen euskara irakasle batekin egingo du topo Hektorrek: «Liburuak kontatzen du bi pertsona horiek zer egiten duten krisi horietatik irteteko. Eta, noski, hori egiteko dituzte bere gelako lagunak, kaleko lagunak... denen artean aurrera egingo dute krisi hori pasatzeko».
Liburuarekin euskaltegiko ikasle eta irakasleei omenaldia egin nahi diela ere gaineratu du Tolosak. Ikasleei, batetik, «euskaltegira joan eta ikasteko ahalegina egiten dutelako», eta irakasleei, bestetik, «ze euskaltegiko irakasleen lana askotan ez dago baloratua». Esan duenez, «askok bigarren mailako irakasle» gisa ikusten dute euren burua «eta kasu honetan irakasleak protagonismoa hartzen du, hor badago aldarrikapen bat».
Zentzu horretan, pasarteak eraikitzeko inguruko euskara irakasle eta ikasleak izan dituela ardatz ere agertu du, «hortik dator liburuaren mamia».
Ilustrazioak, esan bezala, Iñaki Barberena ‘Mattin’-ek egin ditu. Aurkezpenean azaldu duenez, lana aurrera ateratzea «erronka ederra» izan da eta elkarrekin «zubilan bat» egin dutela sentitzen du: «Krisia aipatzean niri burura etorri zait zubia, nolabait, krisi bat zubi bat delako beste eremu ezezagun batera igarotzeko eta, bestetik, liburuan badaudelako hitza eta irudia, eta irakurleak igaro behar du zubia baliatuz».
Musikari den aldetik, liburuan doinurik ere badagoela erantsi du Tolosak. Izan ere, kapitulu bakoitzean kantu bat aipatzen dela aurreratu du, atal horretan gertatzen denarekin nolabaiteko lotura baduena. Besteren artean, irakurleak Anari, Gorka Urbizu edota Balerdi Balerdiren abestiak topatuko dituela iragarri du, eta QR kodeak ere txertatu dituztela, horiek zuzenean entzun eta irakurketaren lagungarri izan daitezen.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

