Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Guadagninok eztabaida piztuko du berriro

AFTER THE HUNT (CAZA DE BRUJAS)
AEB, 2025. 139’. Zuzend.: Luca Guadagnino. Gidoia: Nora Garrett. Akt.: Julia Roberts, Ayo Edebiri, Andrew Garfield, Michael Stuhlbarg. Musika: Trent Reznor, Atticus Ross. Argazkia: Malik Hassan Sayeed.

Julia Roberts ‘After the Hunt’ filmeko eszena batean.
Julia Roberts ‘After the Hunt’ filmeko eszena batean. (Sony Pictures Entertainment)

Orain dela zortzi urte ‘Call Me by Your Name’ zoragarria estreinatu zuenetik, Luca Guadagnino ia etenik gabe aritu da lanean. 2017az geroztik ‘Suspiria’, ‘Bones and All’, ’Queer’ eta ‘Challengers’ filmak zuzendu ditu, baita ‘We Are Who We Are’ telesaila eta hainbat bideoklip ere. 

Bere proposamen berriak ‘After the Hunt’ (gazteleraz ‘Caza de brujas’) du izena eta aktore zerrenda bikaina bildu du: Julia Roberts, Ayo Edebiri, Andrew Garfield, Michael Stuhlbarg eta Chloë Sevigny, besteak beste. 

Drama psikologiko honen premisa honakoa da: Unibertsitateko irakasle bat (Julia Roberts) bidegurutze pertsonal eta profesional batean aurkituko da, ikasle batek (Ayo Edebiri) lankide bat (Andrew Garfield) salatzen duenean, eta horrek bere iraganeko sekretu ilun bat argitara ateratzeko mehatxua ekarriko dio. 

Filma #MeToo-ren munduan murgiltzen da, testuinguru akademikoan. Veneziako Mostran lehiaketaz kanpo aurkeztu zuten eta eztabaida biziak sortu zituen ikusle eta kazetarien artean, boterea, adostasuna eta genero-dinamikak bezalako gaien inguruan. 

Une deserosoa Venezian

Julia Roberts, Andrew Garfield eta Ayo Edebiri aktoreek une deserosoa bizi zuten filma Venezian aurkeztu zutenean, kazetari batek lekuz kanpoko galdera bat egin baitzien. Beste promozio-elkarrizketa arrunt bat izan behar zuena, tentsiozko une bihurtu zen kazetaria aktoreei galdetzen hasi zenean: «Zuen iritziz, zer galdu dugu dena politikoki zuzena izan behar duen garai honetan? Eta zer espero behar dugu Hollywooden, MeToo eta Black Lives Matter mugimenduak bukatutzat emanda? Galdera Andrew eta Juliarentzat da». 

Planteamenduaren lotsagabekeriak, gai oso sentiberak jorratzeaz gain, taldeko kide afroamerikar bakarra esplizituki baztertzeak aktoreak guztiz lekuz kanpo utzi zituen. Garfieldek harridurazko aurpegiarekin Robertsi begiratu zion, erreakzio baten bila; Roberts-ek, berriz, kazetariari keinu serio batez erantzun zion, galdera eten nahian.

Ayo Edebirik nahiko haserre erantzun zuen: «Sentitzen dut, badakit galdera ez dela niretzat, eta ez dakit apropos egin duzun niretzat ez izatea. Baina ez dut uste mugimendu horiek ez direnik amaitu. Agian traolak ez dira hainbeste erabiltzen, baina uste dut aktibistek lanean jarraitzen dutela, eta jendeak, egunero, horretan diharduela. Lan garrantzitsu eta ederra egiten da oraindik. Arrazoi batengatik dago benetan aktibo: mundu honek behar duelako. Eta lan hori ez dago bukatuta inondik inora ere». 

Unea ikusgai dago sareetan