Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Aritz Ibarra
Ertzaintzak zauritutako gaztea

«Inpunitate osoz aritzen da Ertzaintza, bere kapritxoaren arabera»

Ertzaintzak igandean Aritz Ibarra zauritu zuen Gasteizen, Falangearen aurkako protesta batean. «Falangeak auzokide batzuk eraso zituen, eta gero Poliziak auzokide horien aurka jo zuen besteak babesteko. Eta horren inguruan autokritikarik ez egitea... ez dakit. Non bizi gara?», adierazi du.

Aritz Ibarra.
Aritz Ibarra. (Raul BOGAJO | FOKU)

Nola bizi izan zenuen erasoaren unea?

Asmoa zen bertara joatea, Falangeari aurre egiteko. Izan ere, ez zait zentzuzkoa iruditzen egun horretan gertatu zena. Mobilizazioa bera, nola uzten duten halako talde bat Euskal Herrira etortzen espresuki Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza egoerari gorazarre egitera, zapalkuntzaren apologia egitera. Nire asmoa zen horri aurre egitea. Eta hortik aldentzeko asmoa nuenean konturatu nintzen nire arazoa ez zela hor amaitzen, baizik eta hor hasten zela, pilotakada hori jaso nuenean. Tiroa entzun eta berehala sentitu nuen ahoa hautsi zitzaidala. Odola, hortz zatia… Ahoa deseginda nabaritu nuen. 

Zer iruditu zitzaizun Ertzaintzaren jarrera?

Tamalgarria. Baina ez bakarrik protesta egitera joan ginenekin, baizik eta auzokideekin ere, gerturatu zirenak kuxkuxeatzera. Faxistak autoz etorri ziren, baina motorretako kaskoekin eta makilekin. Ez dakit nola utzi zieten, ez bakarrik deialdia eta mobilizazioa egitea, baizik eta parkinetik armatuta ateratzea. Hori ulergaitza da. Gainera, Falangekoek auzokideak kolpatu zituzten eta Poliziak auzokideak eta gasteiztarrak kolpatu zituen ere. Ez zen niri gertatu zitzaidana bakarrik izan. Agian gure partea izan zen bortitzena, baina beste une batzuetan Ertzaintzaren jarrera berdina izan zen, gasteiztarren kontra eta falangekoak babesten. Falangearekin eskuz esku.

Zauritua izan ondoren, zer egin zenuen?

Hortik aldendu nintzen. Alde Zaharrean sartu nintzen eta gertuko bati deitu nion, erizaina dena, balorazio bat egiteko eta erabakitzeko zer egin behar genuen. Etorri zenean erabaki genuen Txagorritxura ahalik bizkorrena joatea, larria zelako. Bertan oso ongi artatu ninduten, baina haien izu aurpegiak, artatu ninduten medikuen izu aurpegiak, ni ere izutu ninduen. Pentsatzen duzu mediku bat ohituta dagoela edozein zauri ikustera eta ez dela izutuko, baina... Horrenbeste harritu ziren, ni ere izutu baininduten. Baina egia da oso ongi artatu nindutela. Egun horretan ezpaina josi zidaten eta hurrengo egunean ebakuntza egin zidaten. Ahoa txikituta nuen. Egon nintzen 24 orduz ebakortzak zintzilik, apurtu zidatelako maxilarra. Bi ebakortzen gaineko zatia. Eta bi ebakortz zintzilik nituen. 24 ordu horiek izan ziren oso desatseginak, goiko ebakortzak beheko hortzekin kontaktuan nituelako. Ezin lorik egin. Ahoko sentsazio hori nazkagarria zen. Behin ebakuntza eginda, ferula jarri zidaten, hezurra osatze bidera eman beharreko urratsa. Eta hortik aurrera apurka-apurka ikusten ahoa nola osatu daitekeen, ze hortz bat errotik atera zen kolpearen ondorioz, eta ebakortzak jaitsi ziren eta orain erroaren zati bat ikusten da. Erdi kanpoan ditut, eta ziur aski hortz horiek ere kanpora joango dira eta aldatu beharko ditut. Ikusiko dugu zer gertatzen den ahoarekin.

«Tiroa entzun nuen eta berehala sentitu nuen ahoa hautsi zitzaidala. Odola, hortz zatia… Ahoa deseginda nabaritu nuen»

Arreta jaso ostean, zein izan zen hurrengo urratsa?

Bi bide daude, bata osasun arlokoa eta beste judiziala. Eta zentzu honetan zalantzak genituen nola aurre egin arazo honi. Argi eta garbi nuen salatu behar nuela, baina harremanetan jarri nintzen abokatu batekin eta berak aholkatu zidan ezer ez egiteko. Halako kasuak normalki artxibatzen direlako eta lor dezakedalako ni auzipetua izatea. Ni zigortzea, justiziarik ez egitea eta Ertzaintzak erantzukizunik ez hartzea bere gain. Egun hori oso txarra izan zen; ospitalean igaro nuenetako bat izan zen, eta apalaldia izan nuen. Baina gero elkartu ginen denok eta erabaki genuen nahitaez publiko egin behar zela. Eta beste abokatu batek apur bat animatu ninduen, beste ikuspegi bat eman zidan. Animatu ginen, eta egin dugu egin beharrekoa: salaketa jarri nuen auzitegietan atzo arratsaldean, eta salaketa jarri bezain laster publiko egin genuen. Orain ikusiko dugu hurrengo urratsa zein den. Uste dut Fiskalaren esku dagoela.

Azken urteetan beste eraso batzuk izan dira: Xuhar, Amaya Zabarte, Iker Arana...  

Halako kasu larri bat ikusten duzun bakoitzean espero duzu azkena izatea, larria izan delako eta alarma piztu delako, eta neurriak hartuko direlako azkena izan dadin. Baina gero zentsuaren ahotsa datorkizu, eta ulertzen duzu ohitu gaituztela honetara. Orain niri tokatu zait, eta bihar beste bati, eta ez dakit hau noiz geldituko den. Sentipena eta beldurra da inpunitate osoz jokatzen dutela. Ez dakit zergatik den: frustrazioa, amorrua, egun txarra, punteria... Kasu honetan ez dut uste punteria traketsa izan zenik. Inpunitate osoz aritzen da Ertzaintza, bere kapritxoaren arabera. 

Ordezkari politikoren baten deirik jaso duzu?

Ez. Atzo jarri nuen salaketa eta ez. Esan omen du Bingen Zupiriak ez zuela honen berririk, baina ospitalera iritsi bezain laister esan genuen zergatik geunden han eta zer gertatu zen. Abisua eman ez bazuten harritzen nau berririk eduki ez izana. Berak esan du zurrumurruren bat entzun zuela. Agian espero zuen bertan gelditzea eta nik salaketarik ez jartzea.