NAIZ

2024an euskaraz plazaratutako liburuak aztertzen dituen gida atera du Mondragon Unibertsitateak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2024’ plazaratu du. Fakultateko Haur Liburu Mintegia da bildumaren sustatzailea, eta iaz euskaraz argitaratu ziren haur eta gazteentzako 294 lanak aztertu eta sailkatu dira bertan.

Haur bat irakurriz gozatzen.
Haur bat irakurriz gozatzen. (Guillaume FAUVEAU)

Liburu asko irakurtzearen eta talde lan jarraituaren emaitza da Mondragon Unibertsitateak atera duen 2024ko euskarazko haur eta gazte literaturako liburuen gida. Gurasoei, irakasleei eta liburutegietako profesionalei liburuak kategorizatzen laguntzea da bildumaren helburua. Plazaratutako azken edizioaz arduratu den taldearen esanetan, «gidak ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazera ere».

Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, gida formatu digitalean argitaratu berri da, eta liburutegietan ere eskura daiteke. Gida osoa esteka honen bidez deskarga daiteke.

Haur eta gazteentzako literaturarekin lotura duten hamabi profesionalek osatu dute gida egiteko lantaldea, eta urteko argitalpenak irakurri, aztertu eta hiru kategoriatan sailkatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken kategoria horretako liburuei iruzkin bat gehitu diete.

Zortzi erakundetako kideek osatu dute lantaldea, eta haien artean liburuzainak, eskola irakasleak eta Mondragon Unibertsitateko adituak daude, besteak beste. Koordinatzailea Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz izan da, Amets Sanzek egin du azalaren diseinua eta Naroa Garayar arduratu da gida maketatzeaz.

Askatasunez aukeratzea

Gidaren hitzaurrean, lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko kontuan hartu dituzten irizpideak azaldu dituzte egileek. Lan teknika honetan datza: aurreko urtean argitaratutako haur eta gazte literaturako lanak irakurri, irakurritakoa aztertu eta hizkuntzaren erabilera, kalitate literarioa, gaien tratamendua eta abar balioestean.

Liburu bakoitzari esleitu dioten gutxi gorabeherako adinari dagokionez, gidaren egileek adierazi dute zenbaki hori orientagarria dela, euren esanetan, erritmoak, haurren zaletasunak eta abar sailkaezinak direlako. «Gure ustetan, haurrek liburuak askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da, eta funtsezkoa, irakurzaletasuna sortzeko», azaldu dute.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegia 1990ean hasi zen haur eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxetako irakasleen laguntzarekin. 2001etik aurrera argitaratutako zenbakiak sarean daude eskuragarri.