Palestina protagonista izango da Durangoko Azokaren 60. edizioan
Urtero lelo berri bat asmatu ordez, “Kulturaren Jaialdia” lerroburua erabiliko du aurrerantzean Durangoko Azokak, euskal kulturaren plazak. Abenduaren 5etik 8ra burutuko den 60. edizioan etapa berri batean sartuko da Azoka. Eduki batzuk, mezu hori eta erabiliko den iruditeria aurkeztu zituzten atzo Landakoko gunean, non bi protagonista berezi izan baitziren: Izaskun Ellakuriaga zendua eta Palestinako genozidioa.

Abenduaren 5etik 8ra burutuko da aurten Durangoko Azoka. Landakoko gunea euskal kulturgintzaren sektorearen bizitasunaz beteko da. Dena martxan dago, eta, hurrengo hitzordu batean edizio berriaren xehetasunak emango dituzten arren, atzo jakin genituen batzuk, 60. edizioaren proposamen bisuala eta mezua aurkeztu baitzituzten Landako gunean bertan.
Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon ziren, horien artean Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiak, Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta BBK. Aurtengo aurrekontua 760.000 eurokoa izango da, iaz baino pixka bat gehiago, laguntza batzuk igo direlako, esate baterako Bizkaiko Aldundiarena, argitu zutenez.
Aurkezpenean norbaiten falta sumatu zen. Hutsune handi bat sentitzen dutela aitortu du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, eta horregatik aipamen berezia egin nahi izan zion uztailean hil zen Izaskun Ellakuriaga Bustinzari, urte luzez Durangoko Azokaren antolakuntzan ibilitako Gerediaga elkarteko lankide ohiari. «Aurtengo edizio honetan, hogei urtez euskal kultura sustatzen egin zenuen lana gogoratu eta aitortuko dizugu», aipatu zuen.
Bestalde, Gaztelurrutiak une honetan bizi dugun testuinguru kezkagarri eta gatazkatsutik Azoka bezalako kultur jaialdi bat salbu ez dagoela gogorarazi nahi izan zuen. Hala, gogora ekarri zuen ez dela «erraza jaialdi bat prestatzeko grinari eustea, samina barreiatzen ari den» aldi honetan. Horregatik, aurtengo Azokan Palestinako herria oso presente egongo dela adierazi zuen.
Iaz Palestina gomutan izan zen, baina aurten Azokaren babesa «esplizitatu egin beharra dagoela» aitortu zuen, geroago zehaztuko diren ekimen bat baino gehiago antolatuko dituztelako.
«Bai prestaketan, bai Azokako egunetan, genozidioa behin betiko geldi dadin deia egingo dugu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi», ohartarazi zuen: «Kritikotasunari eta irudimenari ateak irekitzea ere badenez kultura, gure ekimenak balio dezala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean elkartzeko».
60 urteko ibilbidea egingo du Azokak. «Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin», esan zuen Gaztelurrutiak. Bi berrikuntza nagusi iragarri zituen. Batetik, dinamika aldatu eta urtero aukeratzen den lelo berririk ez da egongo aurrerantzean. «Azokaren markak duen heldutasunaren adierazle, Da! Kulturaren Jaialdia izango da, Azokak sorkuntza eta formatu asko batzen dituelako: literatura, musika, zuzeneko aurkezpenak..», azaldu zuen.
Horrez gain, sortzaile bati kartela eskatu beharrean, artista bati iruditeria egin dezala eskatuko zaio. Aurten Iratxe Reparazek jaso du enkargua, diziplina anitzeko arte zuzendaria. Orain Madrilen dabil eta publizitate marka desberdinentzat lan egiten du.
«Dena zenbaki batekin hasi zen: 60a -aipatu zuen artistak-. Lehenengo gauza 60 bat marraztea izan zen, eskuz, libreki.. eta segituan konturatu nintzen ez zela zenbaki bat, ibilbide bat baizik. Azoka bera ere ibilbide bat delako. Aurten ez dago kartel bakar bat. Aurtengoa kartel infinitua da, Azokak bizitzeko, sentitzeko eta ulertzeko modu infinituak dituelako».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
