Atarrabiatik Zangozara, haien Oinez Basoa ezagutzera
Urtero Nafarroa Oinez ospatzen den herrian Oinez Basoa landatzen dute, festak eragindako kalte ekologikoei aurre egiteko asmoz. Aurten Atarrabiari egokitu zaionez, Zangozako proiektua bertatik bertara ezagutzera joan ziren. Hegaztiak, saguzarrak eta birziklapena dituzte oinarri.

Pasatu den ekainean Paz de Ziganda ikastolako ikasle, familia, irakasle eta Atarrabiako beste bizilagun batzuk Zangozako Ikastolak aurkeztutako Oinez Basoa 2024 proiektua bertatik bertara ezagutzera joan ziren. Hostozabalen landaketa, hegazti behatokien kokapena eta saguzarrentzat habia kutxen kokapena ikusi zituzten han. Oinez Basoak Nafarroa Oinezek eragindako aztarna ekologikoa murrizteko helburua du.
Zangozako DBH4-ko ikasleek egin zuten aurkezpena bertako ikastolako patioan; ekimenaren nondik norakoak azaldu zituzten eta bideo bat proiektatu zuten. Gero, txistulariez lagunduta, Kantolagia Pasealekura hurbildu ziren denak batera kalejiran.
Garatutako hiru proiektuak banan-banan azaldu zizkieten eta informazio panelak ikusi ahal izan zituzten. Basoa bera auzolanaren adibide bezala ikusten dute. «Zuhaitz bakoitzak, habia kaxa bakoitzak eta behatoki bakoitzak gogora diezagula, elkarrekin gabiltzanean, mundua eraldatzeko gai garela», adierazi zuen Carlos Arcelus Zangozako Ikastolako lehendakariak. Proiektu honetan bai familiek zein ikasleek eta irakasleek parte hartu dute, adibidez, hegazti behatokiak egiteko edukiontzi zaharrak birziklatzen eta margotzen, zuhaitzen landaketa eginez edo saguzarren habia kutxak kokatzen.
BIGARREN OINEZ BASOA
Zangozako Ikastolarentzat 2024koa bigarren Oinez Basoa da; izan ere, 2014an ospatutako Nafarroa Oinezen, Eskualdeko Mankomunitatearekin eta Zangozako Udalarekin lankidetzan, hiru jarduera nagusi burutu ziren: tokiko hiri-hondakinen zabortegi zaharra berreskuratzea, hainbat landare espezie landatuz, baso jangarri bat sortzea eta habia kutxak jartzea Irati eta Aragoi ibaien korridorean, inguruko hegaztiak berreskuratzea bultzatzeko.
Esku hartze horiek euren egitekoa bete dutenez, basoari ekarpen berriak egin dizkiote orain. Alde batetik, hostozabal autoktonoak landatzea, hala nola lizarra, basa-makala, almeza edo serbala, balio ekologiko handiagoa dutelako eta espezie horiek inguruneari onura handiak ekartzen dizkiotelako. Adibidez, lehengo paisaia berreskuratzen da pixkanaka, eta biodibertsitatea aberasten laguntzen du, tokiko flora eta faunaren babesleku diren mikroklimak sortuz.
Bestalde, hegazti behatokiak kokatzea, birziklapen eta berrerabilpenean oinarrituz; izan ere, beira jasotzeko edukiontziak berregokitu dituzte. Bat Zangozako araztegiko putzuen aurrean jarriko dute. Biologo eta ornitologia gustuko duten lagun asko joaten dira bertara, uretako hegazti ugari ikus baitaitezke, bai autoktonoak bai migratzaileak: ahate urdina, ahate koilara arrunta, zertzeta arrunta, txilinporta, ubarroia, koartza hauskara, martin arrantzalea, beltxarga eta abar.
Bigarrenak Oibarko simaurtegia izango du kokalekua. Eremu mugatua da, Ingurumenak kudeatua, eta bertan hegazti nekrofagoak elikatzeko hilotzak uzten dira, hala nola putreak, sai zuriak edo ugatzak, baita beste harrapari batzuk ere, hala nola miru beltza edo miru gorria.
2024ko proiektuko azken esku hartzea, saguzarrentzako etxeak dira, lehen edizioan hegaztientzako habia kutxak jartzeak izan zuen arrakastari erreparatuta. Zangozako eskualdean bada gau-saguzar ertain talde bat (Nyctalus noctula), oso urria penintsulan, eta galtzeko arriskuan dagoen espezietzat hartzen da. Hala habia kutxa mota, nola Zangozako hiri eremuaren barruko kokaleku egokiena aukeratzeko, saguzarretan aditua den tokiko biologo baten aholkularitza izan dute.
ORAIN, OINEZ KLIMA
Oinez Basoa Nafarroa Oinezek uzten duen aztarna ekologikoa (CO2 isurketak batez ere) gutxitzeko asmoz sortu zuten. Honela, festa ospatzen den tokian ingurumenaren kalitatea hobetuko duen testigantza bat uzteko behin betiko; natura-gune autoktono bat birsortzea, alegia. Horrez gain, ‘‘Basoak basora’’ ekimenaren bidez zuhaitzak landatzen dituzte baso horietan.
Gaur Atarrabiara joaten direnek ere ekarpena egin ahalko diete Oinez Basoei. Izan ere, edalontziaren truke ematen den euroa antolakuntzari utziz gero, basoan garatzen diren proiektuetara bideratzen da (euroa eman eta edalontzia itzuliz gero, diruz laguntzeaz gain, edalontziak berrerabiltzen laguntzen dugu).
Oinez Basoa ekimenak 17 urteko ibilbidea du. Denbora honetan 13 baso sortu dira -lehena Arbizun, eta atzetik etorri ziren tafalla, Tutera, Zangoza, Baztan, Sartaguda-Andosilla, Lesaka, Altsasu, Argedas, Lizarra, eta berriro Tafalla, Arbizu eta Zangoza- eta 52.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte. Ibilbide oparoa izan du eta Nafarroa Oinezek erabaki du badela garaia beste urrats bat egiteko. Halatan, hemendik aurrera Oinez Basoa ekimena Oinez Klima izatera pasatuko da.
Oinez Klimak ikasle, familia, hezitzaile eta ingurumen profesionalen elkarlanaren herentzia eskaini nahi du, balio erantsia emango duena: emaitza baliagarri bat tokiko komunitatearentzat, Nafarroako Ikastolen jaiaren esparruan, mundu jasangarriago baten aldeko borroka globalean urrats bat.
Irailaren amaieran, Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen lehendakariak, eta Maider Nuin Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak, akordio bat sinatu zuten. Horri esker, hainbat proiektu garatu ahal izango dira ikasturte honetan.
Alde batetik, baso berri bat sortuko dute Ezkaba mendian. Hazi-bonben bidez 200 m²-ko zuhaitz eta zuhaixka-basotxoak landatzea aurreikusten dute. Horrekin batera, Atarrabia herrian bertan ere birlandaketa egingo dute. 25 zuhaitz landatuko dituzte Ultzama kalean, airea garbitzeko eta hiria edertzeko. Faunan eragina izatearren, Zangozan hegazti eta saguzarretan fokua jarri bazuten, Atarrabian kastoreak lagun izango dituzte. Arga ibaiaren ertzean kastore kolonia bat dago, eta horren inguruko ibilbide didaktiko bat prestatuko dute ‘‘Kastore lurraldea’’ izenarekin.
«Baso» kontzeptutik aldenduz, eta «klima» kontzeptu orokorragoari helduz, honek ematen dituen aukera zabalagoak aprobetxatuz, plaka fotoboltaikoak jarriko dituzte ikastolan, eta sortutako energiaren soberakina komunitatearekin partekatuko dute. Honela, Oinez Klimak ingurumenarekin duen konpromisoa berretsi du.
Baso berriak sortzen diren bezala, aurretik sortutakoak zaintzen jarraitzen dute, eta haiek ere komunitatea indartzeko balio dute.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial
