
AHTaren Nafarroako korridorea «euskal Y» delakoarekin lotzeko hirugarren alternatiba bat hobetsi du Madrilek. Hau ere Ezkiotik igarotzen da baina «ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da». Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenetik salatu dutenez, «manipulazioa» da hori baieztatzea «agerikoa baita Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa dela, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera igarotzen baita».
Ekimenaren arabera, joan den asteburuan iragarri zenez, Ezkioko alternatiba ofiziala ordezkatuko duen hirugarren alternatiba honi dagozkion zundaketa lanak hilabete honetan hasiko dira, Beasainen, Ataunen, Idiazabalen eta Bakaikun.
Zundaketa kanpainari dagokionez, bederatzi hilabete iraungo duela aurreikusi dute, datorren urteko uztailera arte. Adifek kontratatu duen enpresa Ineco da, langile talde bakar batekin jardungo duena. Halaber, zundaketa ekipoak 4 segurtasun zinpekok zainduko dituzte etengabe eta horiek gau eta egun bertan egongo dira lanak egiten diren bitartean, ekimenetik jakitera eman dutenez.
Egoera honen aurrean, Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenetik deitoratu dute «manipulazio eta gezurren kanpaina» honek desmobilizazioa eragin duela eta zundaketak udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi direla. Beraz, zundaketetan ez laguntzeko eta «inolako baimenik ez emateko» eskatu diete udalei, eta biztanleei, berriz, mobilizazioetan parte hartzeko eta «mugimendu susmagarriak antzemanez gero» beraiekin harremanetan jartzeko galdegin diete.
Aralarren alternatiba
Jose Antonio Santano espainiar Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkariak jakitera eman du aurreikusten dutela 2026ko udaberrirako Nafarroa eta «euskal Y» delakoa lotzeko aukera egokiena hautatzeko informazio guztia eskuragarri izatea. Halaber, baieztatu du katak egingo dituztela Aralarren egin behar dituzten zundaketei alternatiba bat bilatzeko. Erabakia hartzeko beharrezko informaziorik ez dutela adierazi du Santanok eta, beraz, mahai gainean daudela Gasteizko eta Aralarko aukerak.
«Proposamena ez da Aralar erditik zeharkatzea, baizik eta ibilbidea apur bat gehiago luzatzea Altsasuraino, herrira heldu baino apur bat lehenago Gipuzkoarantz igotzeko», azaldu du Santanok. Hala ere, adierazi du ezin dela baztertu mendia erditik zeharkatzeko aukera.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro
