
Lointek Gernika Bizkaiak igande eguerdian Basket Zaragozaren aurka egin zuena, aurreneko laurdena 19-30 galdu arren, azkenean 97-83 nagusitzea, alegia, sekulako balentria zatekeen talde bizkaitarrak jokalari guztiak sano eta topera egonda ere. Zer esanik ez zortzi jokalari bakarrik dituen honetan, bistakoa baita Angela Salvadoresen orkatilako lesioa «bihurritu» soil bat baino ondotxo gehiago dela. Baina are eta meritu handiagoa dauka bizkaitarren garaipenak, partidako izar bilakatu zen Ane Olaeta azken ordura arte zalantza izan baitzen, Hungariako NKA Universitas Pecs taldearen aurka kolpe baten ondorioz begian isuri bat jasan baitzuen.
Baina Gernikako antolatzaileak inoizko partidarik onena jokatu zuen igandean etxeko zaleen zoramenerako. 19 puntu, 7 asistentzia, 4 errebote eta lapurturiko beste 3 baloi erdietsi zituen jokalari bizkaitarrak, eta antolatzaile bati dagokion moduan, bere taldekideen mailarik onena azaleratzen lagundu zuen. Esan bezala, Olaetak berak 19 puntu lortu bazituen, Westerik, Jankovic, Bessoir, Castedo eta Joy Adamsek ere 13 puntu edo gehiago saskiratu zituzten duela hiru aste Superkopa irabazi eta Euroliga jokatzen ari den Zaragozaren aurka.
Lucas Fernandezek ere asmatu egin zuen zonakako 2-3 defentsa bat martxan jarrita. Modu horretako defentsek, baloia ganoraz mugituz gero, hiruko jaurtiketa «errazak» bideratzen dituzte, edota erasoko errebotean sekulako mina eman dezakete aurrez defentsa lekuz kanpo kokatuz gero. Alabaina, bizkaitarrek Aragoiko taldearen erasoko etorria eten zuten, batez ere Aminata Gueye pibotaren defentsa egokitu zutenean. Hirukoetan bereziki nahiko desegoki aritu ziren Carlos Canterok zuzentzen dituen jokalariak, 23 saiakeratik 7 bakarrik saskiratuz, eta errebotean Zaragoza nagusi izan bazen ere –31 Aragoikoentzat; 27 Gernikarentzat–, baloi gehiago galdu zituen eta horrek jokoaren ekimena Malosteko taldeari eman zion.
Lehenengo laurdeneko 19-30aren ostean, Gernikak buelta eman zion demari eta atsedenaldira 48-44 aurretik iristea lortu zuen, baina ez zen hor gelditu. Olaetaren etorriaz gain, Joy Adams jokoan sartu zen eta aldea handitzea lortu zuen talde bizkaitarrak. Zaragozak falten bidez jokoa eten gura izan zuten, baina jaurtiketa libreen marratik ere fin aritu ziren Lucas Fernandezek zuzenduriko jokalariak, garaipen bikain bat lortzeko nahikoa eta gehiago.
Ondo hastearen garrantzia
Seigarren postuan daude uneotan gernikarrak. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina ondo hastea beti da garrantzitsua, etorkizunera begira lasaitasun handia ematen baitu horrek. Galdetu bestela IDK Euskotreni, iaz mailari eusteko gorriak eta beltzak ikusi ondoren, oso denboraldi hasiera makala izan zuelako. Aurten ez, ordea, eta Lointek Gernika Bizkaiak bezala, 2-1 balantzea aldean duela, sailkapen nagusiko laugarren postuan dago talde donostiarra. Larunbatean Estepona igo berriari 83-60 irabazi zion Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak.
Estepona sailkapen nagusiko azkena da uneotan partidarik oraindik irabazteke, baina talde donostiarrak izerdia latz bota behar izan zuen neurketa bideratzeko, atsedenaldira 33-37 atzetik baitziren Azu Muguruzarenak.
Entrenatzaile donostiarrak kontuak garbi eta zehatz esango zizkien bere jokalariei aldageletan, atsedenaldiaren osteko partziala 50-23 izan baitzen. Malagako taldeak zortzi jokalari baino ez zituen erabili eta azkenerako luze egin zitzaien norgehiagoka. Hirukoetan ere 17 saiaketatik 3 baino ez zituzten gauzatu, eta Ibaeta Basketek, berriz, baliabide aniztasuna erabili zuen markagailuan hanka egiteko: Eraunzetamurgilek, Remenarovak, Robinsonek eta Ejimek 10 puntu edo gehiago lortu zituzten eta Esteponarentzat larregi izan zen, Emakumeen Endesa Ligan eskarmentu handia duten Leia Dongue, Melisa Gretter eta Sika Kone jokalariak izanda ere.
Kutxabank Araskik ere 2-1eko balantzea dauka, baina ez zuen asko falta izan denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko ere. Ferrolen kantxan uneoro atzetik arituagatik, Isabela Jourdain pibot kubatarraren partida bikainari esker azkenean 58na berdindu eta luzapenera bideratu zuen partida talde gasteiztarrak.
Luzapenean ere 59-62 aurreratu ziren Made Urietaren jokalariak, min hartuta Mama Dembele eta Noa Morro jokalari espainiarrak min hartuta izan arren. Isabela Jourdain pibot gazteak 20 puntu eta 13 errebote eskuratu zituen eta Ferrolen uztaipeko jokoaren ahultasun oro baliatu zituen sekulako triskantza egiteko. Ez zen nahikoa izan, ordea.

Batetik, Kubako jokalariaz gain, Sami Hill izan zelako 10 puntura iritsi zen taldekide bakarra, eta Torontoko eskoltak 13 jaurtiketatik 3 baino ez zituen gauzatu. Horrez gain, Ferrolek Dalayah Danielsen 21 puntuak baliatu zituen neurketa berdintzeko, eta jaurtiketa libre kopuru bikoitza jaurtita –26 galiziarrek, 12 arabarrek– partida bere aldera ekartzen asmatu zuen.
Markagailua 59-62 zela bazirudien Araskik zailena eginda zuela, aurrez hamar puntuko aldeari buelta eman eta gero. Baina Isabela Jourdainek bere bosgarren falta egin zuen handik lasterrera eta gasteiztarrek ez zuten haren puntu etorria mantentzeko ordezkorik aurkitu.
Lan txarrak datorren astean
Datorren asteburuan etxetik kanpo jokatu beharko dute hiru euskal taldeek; larunbatean Lointek Gernika Bizkaiak, igande eguerdian IDK Euskotrenek eta domeka arratsaldean, berriz, Kutxabank Araskik.
Lanik txarrenak, hain zuzen, Araskik berak izango ditu, aurkaria Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen duen Spar Girona taldea delako. Hau da, Emakumeen Ligako liderra, aurreneko hiru jardunaldietan garaipenak baino pilatu ez dituen talde bakarra. IDK Euskotrenek ere lan zaila izango du Perfumerias Avenidaren etxean, baina aintzat hartzekoa da Salamancako taldea inoizko ahulen dabilela. Asteburuan oraindik partidarik irabazi ez duen Kanaria Handiari izerdia latz botata, 78-79 irabazi zion, eta beren maila emanez gero, Azu Muguruzarenek partida irabazteko lehian egon beharko lukete.
Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Lugoko Ensinoren aurka jokatuko dute. Castedo eta Ane Oletarentzat partida berezia izango da, biek ala biek hantxe jokatu zutelako Gernikara joan aurretik. Sailkapen nagusian berdinduta daude bizkaitarrak eta galiziarrak eta izenen bat aintzat hartzen hasita, adi Alicia Florez hegaleko espainiarrarekin, Valentzia Basketen itzaletik atera delarik, maila aparta duela erakusten ari baita.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
