NAIZ

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak udal haur eskolak (0-3) bere gain hartzea eskatu du LABek

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak udal haur eskolak bere gain hartzea eskatu du LABek. Modu honetan egun 0-3 zikloko langileek dituzten gabeziak, desberdintasunak eta arazoak konponduko direla nabarmendu du sindikatu honek. Bitartean, Nafarroa mailako hitzarmena aldarrikatu du.

LABeko ordezkariak, Iruñean egin duten agerraldian.
LABeko ordezkariak, Iruñean egin duten agerraldian. (LAB NAFARROA )

Nafarroako Hezkuntza Departamenduak udal haur eskola guztiak (0-3 zikloa) bere gain hartzea eskatu du LAB sindikatuak «kudeaketa komuna eta erabaterko publifikazioarekin».

«Horrek esan nahi du langile guztiak Foru Administrazioko langile izatera igaroko direla, eskubideak, egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatuta», azaldu dute Garbiñe Lamarianok (LABeko 0-3 zikloko ordezkariak) eta Imanol Karrerak (sindikatuaren Nafarroako eledunak) astelehen honetan Iruñean egiten duten agerraldian.

Neurri honekin egun dagoen egoera konponduko litzatekeela gaineratu dute. «0-3 zikloaren egoera Nafarroan jasanezina da eta premiazkoa da errealitate hau eraldatzea», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, Nafarroako 0-3ko langileek desberdintasuna eta prekaritatea pairatzen dutela salatu dute. Ehundik gora udal haur eskola daude Nafarroan eta kudeaketa eredu desberdinekin aritzen dira. «Honek lan desberdintasun sakonak eragiten ditu: hitzarmenak, soldatak, lanaldiak eta eskubideak», azaldu dute.

Estatu mailako hitzarmena dute gaur egun

«Haur hezkuntzako Estatu mailako hitzarmena, horietako eskola gehienetan indarrean dagoena, ez dator bat Nafarroako errealitate sozial eta ekonomikoarekin. Kanpoko marko bat da, kide askoren egiturazko prekarietatea betikotzen duena eta lehenbailehen gainditu behar dena. Gure lan baldintzak hemen erabaki behar dira», aldarrikatu dute.

«LABek hezkuntza eredu publiko, euskalduna, unibertsala eta doakoa defendatzen du. Argi dugu, 0-3 zikloa ezin dela asistentzia zerbitzu gisa tratatu, hezkuntza sistemaren zati integral gisa baizik, Lomloek berak aitortzen duen bezala», gaineratu dute.

Nafarroako hitzarmen sektorial propioa bitartean

Eskatzen duten prozesua berehala ezin daitekeela egin argi du LABek. Hori dela eta, trantsizio ordenatu bat eskatzen du, langileen baldintzak hobetuz. Bide horretan, Nafarroan 0-3 zikloko hitzarmen sektorial propio bat eskatzen du, Estatu mailakoa ordezkatuko duena eta baldintzak hobetuko dituena.

«Hitzarmen hori ezinbesteko presio palankatzat ulertzen dugu, Hezkuntza Departamentuak hartutako konpromisoak bete ditzan eta benetako publifikaziorantz aurrera egin dezan beharrezkoa», aldarrikatu dute.