Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ixiar Rozasen ‘Narrugorrik’ lana, entzumenetik abiatutako memoria ariketa

Ez da poesia, ezta nobela edo narrazioa ere... Askatasun osoarekin jokatu du Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972) bere azken ‘artefaktua’ osatzean. «Entzumenetik abiatutako memoria intimoa eta kolektiboa» josi baitu ‘Narrugorrik’ (Consonni) liburuan. Ozenki irakurri behar diren hitzak dira. 

Ixiar Rozasek ozenki irakurri beharreko hitzak lotu ditu.
Ixiar Rozasek ozenki irakurri beharreko hitzak lotu ditu. (Andoni Canellada | FOKU)

Bilboko Alondegian egin zuen joan den urtarrilean eskuartean zuen ‘Narrugorrik’ lanaren lehenengo irakurketa publikoa Ixiar Rozas idazleak eta ikertzaileak. Rozas Alondegiko ikertzaile-kidea da bi urteetarako –2025 eta 2026–, eta irakurketa hartan ohartu zen ozenki irakurtzeko hitzak idatzi zituela. Dagoeneko ‘artefaktu’ hau liburua bihurtu denean, une hura gogora ekarri dute Maria Murrek, Consonni argitaletxeko arduradunak, eta Ixiar Rozasek berak. 

Asteartean Donostian aurkeztu dute bere barnean osagai asko korapilatzen duen ‘Narrugorrik’ liburua: poesia eta pentsamendua, kulturgintzaren egoera –Caixaren sarrerarekin, Alondegia bezalako kulturgune bat «pribatizatu dutela» salatu du Rozasek–, feminismoa –liburu honek «ekofeminismo-soniko bat zabaltzen du», editorearen hitzetan–, literatura, memoria, harriak... «Literaturarik haratago doan liburua da, artearen eta literaturaren arteko muga puskatu egiten duelako: irakurri, entzun eta sentitu behar den liburua da», argitu du Murrek.

Bide baten beste urrats bat

Bilboko Consonni argitaletxeak zabaldu berri duen bidearen beste urrats bat da ‘Narrugorrik’. 1998an sortu zen Consonni, arte garaikidearen proiektu legez, eta, argitaletxea bihurtu ondoren, azken urteetan euskarazko literaturako egileen eta nazioartekoen idazleen lanak –denak emakumeak– gaztelerara eraman ditu, «itzulpena tresna poetiko eta politikoa» delako, Maria Murren hitzetan. 

Orain beste urrats bat eman dute, zuzenean euskaraz argitaratzen hasi baitira bertako egileen lanak. Lehenak, Antxiñe Mendizabalen ‘Katona’ eta Danele Sarriugarteren ‘Beste zerbait’ izan dira. Hirugarrena, ‘Narrugorrik’ artefaktu poetikoa. 

25 zenbakiaren garrantzia

Ahotsa, lengoaia eta haien soinuak lantzen ditu Ixiar Rozasek. Bere liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan kaleratu dira. ‘Beltzuria’ (2014 Pamiela; 2017 Enclave) eta ‘Negutegia’ (2006 Pamiela; 2009 Itaca) dira bere azken lanetako batzuk. Besteak beste, Idoia Zabaleta, Bigara, Rafael Martinez del Pozo, Mursego, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Mal Pelorekin aritu da lankidetzan. 

Bizitza kasualitate hutsen gainean erakitzen da, askotan. Adibidez, egun hauetan 25 urte beteko dira Ixiar Rozasek lehen liburua argiratatu zuenetik, aurkezpenean aitortu duenez. «25 urte hauetako continuum hori dago hemen ere bai. Adibide bat: liburuko lehenengo eszena iturri batean gertatzen da, eta ‘Beltzuria’ (2014, Pamiela) liburuaren amaieran agertzen den iturria da. Ispilu joko asko daudelako hemen», bere esanetan. 

Eta, joan sartuta, Rozasek ‘Narrugorrik’ honetako 25. orrialdera bidali gaitu: ‘Piloxic jaio ninçan, pilox nago, piloxic ilgo nax ni guero. Laurtu dio’, irakur dezakegu; hau da, Lazarragaren  XVI.eko eskuizkributik «lapurtutako» esaldia. «Hemen beste ispilu joko bat dago –argitu du–, euskal literaturaren tradizioaren eta orainarekin.

«Biluzdura arroparik gabe egotea baino gehiago delako. Jaiotza delako zaurgarritasunetako une handi bat, biluzik gaudelako, eta hiltzen garenean ere biluzik gaude, nahiz eta arropa izan. Biluztasuna ulertzen da fisikotik haratago, bulneritasunaren hitzarekin. Nik ere biluzketa ariketa bat egin dut. Biluzik gaude ere entzuten dugunean: entzumena da oso irekia dagoen zentzumena. Entzumenak dauka biluztura sakonago bat eta nik egiten dut entzumen ariketa handi bat. Entzuten dugunean ukitu egiten dugulako eta ukituak izaten garelako». 

25. orrialdean dago testu hau ere, Maria Murrek aukeratu duena: «Ezkutukoak, agerikoak, esandakoak, esanezinak. / Babesezkoak. Zitalak. / Den-denak, gorantz. Igotzen dira batzuetan ni, zu, hura, gu, / zuek, haiek. Besteetan ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. / Soinu eta hots guztiek. Denek eratu zaituzte./ Denek, izateari uzten diotenean./ Orduantxe, ez aurretik».

Egin ezazue saio bat: ozenki irakur itzazue hitz horiek. «Ez da poesia, nobela, narrazioa... erritmoa haratago doa. Klasifikazioetatik haratago joatea nahi dut. Liburu hau gonbite bat da: gu asko garen bezala, eta gauza horien guztien artean guztiok mugimenduan gaudenez, murgildu gaitezen dantza horretan», idazlearen esanetan. 

«Zer dago liburuan? Gorputzak, izakiak, organismoak, animaliak, harriak, zuhaitzak, pertsona zehatzak, harrien mapa bat, dago zaurgarritasuna... lengoiaren erotizazioa ere badago, hau da, gauza sexual batetik harago, hitzak ahora eraman eta hitzekin gauzak biziago egiteko aukera ere, hitz poetikoa ematen duen aukera. Dago desira, adiskidetasuna, maitasuna, gauza txikien desagerpenez hitz egiten dut ere, eta ez da nostalgia zerikusia duelako gizartearekin, badago indarkeria desberdinei aipamena», gehitu du. Eta gonbidapen bat lere egin du: «Liburuak gonbidatu egiten gaitu barrura begiratzeko eta aldi berean kanpora. Mugimendu bikoitza delako: kanpora eta barrura. Eskatzen du ere ozen irakurtzea. Irakurtzen da entzuten.