NAIZ

Imanol Itokunek eta Jokin Goikoetxeak DAZNeko Osasunaren partiden esatari izateari utzi diote

DAZNen Osasunaren partiden narrazioak euskaraz egiten zituen Imanol Itokunek iragarri du telebista kate horretan esatari izateari utziko diola eta «betoa» salatu du. Ordu batzuk geroago beste horrenbeste jakinarazi du Jokin Goikoetxea kideak eta Osasunaren zuzendaritza jo du erabakiaren erruduntzat.

Imanol Itokun.
Imanol Itokun. (NAIZ)

X sare sozialean iragarri duenez, aurrerantzean Imanol Itokunek ez du Osasunaren partiden kontakizuna euskaraz egingo DAZN telebistan. Jokin Goikoetxea kideak ordu batzuk beranduago jakinarazi du telebista kateak bera ere kaleratu duela, Itokunen egoera argitu artean esatari aritzeari uko egin diolako.

Asteazken goizean argitaraturiko txioan azaldu duenez, «betoa jarri didate» talde nafarraren partiden kontaketekin ez jarraitzeko. «Ez da nire erabakia izan, DAZNena baizik: ni berriro ez kontratatzea exijitu dute».

Honekin batera, narratzaileak kontratatzen dituen enpresak jakinarazi dio ezin dutela gehiago deitu, «aginduak ‘oso goitik’ datozela gaineratuz».

Itokunek esaten duenez, kaleratzeak Osasuna-Valentzia partidaren kontakizunarekin –egin duen bakarra– ez du zerikusirik, baina DAZNek «Imanol ez zuela nahi» helarazi diote. «Ez didate betoaren arrazoia azaldu (edo azaldu nahi izan), ezta eskaera nork egin duen ere», gaineratu du.

Honekin batera, Itokuni zaila egiten zaio DAZNeko zuzendaritzak erabaki hau hartu duela pentsatzea. «Ez dut uste zuzendari batek ere ezagutzen nauenik...», adierazi du.

Gauzak horrela, bere ustetan betoa ez dator DAZNengandik, «beste nonbaitetik baizik». «Telebista katean eragin gaitasuna duen, eta komunikabideetan nire presentziak deseroso sentiarazten duen norbaitek DAZNera deitu, nire burua eskatu, eta haiek onartu dute», laburbildu du.

Osasunaren aktualitatea aztertzen duen ‘La Rasmia’ podcasteko egilea da Itokun, Asier Ganuzarekin batera. Iruñeko hainbat irratitan ere Osasunari buruz aritu izan da.

2023ko urtarrilean, Sadar futbol zelaian aritzen diren segurtasun zerbitzuek bidegabekeriaz aritzen zela salatzen zuen manifestua sinatu zuen Itokunek talde gorritxoaren bazkide ugarirekin batera.

Jokin Goikoetxea ere kaleratu dute

Itokunek berria zabaldu eta ordu gutxira Jokin Goikoetxeak bide bera baliatu du berak ere DAZNeko esatari izateari utziko diola jakinarazteko. Itokun kaleratu izanagatik zuzendaritzari azalpenak eskatu zizkiola azaldu du eta adierazi ziela erantzunik eman artean ez zuela partidurik kontatuko. Hori dela eta, bera ere kaleratu dutela esan du.

Erabakiaren muinean Osasunako zuzendaritza dagoela salatu du, «behin baino gehiagotan saiatu delako ‘La Rasmia’ podcasteko kideak, Imanol barne, beste komunikabideetatik kaleratuak izan daitezen saiatzen».