Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Pantailak Euskaraz: «Streaming plataformetan eta zinemetan euskarak duen presentzia %1ekoa da»

Lau urte daramatza lanean Pantailak Euskaraz ekimenak. Epe honetan aurrerapausoak egon diren arren, euskarak ikus-entzunezkoen alorrean bizi duen «egoera kezkagarria» berretsi du asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian eta neurri zehatzak eskatu dizkio Gobernuari.

Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai, gaurko agerraldian.
Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai, gaurko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Pantailak Euskaraz ekimenak agerraldia eskaini du asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarreko Kultura Batzordean. Euskarak zinemetan eta streaming plataformetan duen presentziaren inguruko azken datuak eman dituzte, eta honekin batera, euskarazko edukien kopurua handitzeko hainbat neurri zehatz proposatu dizkiote Legebiltzarrari.

Ikus-entzunezko plataformetan euskarazko eskaintza handitzearen aldeko Euskal Herriko mugimendua da Pantailak Euskaraz. «Ikus-entzunezkoen pisu geroz eta handiagoa da gure bizitzetan eta euskaren presentzia oso txikia eta horrek erabileran eragin kaltegarria izan zezakeela pentsatu genuen», gogoratu dute Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai elkarteko kideek Parlamentuan egindako agerraldian.

Lau urte joan dira Legebiltzarrean lehen agerraldia egin zutenetik. Badira hobera egin duten kontuak, baina asko dago egiteko. Izan ere, plataformatan euskarak duen presentzia %1ekoa da eta kopuru bera izan zen iaz zinemetan izandako euskarazko emanaldiena. Gauza bera  indarrean dagoen legea betetzerako orduan ere. 

Euskal Herriko biztanlegoaren %65 da ordainketa bidezko plataformak kontsumitzen dituena. «Eta institutu eta unibertsitateko –EHU eta UPNA– ikerketak erakutsi du kontsumoa askoz handiagoa dela gazteen artean. Netflix da ikusiena %73arekin, Prime Video ondoren (%67), Movistar (%20) eta Primeran-ek leku txikia du, urrun dago nagusietatik», esan dute.

«Datuok mahai gainean jarrita ikusten da pantailetan ikusten den hizkuntzak erabateko eragina duela gure kaleko eta etxeko hizkuntza erabileran. Zein hizkuntzatan ikusten ditugu? %66 gazteleraz, %22 ingelesez eta %2 beste hizkuntzetan (Korea, Txina...) eta streaming plataformetan euskarak duen presentzia %1ekoa da».

UEMAren 2022ko ikerketan erakutsi zen arnasguneetako gazteen artean telebista, plataforma eta sare sozialetan gaztelera dela nagusi. «Edukiak ere gazteleraz sortzen dituzte gazteek, alegia, pantailen mundua ez da euskararen mundua gazteentzat», adierazi du Aginagaldek.

Egoera oso kezkagarria delakoan daude. «Soziolinguistikan adituek diote eragin handia dutela ikus-entzunezkoek, honek eragin negatiboa duela euskararen jabekuntzan eta erabileran. Azken urtoetan ikusten ari gara moteltze fasea, arnasguneetan beheraka, ikasleen euskara mailaren jeitsiera. Iñaki Iurrebasok bere doktore tesian aztertu zituen hainbat faktore eta nagusietakoa azken hamarkadan hedabideen eta pantailen esparruan izan da».

Aurrerapausuak eman direla onartu du Aginagaldek. «Kezkak bultzatuta sortu genuen elkartea duela lau urte eta ordutik euskalgintzaren eta eragileen eta herritarren babesari esker lortu da euskarak aurrera egitea maila batean. Duela lau urte eskatu genuen streaming plataforma sortzea euskaraz eta lortu da, Primeran eta Makusi jarri ditu abian ETBk; Espainiako Ikus-entzunezko Legean kuotak ezartzea edukiak euskara bikoizteko, ez guk nahi genituen kuotak baina betebehar txiki batzuk eskatu zitzaizkien. Euskara sustatzera bideratutako dirua handitzea eta zinema ekoizteko eta hori ere gertatu da».

«Aldaketak egon egon dira, baina 2022ko legeak zehazten du plataforma bat bera ez dela betetzen ari», nabarmendu du. «Katalogo osoaren %6 hizkuntza koofizialetan –euskara, galegoa eta katalana– izan beharko luke eta ez da betetzen. Urteko irabazien portzentaia bat bideratu behar da euskaraz sortzeko. Netflixek milioi bat euro bideratu beharko lituzke, baina dezente beherago dago» jarraitu du.

Plataforma nagusien –Netflix, Prime Video, HBO Max eta Disney Plus– datu zehatzak eman ditu Xumar Altzugaraik, katalogoan dituzten ekoizpenen berri emanez eta horietatik zenbat diren euskaraz zehaztuz.

«Plataformek euskaraz dituzten edukiak nabarmendu beharko lituzkete eta ez dugu inon ikusten zer dagoen euskaraz, ez da errespetatzen», erantsi dute.

Emanaldien %1 euskaraz zinemetan

Zinemaren alorrean egoera are larriagoa da Pantailak Euskarazen esanetan. Euskal Herrian iazko datuak aztertuta 900 estreinaldietatik –EAEn gutxiago izanda ere– 14 izan ziren euskaraz. Horietatik hiru euskarazko filmak ziren eta beste hamaikak bikoiztuta, Zineuskadik umeentzat duen programan. 197.00 emanaldietatik %1 izan ziren euskarazkoak zinematan».

Izenburu takileroenen artean hutsaren hurrengoa izan zen euskararen presentzia. «Zero», azpimarratu dute. Katalunian bizi duten errealitatearekin alderatu dute. «Han sei film estreinatu dira katalanez, badago aldea».

Zer dio legeak? «Euskararen Legeak mota guztietako edukiak bi hizkuntzetan jasotzeko eskubidea eta zinemetan euskara babesteko neurriak martxan jarri beharra zehazten du. Europako Hizkuntzen Kartan ere bai. Lege aldetik badago non eutsi neurriak aurrera eramateko», adierazi dute.

Datuak mahai gainean jarrita eta legea ez dela betetzen ari eta euskararen egoera osasuntsua ez dela ikusita, hainbat proposamen egin dizkiote Kultura Batzordeari baliabideak, araudia eta egitura propioen sorrerarekin lotuta.

Euskarazko ikus-entzunezko alorrean baliabide ekomonikoak handitzea beharrezkoa ikusten dute.

«Egunean hiru ordu ematen ditugu bataz beste pantailen aurrean. Euskal Herriko zinemagile guztiak filmak euskaraz ekoizten jarrita ere urtean 30-40 pelikulatara iritsiko ginateke eta ez genituzke beteko kontsumo ohituren eskaera», diote. Gauzak horrela, ezinbestekoa iruditzen zaie nazioarteko filmak bikoiztea. «Ez daukagu nazioarteko zinemarako dirulaguntza programa publikorik, beste leku batzuetan gertatzen den moduan eta egoera hobea da horri esker», gogoratu dute.

Promozioan ere bada zer egin. «Edukien sustapenean baliabide ekonomikoak jarri behar dira», esan dute. ‘Euskaraz edukiak jendeak ez ditu kontsumitze’, diote hainbatek. Benetako promozioa izan dutenean badute. ‘Irati’ da honen adibidea. Urteko takileroen artean egon zen, euskarazko inoizko filmarik ikusiena».

Zernonikusi egitasmoa aipatu dute, informazio zehatza eta eguneratua eskaintzen duena euskarazko edukien gainean. «Katalunian erakunde publikoek bere gain hartzen du ardura, heman Pantailak Euskaraz eta Zernonikusi ari gara lanean».

Araudi propioa garatu beharra ere ikusten dute. «Baditu eskumenak eta ahal den guztia arautuz gero errazagoa. Ikus-Entzunezko Legea behar da».

Egitura propioen sorreraren falta ere nabarmendu dute, «Ikus-Entzunezkoen Kontseilua martxan jartzea».