J.S.
BILBO

Gazteek webguneak diseinatuko dizkiete merkatariei

Tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko eta, aldi berean, gazteen konpetentzia digitalak indartzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Puntueus Fundazioak «Gandik» izeneko ekimen berritzailea jarri dute abian.

Portugaleteko DBH, Batxilergo eta LHko ikasleak, ekimenaren aurkezpenean.
Portugaleteko DBH, Batxilergo eta LHko ikasleak, ekimenaren aurkezpenean. (IREKIA)

Euskal Autonomia Erkidegoko saltokien errealitate digitalari buruzko ikerketek diotenez, establezimenduen %30ek baino ez dute web orri aktibo bat, eta %13k baino ez ditu online salmentak egiten. Datu horiek hobetzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritzak eta Puntueus Fundazioak “Gandik” proiektua sustatu dute. 2025-2026 ikasturtean jarriko da martxan lehen aldiz, Portugaleten eta Beasainen, esperientzia pilotu gisa.

Puntueus-ek Google Mapsen datuetan oinarrituta egindako ikerketaren arabera, Portugaleteko 636 saltokietatik 195ek (%31) baino ez dute webgune aktibo bat. Datu horiek EAEko batez bestekoaren antzekoak dira, eta agerian uzten dute negozioen bi herenek oraindik ez dutela Interneten benetako presentziarik.

Josu Waliño Puntueus-eko zuzendariaren hitzetan, «saltoki gehienek, bai Portugaleten, bai beste edozein udalerritan, ez dute oraindik presentzia digital sendorik. Horrek esan nahi du digitalizazioaren bidez sakon eraldatu daitekeela, bai salmentei dagokienez, bai komunitatearekiko harremanari dagokionez. ‘Gandik’ proiektua urrats sendo eta praktikoa da erronka horri eraginkortasunez erantzuteko».

Ekimenaren bidez, Portugaleteko eta Beasaingo DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, irakasleen eta Puntueus-en laguntzarekin, webguneak diseinatuko dituzte tokiko negozioentzat. Lehenengo fasean, gazteek establezimenduak bisitatuko dituzte, haien errealitatea gertutik ezagutu eta proiektuaren helburuak elkarrekin definitzeko. Ondoren, webgunea garatzen hasiko dira, eta, amaitutakoan, webgunea erabiltzen eta kudeatzen irakatsiko diete merkatariei, autonomoki egin dezaten.

Prozesu horri esker, gazteek sakon ezagutu ahal izango dituzte merkataritza-sarea eta merkatariak, eta azken horiek, aldi berean, begirada berritzailea eta negozioa indartuko duten gaitasun teknologikoak jasoko dituzte. Horrela, lotura sendoak sortuko dira belaunaldien artean.

HAMAR DENDA, EHUN IKASLE

Lehen urte honetan martxan jarriko den fase pilotuan, udalerri bakoitzean hamar denda inguru digitalizatzea aurreikusi da, eta lau ikastetxek eta ehun bat ikaslek hartuko dute parte.

Merkatariek ez dute ezagutza teknikorik behar, ezta baliabide handirik ere, ikasleak arduratuko baitira webguneak sortzeaz. Gainera, webgune bakoitzak doan izango ditu “.eus” domeinua eta alojamendua lehen urtean, Puntueus-en ekarpenari esker.

Portugaleteko eta Beasaingo saltokiek oraindik izena eman dezakete www.gandik.eus web-orrialdean. Parte hartzea doakoa da, eta aukera paregabea da establezimenduek digitalizazioranzko lehen urrats handia egin dezaten gazteen eta komunitate osoaren laguntzarekin.

Lehen webguneak 2026ko udaberrirako aktibo egotea aurreikusten da eta datozen bi urteetan proiektua beste udalerri batzuetara zabaltzea aurreikusten da. 2027aren amaierarako helburua da 100-150 saltokik webgune propioa eta aktiboa izatea, 1.000 gaztek baino gehiagok parte hartzea eta 30-40 hezkuntza-erakunde inplikatuta geratzea.