J.S.

Egun potoloa gaurkoa herriko ostalarientzat

Beste urte batez, Gernika-Lumoko ostalariak itxaropentsu daude urriko azken astelehenari begira, urtean zehar lan gehien egiten duten eguna delako. Dendarien kasuan, beste herrietatik datorren jendearen bisitak jasotzen dituzte, baina ez da salmenta egunik handiena izaten.

Ipar tabernako lan taldea, astelehen egun osoan lan egiteko prest.
Ipar tabernako lan taldea, astelehen egun osoan lan egiteko prest. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astelehen guztiak dira bereziak Gernikako tabernari eta dendarientzat, egun horretan egiten baita asteroko baserritarren azoka. Baina urriko azken astelehena desberdina da, goizetik iluntzera arte herria jendez betetzen delako. Datu ofizialen arabera, egun honetan ehun mila pertsona inguru elkartzen dira Gernika-Lumon. Iaz, esaterako, 90.000 pertsonak bisitatu zuen azoka, eta duela bi urte errekorra hautsi zen, 125.000 pertsonarekin, Domu Santuen egunaren bezpera egokitu zelako.

Aurten ez da zubirik izango, baina jende andana espero dute baita ere. Ohikoa den moduan, herriko ikastetxeak itxita egongo dira, baita lantoki asko ere. Bitartean, tabernariek eta dendariek lan egingo dute gaurko egunarekin, baina ez erritmo berdinean.

Ipar tabernako Erlantz Gonzalezek, esaterako, goizeko zazpietan zabalduko ditu ateak, eta ez du gaueko hamarrak edo hamaikak arte itxiko. Bere taberna ez dago herrigunean, Bekoibarra industriagunean baizik (Eroski Centerren alboan), eta lan handiena goizez egiten du. «Gure berezitasuna pintxoak, plater konbinatuak eta hanburgesak dira, eta jendea pikoteatzera etortzen da», dio arduradunak. Egun honetarako normalean baino askoz sagardo botila gehiago prestatu ditu.

Dendarien kasuan, gaurko egunarekin gehienek goizez bakarrik zabaltzen dute, arratsaldeetan ez baita erosketa girorik izaten. Hala egingo du Ainara Amutiok, bere aitona-amonek 1948an zabaldu zuten drogeriako nagusiak. Merkatuaren ondoan dagoen denda honek normalean baino bisita gehiago jasotzen du, beste herrietatik datorren jendea ere sartzen delako. Baina ez dela salmenta egunik handiena izaten dio Ainarak.

TABERNAK, GAUERA ARTE

Arratsaldez dendak itxi egiten dira, baina tabernariek lanean jarraitzen dute. Ipar tabernan, adibidez, kafe asko prestatzen dituzte alboan dagoen Astra eraikinean egiten diren bazkarietara eramateko. Eta ondoren, lana pixka bat jaisten den arren, hamarrak edo hamaikak arte ez dira gelditzen.

Jai Alai frontoira ikusle asko etortzen da, baina jende hori erdiguneko tabernetan geratzen da. Eta pilota partidak bukatu ondoren, gazteek goizaldera arte luzatzen dute parranda; baina Erlantzek dion moduan, «hori ere herrigunean izaten da, eta bertako tabernek nabaritzen dute».

Modu batera edo bestera, tabernariak zein dendariak bat datoz esaterakoan eguraldiak zeresan handia izango duela. «Eguraldi txarrarekin jende gutxiago etortzen da, eta etortzen den hori gutxiago mugitzen da».