NAIZ

Bermeon eta Ondarroan izotz fabrika berriak egingo dituzte, arrain lonjak hornitzea helburu

Ondarroan eta Bermeon izotz fabrika berri bana eraikiko dira, Lakuaren bultzadarekin. Arrain lonjak izotzez hornitzea eta itsasontziei ere banatzea dute helburu. Ondarroaren kasuan, datorren maiatzerako amaitzea aurreikusten dute, eta Bermeokoa, berriz, uztailaren erdialderako.

Amaia Barredo sailburua, eraikiko diren izotz fabriken berri ematen.
Amaia Barredo sailburua, eraikiko diren izotz fabriken berri ematen. (Irekia)

Lakuako  Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak izotz fabrika berriak bultzatuko ditu Bermeo eta Ondarroako lonjetan. Instalazio berri horien helburua arrain lonjak izotzez hornitzea eta ontziei izotza ematea da, arraina portura iritsi arte kontserbatu ahal izateko. 

Instalazio berriekin egun zaharkituta dagoen zerbitzua «modernizatzea» lortuko dutela adierazi du Amaia Barredo sailburuak; izan ere, 1978koa da Bermeokoa eta 1971koa Ondarroakoa. «Izotz fabrika berri horiek gure arrantzale eta operadoreei zerbitzuaren kalitatea eta lana erraztu eta hobetuko diete, eta kontrol, segurtasun eta eraginkortasun energetikoaren automatizazio hobea ahalbidetuko dute», azpimarratu du sailburuak. Izotz fabrika berriak maiatzaren hasieran martxan jartzea aurreikusten da Ondarroaren kasuan, eta uztailaren erdialdean Bermeokoa.

Guztira 6.583.458,22 eurokoa izango da egingo duten inbertsioa, Ondarrokoa egiteko 3.854.443,67 euroko inbertsioa aurreikusi da, eta Bermeokorako, 2.729.014,55 eurokoa. 

Bermeoko fabrika

Sailburuak adierazi duenez, gaur egun kaiko zabalgunean dauden instalazioak Erroxapeko portu eremuan dagoen arrantzaleen kofradiaren eraikinera igaroko dira. Eta fabrika horrek bi irteera izango ditu hornidurarako, bata iparraldean itsasontzientzat eta bestea hegoaldean kamioientzat.

Zehaztapen teknikoei dagokienez, beheko solairuan izotz siloa, amoniako zirkuituko konpresoreak eta mantentze lanetarako tailer bat jarriko dira. Bulegoen solairuartearen azpian makina gela egongo da, kontrol bulegoa lehenengo solairuan, eta lurrungailuak edo sorgailuak goiko solairuan. Eraikuntza lanek hamar hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten dute. 

Bestalde, proiektu hau «herriko dartsena» eraldatzen hasiko dela iragarri du sailburuak, Portua Antolatzeko Plan Orokorraren barruan.

Ondarroako fabrika

Lantegi berria lonjan kokatuko dela jakinarazi du Barredok, «eta eskatutako edozein izotz eskariri erantzuteko teknologiarik aurreratuenaz hornituta egongo da, hornidurarik ez izateko arriskurik gabe», gehitu du. Itsasontzien zerbitzuari dagokionez, bi irteera izango ditu hornikuntzarako, bata iparraldean eta bestea ekialdean. 

Zehaztapen teknikoei lotuta, beheko solairuan izotz siloak kokatuko dira, eta horien artean makina gelak, konpresoreak, hotz koadroak etabar egongo dira. Kontrol bulegoa beheko aldean egongo da, eta zortzi hilabetean amaitzea aurreikusten dute, datorren urteko maiatzerako. 

Beste jarduera batzuk ere aurreikusi dira Ondarroan, hala nola zerkausia konpontzea (454.000 euro), portua dragatzea (2.500.000 euro) eta Egidazu kaia berrurbanizatzea eta konpontzea, azken honen proiektua idazketa prozesuan dagoena.