Errautsen lorategiak, oroitzapenerako aukera berriak
Hildako senitartekoak erraustea erabakitzen duten familiak gero eta gehiago dira, baina askok ez dakite gero errautsekin zer egin: ontzi batean etxera eraman, kolunbario batean gorde edo mendian zabaldu. Baina bada beste aukera interesgarri bat: errautsen lorategiak edo oroitzapenaren basoak.

Euskal Herriko ehorzketa datuek ez dute zalantzarako tokirik uzten: errausketek lekua irabazten jarraitzen dute, ohiko ehorzketen aurrean. Duela hamarkada bat aukera hori gutxiengoa bazen (%30-40), gaur egun ehorzketen pare jarri da eta zenbait hiritan %70-80 izatera ere iritisi da.
Hori bai, landa eremuko eta hiriburuen arteko aldea oso handia da. Horrela, herri txikietan ehorzketaren ohiturak gehiengoa izaten jarraitzen du. Baztan bezalako eskualdeetan %90ean hil kutxa eramaten da kanposantura eta bertan lurperatu. Hiriburu handietan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Iruñeko Udalak plazaratu berri dituen datuen arabera, errausketen portzentajea %84ra iritsi zen 2024an, eta aurten bide beretik jarraitzen du, irailera bitartean %83,7koa izan baita.
Errausketaren gorakadaren arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina sektoreko profesionalak bat datoz bi nabarmentzean. Batetik, ohituren aldaketa -jendeak ez du hilerrira bisitatzera joateko konpromisorik hartu nahi- eta, bestetik, faktore ekonomikoa. Izan ere, hasiera batean erraustea garestiagoa bada, luzaroan merkeagoa atera daiteke hilobiaren alokairua ez delako ordaindu behar.
Hala ere, erraustea aukeratzen duten familiak gehiengoa diren arren, askok ez dakite zer egin errautsekin gorpua erraustu ondoren. Normalean, etxean gordetzen dira ontzi baten barruan, horma-hobietan uzten dira edo mendian zabaltzen dira.
Gaur egun, gero eta gehiago dira horma-hobi edo kolunbarioak prestatu dituzten hilerriak, eta elizetan ere eskaintzen dira. Baina beren erabilera ez da espero bezala zabaldu, eta oso gutxi dira toki horietan gordetzen dituztenak.
Beste jarduera bat ere indarra hartzen ari da azken urteetan: mendian edo itsasoan zabaltzekoa. Beste estatu batzuetan erabat debekatuta dagoen bezala -ingurumenean duen eraginagatik-, EAEko jarduera funerarioaren inguruko 2004ko Erregelamenduak ez du irizpide bat ezartzen baimenduta dagoenari edo ez dagoenari buruz. Hori bai, udal mailan araututa dago errauts ontziak non utzi daitezkeen, oroigarri plakak jarri daitezkeen ala ez, eta errautsak toki jakin batzuetan zabaldu daitezkeen ala ez. Horregatik, praktika horiek espazio publikoetan gauzatu aurretik, tokiko udal araudia ezagutzea komeni da.
Hilerritik kanpoko jarduera horiek zalantzak sortzen dizkienentzat, azken urteotan oso interesgarria izan daitekeen beste aukera bat zabaltzen ari da: errautsen lorategiak eta oroitzapenaren basoak. Leku horietan, familiek hildakoari azken agurra eman diezaiokete eta errauts ontziak utzi, baita errautsak zabaldu ere.
Bilbon, esaterako, orain dela bederatzi urte zabaldu zuten oroitzapenaren basoa. Derioko hilerriaren erdian kokatua, erramu arbola sinboliko baten inguruan gune zirkular bat prestatu da, enbor azalez estalia eta harrizko jarlekuez inguratua. Errautsak zabaldu ondoren, ur lainozko sistema bat martxan jartzen da, errautsak pixkanaka xurgatzen joan daitezen.
Gasteizko El Salvador hilerrian, bestalde, errautsen lorategia dago. Kasu honetan, leku harriztatua da eta ureztatze sistema batek errautsak lurperatzen laguntzen du baita ere. Lorategi horretan lurperatua nor dagoen jakiteko, hildako bakoitzaren izena duen metalezko xaflak biltzen dituen orotarri bat dago.
ABADIÑOKO HILERRIAN
Errautsen lorategi gehienak hiriburu handietan badaude ere, badira herri txiki batzuk zerbitzu hori ere eskaintzen dutenak. Abadiñon, adibidez, 2023an zabaldu zuten Gasteizkoa bezalako instalazioa. Bertan, errautsak harriz betetako lorategi batean isurtzen dira, lurrarekin bat egin dezaten.
Abadiñoko errautsen lorategia Trokaz donearen elizaren atzean dagoen hilerrian dago. 4,90 metro luze eta 1,40 metro zabal dituen altzairuzko lorategia errekarri zuriz beteta dago eta, Bilbon eta Gasteizen bezala, ur lainozko sistema bat martxan jartzen da, errautsak pixkanaka xurgatzen joan daitezen.
Lorategiaren ondoan granitozko lauza bertikal bat jarrita dago, eta plaka txiki batean inskribatuta geratzen dira pertsonen izenak.
Herriko udal arduradunek dei egiten die herritarrei zerbitzu hau erabil dezaten, hilerritik kanpo errautsak zabaltzea baimenduta ez dagoelako eta ingurumena zaintzeko modurik onena delako. Ekartzen diren lore eta oroigarriak ere ekologikoak eta biodegradagarriak izan daitezela eskatzen dute.
Abadiñoko errautsen lorategia herriko hilerri zaharraren alboan dago. Azken hau, eskualdeko ondarearen adibide interesgarria da, Bizkaiko hilerri arkupedunak bezala ezagutzen den nekropoli familiaren barruan kokatzen baita. «Heriotzak pertsona guztiak berdin bihurtzen ditu» ideian oinarrituta dago eta, beraz, hildakoetako inori ez zaio lehentasunezko espaziorik ematen.
1854an eraikia, nekropolia estilo neoklasikora egokitzen da. Hala, Rafael Zavalak eta Pedro Jose de Astarbek neoklasizismoaren azken uneetan eraiki zuten, Bizkaiko berezko egiturarekin, eta formula ederra eta funtzionala du: klaustro angeluzuzen bat, lorategiduna, eta bertako hilarriak sabai arin bat eusten duten zutabeez inguratua. Elizpe erromatar baten antzeko atari batetik sartzen da bertara.

Gorpuen errausketa: 5.000 urteko historia
Gizakien errausketa antzinatik datorren erritua da. Europan aurkitutako aztarna zaharrenak Kristo aurreko 3000. urtekoak dira, eta antzinako Grezian ohiko ohitura bilakatu zen. Une horretatik aurrera errausketa herrialde askotan zabaldu zen (Mesopotamia, italiar penintsula...)
Iparraldeko herriek ere erritu hori bereganatu zuten eta zelten artean ohikoa izan zen Brontze Aroaren amaiera aldera, errautsontzi eremuaren kulturan (K.a. 1250-750 urteak). Garai hartan, hildakoaren errautsak zeramikazko kutxatiletan sartu eta lurrean egindako zulo batean lurperatzen ziren, nekropoli zabalak osatuz.
Erromatarrek bere egin zuten K.a-ko 600. urtean, nahitaezkoa bihurtuz. Erretako hezurrak kutxetan sartu eta horma-hobi edo kolunbarioetan gordetzen zituzten.
Euskal Herrian ditugun errausketa aztarnarik zaharrenak garai hartakoak dira. Gipuzkoan, Irungo Xantalen ermitaren azpian 106 zeramikazko ontzi agertu ziren, Kristo ondorengo I. eta III. mende artekoak. Nafarroan, Zaldua erromatar eremuan (Auritz) garai bereko 92 errausketa kutxa aurkitu ziren. Eta Bizkaian, Sollube mendiaren iparraldeko hegalean, beste errausketa nekropoli bat aurkitu zen, Tribizburu izeneko parajean, hau ere garai berekoa.
Lehenbiziko bi kasuetan, Brontze Aroko erritua mantentzen zutela jakin da: gorpua zurez egindako sutan erretzen zen eta, ondoren, zeramikazko ontzietan lurperatzen zuten, hildakoaren objektuekin eta jasotako eskaintzekin batera.
Erromatar inperioaren amaieran kristautasunak ez zuen begi onez ikusten errausketa, eta hilobi arruntak zabaltzen hasi ziren, errausketak desagertuz. Egoera hori hurrengo 1.500 urteetan mantendu zen ia Europa osoan. Errausketak izurriteen kasuetan bakarrik onartzen ziren, edo hil ondoren zigortzeko modu bezala.
Gaur egun ezagutzen dugun errausketak XIX. mendearen erdialdean du jatorria, mugimendu higienistak gorpuak erretzeko labea asmatu zuenean. Mende bat igaro ondoren, kristautasunak erritu hori onartu zuen eta Pablo VI.a aita santuak errausteko debekua altxatu zuen, 1963. urtean.
Gaur egun eliza katolikoetan errautsak gordetzeko horma-hobi edo kolunbarioak daude. 2020ko Covid pandemia dela eta, errausketak indar handiagoa hartu du.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
