
Gernikako Astrako kideek agerraldia eskaini zuten ostiralean, arma fabrika izan zena okupatu zuteneko 20. urteurrenaren karira, bere sorrera nola izan zen oroitu eta gaur egunera arteko ibilbidearen errepasoa egiteko. Gogoratu zutenez, 2005eko azken hilabetean ekin zioten bideari, Gernikako herritarren «beharrizan handiak» asetzeko helburuarekin.
Zerrendatu zutenez, garai hartan, gaztetxe baten eskaria, entsegu lokalen falta eta kultur taldeentzako azpiegitura arazoak zeuden eta horrek bultzada eman zien espazio hura okupatzera.
Oroitu zutenez, «gazteriaren indarrak» sortu zuen Astra. Bertako kideen esanetan, gazteak dira haien komunitateko «hari guztien erdigunea» eta horregatik «egoteko, borrokatzeko zein saretzeko leku bat merezi dute». Nolanahi ere, gazteena ez ezik, Astrako estalpea «belaunaldi askoren topagune» dela nabarmendu zuten.
«Urteotan egindako bide luzean hainbat eragile eta norbanakok hartu dute parte. Ez zegoen lekutik sortzeko borondatea eskaini eta arrastoa utzi du gurean kide askok. Tartean, Dabid Zelaiak», aipatu zuten.
Harekin batera, Gernikako gizarte eta kultur mugimendua elikatu duten kide, elkarte, talde, lagun talde eta Trinkete Antitxokoko bidelagunak gogoan izan zituzten.
Horrez gain, Astraren baloreak gogorarazteko aukera baliatu zuten: autogestioa, euskara, feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren kontrakoak eta memoriarekin konprometituak.
Era berean, hurrengo abenduan zehar 20. urteurrena dela eta antolatuko dituzten jardueren berri eman zuten, egitarau zabala izango dela iragarriz. Astran izango dira era guztietako mahai-inguru, kultur ikuskizun, hitzaldi eta bestelakoak. «Hasierako ilusio eta gogo berberarekin».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Zestoa: El fiscal admite la sombra de violencia machista pero mantiene la petición de multas

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
