Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Gaua’ eta Paul Urkijoren heldutasun artistikoa

‘Errementari’-n XIX. mendera bidaiatu genuen, ‘Irati’-n VIII. mendeko kondairetara, eta ‘Gaua’-n, XVII. mendeko iluntasunean murgilduko gara. Sitgesetik igaro ostean estreinatu da ‘Gaua’ Donostiako 36. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Zinemetan azaroaren 14tik aurrera egongo da ikusgai.

‘Gaua’ filmaren une bat.
‘Gaua’ filmaren une bat. (David HERRANZ)

Asko dira ahozko tradizioan belaunaldiz belaunaldi gorde diren ipuinak; eta ezagunenetako bat, zalantzarik gabe, ‘Patxi Errementaria’ da. ‘Errementari’ Urkijoren lehen film luzea da. Alor teknikoa bereziki ikusgarria da: argazki zuzendaritza, musika, soinuaren erabilera eta giropen lana oro har nabarmenak dira. Istorioa pantailaratzeko erabiltzen duen tonua ere deigarria da; izua eta beldurra, umorearekin eta satirarekin nahasten ditu. Hizkuntzarekin loturiko ezaugarri ederra ere badu filmak, izan ere desagertuta dagoen Arabako euskara ezagutzeko aukera ematen du.

Eta zer esan ‘Irati’-ri buruz? Ezpata eta sorginkeriaren azpigeneroari egindako omenaldia da: batailak, abenturak, munstroak eta, batez ere, desberdinak diren izakiak ageri dira bertan, euskal naturari eta mitologiari idatzitako maitasun-gutun ederra da. Euskaraz egindako pelikulen artean mugarri izan da hainbat arrazoiengatik; euskal ekoizpenik handiena da, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin, euskarazko film baten historiako estreinaldirik onena ere izan da, eta gainera, zinemetan euskaraz orain arteko ikusiena.

‘Gaua’: heldutasun artistikoa

Urkijok, bere nortasunari tinko helduta, eta fantasiaren zein beldurraren kodeetan barneratuz, ikusleak gaueko izaki mitologikoen lurralde ilun eta iradokitzailean barrena eramaten ditu ‘Gaua’ filmean.

Sorgin ehiza betean girotua, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.

‘Gaua’ beste aurrerapauso bat da Urkijoren filmografian. Ez da, agian, ikusgarriena; ezta epikoena edo zalapartatsuena ere. Baina bai helduena, zehatzena, eta beharbada, zintzoena.

‘Errementari’-ren munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, ‘Irati’-k zuen emozioa, maitasun keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasunaren dosi txiki batzuk erantsi dizkio; hori da ‘Gaua’, zuzendari gasteiztarraren filmografian beste mugarri sendo bat, bere heldutasun artistikoaren adibide garbia.

‘Gaua’ filmaren errodajea, Elorrion. (David HERRANZ)

Egitura berezia eta istorioaren haria

Filmaren gidoia berezia da: ez da kronologikoa; ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama, eta atalka antolatuta dago, matrioxka baten barruan dagoen ipuin kontalari baten tankeraz. ‘Gaueko’, ‘Inguma’, ‘Mateo txistu’ eta ‘Akelarrea’ dira lau pasarteen izenburuak, eta horietako bakoitzean Kattalin (Yune Nogueiras) izango da haria, istorio eta pertsonaia guztiak lotuko dituen figura.

Kattalin (Yune Nogueiras) protagonistari buruz hauxe aipatu du zuzendariak: «Oso argi neukan berak izan behar zuela; ezagutzen nuen bere lana eta zuzenean jo nuen beregana, eta sekulako lana egin du, izugarria. Emozioz beteriko pertsonaia da: asko sufritzen du eta oso bidaia bizia du filmean zehar; fisikoki, oso lan potentea izan da».

Sekuentzia plano luze batez hasten den atal horien azkena ‘Akelarrea’ da, erronka handiko sekuentzia. «Kamerak gorputz guztien artean bidaiatzea nahi genuen. Festa baten moduan hasten da, baina apurka-apurka erritmo biziago bat hartzea nahi nuen, Kattalin agertzen den unera iritsi arte. Guztia plato batean filmatu genuen, eta egun oso bat behar izan genuen hasierako guztia grabatzeko. Aurretik oso ongi entseatu genuen dantzariekin, koreografiak landuz, eta oso ongi atera zen. Biluziak eta sexu-uneak daudenez, intimitate-koordinatzailearekin lanean aritu ginen. Niretzat oso garrantzitsua zen filmean azaltzen den sexua ahalik eta ederrena izatea; Inkisizioak eta tradizionalismo zaharkitu horrek suntsitu eta ezabatu nahi izan zituen gauza guztiak duin bihurtzea nahi nuen», erantsi du Urkijok.

Artisau lana

Gasteiztarraren obran hainbat ezaugarri nabarmentzen dira, eta horien artean, bereziki aipagarria da efektu fisikoen eta artisau lanaren presentzia. «Betidanik gustatu izan zait efektu fisikoak erabiltzea: protesiak, maskarak, makillaje bereziak eta abar, noizean behin efektu digitalen laguntzarekin, eta batzuetan, arazoak sortu ahala, konpontzen eta sortzen goaz. ‘Gaua’-ren kasuan, apur bat harago joan gara: filmean agertzen diren prologoa eta atalen afixak, esaterako, egurrean egin ditugu, eta zuzenean filmatu dugu hori guztia; ez da digitala. Horrela egin nahi izan dut ukitu fisiko hori aberasteko. Esfortzu handia suposatu du, baina guztia hain digitala den garaiotan, euskarri fisikoa aldarrikatzeko modu bat ere izan da», azaldu du Urkijok.