«Konplexuena iluntasuna eta gaua irudikatzea izan da»
Sitges Kataluniako Zinema fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian estreinatuko du Paul Urkijok bere lan berria: ‘Gaua’. XVII. mendean girotuta dago, sorgin ehiza betean eta gaueko izaki mitologikoak ditu protagonista.
Beldurraren eta fantasiaren zaleentzat, ezinbesteko santutegi bilakatu da Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldia. Genero horien barruan munduko jaialdirik garrantzitsuenetakoa da, eta zinemagile askori beste jaialdi orokorretan topatzen ez duten babesleku eta aukera eskaintzen dizkie, ikusgarritasuna ematen die. Ohikoa bihurtu da Paul Urkijoren presentzia jaialdian: ‘Errementari’ eta ‘Irati’ bertan aurkeztu zituen, eta oraingoan ‘Gaua’ film berriaren txanda da.
Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.
‘Irati’ 2022an estreinatu zenuen, Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian. Hiru urte geroago, plaza berean, ‘Gaua’ izango da Sail Ofizialean lehian. Zer moduz zaude?
Oso gogotsu nago egia esan. Pelikulak ikusleentzat egiten ditut eta hori da azken pausua.
Orain dela hiru urte, Publikoaren Saria eta Efektu Bereziena irabazi zenituen Sitgesen. Zein harrera espero duzu oraingoan?
Hori ez dugu inoiz jakiten, eta gainera, esango nuke hobe dela horretan ez pentsatzea. Niretzat saririk handiena publikoari pelikula gustatzea da. Hortik aurrera, sariak edo dena delakoak etortzen badira, noski, ongietorriak izango dira; promoziorako baliagarriak izaten direlako, eta filmak nazioartean errazago bidaiatzeko aukera ematen duelako. Baina, esandakoa: hobe sarietan ez pentsatzea.
Murgil gaitezen ‘Gaua’ filmean. Gaueko izakien mundu mitologikoa eta landa-eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen dituzu, emozioz eta epikaz betetako unibertso bat sortuz... Nola uztartzen dira emozioa, epika eta misterioa?
Esango nizuke zuzendari gehienok senarekin egiten dugula lan, eta niri, pertsonalki, elementu horien oreka zerbait naturala dela iruditzen zait. Basatiak, ilunak edo beldurgarriak diren eszenak amodioz, edertasunez eta epikaz laguntzea beharrezkoa iruditzen zait. Tonoari dagokionez, eta oro har, filmak dituen osagaiei dagokionez, alderdi historiko eta fantastikoaren artean jaiotzen diren elementuak dira.
«Argi neukan Yune Nogueirasek izan behar zuela Kattalin; ezagutzen nuen bere lana eta zuzenean jo nuen beregana. Sekulako lana egin du, emozioz beteriko pertsonaia da»
‘Errementari’ filmean XIX. mendera jo zenuen, ‘Irati’-n VIII.era, eta ‘Gaua’-n, berriz, XVII. mendera, sorgin ehiza betean hain zuzen. Kontuan izanik efektu digitalak apenas erabili izan dituzula orain arte zure ibilbidean, nolakoa izan da garai jakin hori birsortzeko prozesua? Bide beretik jarraitu duzu?
Bai, bide beretik jarraitu dut. Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, beldur eta fantasiaren generoari dagokionez ez dago industriarik; horregatik, gauza asko guk geuk sortu behar ditugu, artisau-lana balitz bezala ia. Niri betidanik gustatu izan zait efektu fisikoak erabiltzea: protesiak, maskarak, makillaje bereziak eta abar, noizean behin efektu digitalen laguntzarekin, eta batzuetan, arazoak sortu ahala, konpontzen eta sortzen goaz. Nire erreferenteek beti erabili dute alderdi fisikoa: filmaren errealismoa eta benetakotasuna indartzearekin batera, ehundura berezia jariatzen dute. ‘Gaua’-ren kasuan, apur bat harago joan gara: filmean agertzen diren prologoa eta atalen afixak, esaterako, egurrean egin ditugu, eta zuzenean filmatu egin dugu hori guztia; ez da digitala. Horrela egin nahi izan dut ukitu fisiko hori aberasteko. Esfortzu handia suposatu du, baina guztia hain digitala den garaiotan, euskarri fisikoa aldarrikatzeko modu bat ere izan da.
Inkisizioak gogor jo zuen garaian sortu ziren gaueko ipuin eta sorginen mito asko, baita gezur asko ere. Gai hori jorratzeko, fantasiaren eta errealitatearen artean nabigatzen doa filma. Zenbat du fantasiatik eta zenbat errealitatetik?
Pelikula osoa fikziozkoa da; ez da benetako istorio batean oinarritzen, baina XVII. mendeko jazarpen zehatzetan inspiratu naiz kontakizuna idazteko. Inkisidoreek sortutako gezur horietan agertzen ziren sekta satanikoak, infantizidioa, kanibalismoa eta antzekoak. Bestalde, mitologia europarrean badago gurtza bat adardun jainkoei egiten zaiena, ugalkortasunarekin lotuta dagoena, eta horren inguruan teoria ugari daude. Umeei kontatzen zaizkien beldurrezko ipuinak ere hor daude: ‘Gaueko’, ‘Inguma’, «Kontuz, otsoa dator» eta antzekoak. Beraz, elementu horiekin guztiekin euskal mitologiaren unibertso moduko bat sortu da, eta nik egin nahi izan dudana da garai jakin horretan osagai horiekin jolastu: gauean eta iluntasunean murgiltzea, eta bide horretan sortu ziren gezur horietatik ihes eginez, gauaren askatasunaren figura aldarrikatzea.

Kattalin (Yune Nogueiras), Beltra (Ane Gabarain), Graxiana (Elena Irureta), Rene (Iñake Irastorza), Maritxu (Erika Olaizola) eta Estertxi (Elena Uriz). Emakumeen presentzia nabarmena dago filmean, hala eskatzen zuen istorioak? Hasieratik argi izan duzu aktore horiekin aritu nahi zenuela?
Bai. Lehen aipatu moduan, nik normalean senari jarraiki idatzi eta diseinatzen dut, eta kasu honetan guztiz naturala atera zait. Sekulako zortea izan dut castingarekin. Protagonista, Kattalin (Yune Nogueiras), oso argi neukan berak izan behar zuela; ezagutzen nuen bere lana eta zuzenean jo nuen beregana, eta sekulako lana egin du, izugarria. Emozioz beteriko pertsonaia da: asko sufritzen du eta oso bidaia bizia du filmean zehar; fisikoki, oso lan potentea izan da.
Film osoa harilkatzen duen pertsonaia da?
Hori da. Bera da ipuinetan edo ataletan agertzen den pertsonaia nagusia, azken klimaxera iritsi arte. Bere baserritik ihes egiten du, gertatu zaion egoera larri batengatik, eta basoan sartzen denean garbitoki batean hiru emakumerekin egingo du topo: Beltra (Ane Gabarain), Graxiana (Elena Irureta) eta Rene (Iñake Irastorza). Gauean elkartzen diren hiru emakume dira, trago batzuk hartu eta txutxu-mutxuak elkarri kontatzeko. Bakoitzak beldurrezko ipuin bat kontatuko du, eta Kattalin ipuin horietan barrena bidaiatuko du. Egia esan, hiru aktore hauekin lan egiteko aukera izatea ikaragarria izan da; sekulako antzezleak dira. Hiru izen hauek ere oso argi izan ditut hasieratik.
Itxuraz, ‘Irati’ filma baino itxiagoa dirudi, baina dirudiena baino konplexuagoa da...
‘Itxiagoa’ adjektiboa oso aproposa iruditzen zait; basoa, iluntasuna, lokalizazio aldetik murritzagoa... baina beste alde batetik sekuentzia oso oso epikoak ere ditu. Ez da sorginkeria eta ezpata azpigeneroan sartzen den filma, ‘Irati’-ren kasuan bezala, baina gauean gertatzen diren sekuentzia batzuetan epika ere bilatu dut.
Zure film guztiek zailtasun berezia izan dute filmatze lanetan, oraingoan Euskal Herriko toki askotan, negu gorrian, euritan, basoan eta ordu txikitan grabatu duzue. Zure ibilbideko errodajerik zailena izan da?
Gauez filmatzea zailtasun asko ekartzen dituela agerikoa da, baina ez nuke esango zailena izan denik, konplikatua da horri erantzutea. Sekuentzia pare batean figurante asko izan ditugu, eta hori ere ez da erraza izan. Kontua da naiz eta agian filmaketa lana korapilatsuagoa izan, urteen poderioz esperientzia irabazi dudala: gauzak errazago atera zaizkit, lasaiago egon naiz... Orduan, sentsazioa antzekoa izan da.
«Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza; hiru aktore hauekin lan egiteko aukera izatea ikaragarria izan da, sekulako antzezleak dira»
Filmatzerik zailena izan ez bada ere, izango du zailtasun berezirik alorren batean?
Ziurrenik gauaren beraren ikuskera irudikatzea izan da zailena; gaua nola argiztatu, zer ikusten den eta zer ez, iluntasunari bizia eman nahi bagenion, noraino ilundu, ikusi ere egin behar delako. Konplexuena iluntasuna eta gaua tratatzea izan da.
Donostia Zinemaldiko aurtengo edizioa historikoa izan da euskal zinemagintzarentzat eta Sitgesen ere presentzia nabarmena izango du, izan ere lau euskal ekoizpen egongo dira: ‘Gaua’, ‘Singular’ (Alberto Gastesi), ‘Decorado’ (Alberto Vazquez) eta ‘Balearic’ (Ion de Sosa) ere. Zer moduz daramazu euskaldunen arteko ‘lehia’ osasuntsu hau?
Ez da inongo lehiarik existitzen gure artean. Sekulako poza eragiten dit aurten hainbeste euskal film estreinatzen ari direla ikusteak, beste urtetan zoritxarrez ez da halakorik gertatu eta une hau bizitzen egotea eta horren parte izatea pozgarria da.
Lehen aldiz Irusoin ekoiztetxearekin aritu zara. Zer moduz?
Oso ondo, egia esan. Oso burugogorra naiz, eta beraiei esker, ia nahi izan dudan guztia egin ahal izan dut; sekulako askatasun kreatiboa izan dut istorioa aurrera eraman ahal izateko.
Sitgestik leku berezi batera egingo du jauzi filmak: Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko astera. Etxekoa bezala sentitzen duzun jaialdia da?
Bai, noski. Ikusle gisa betidanik joan naiz, baina zinegile naizenetik ere, nire lan guztiak bertan eman dituzte. Nire filmen Euskal Herri mailako estreinaldiak bertan izan dira, eta horregatik ere oso jaialdi berezia da. Oso ondo tratatu naute beti; esan duzun moduan, etxean bezala sentitzen naiz bertan.
Eta hortik aurrera?
Hiriburu desberdinetan aurrestreinaldi batzuk antolatuko ditugu, eta, ondoren, zinema-aretoan azaroaren 14an estreinatuko da.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek


