Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Gaua’-ren iluntasunak Sitges argitu du

Sitges-eko jaialdiaren hirugarren egunean heldu da jaialdi osoko zitarik garrantzitsuenetakoa: Paul Urkijo gasteiztarraren ‘Gaua’ estreinatu da. Lau atalez osatutako obra pertsonal, eder eta berezia sortu du, inor epel utziko ez duen proposamena.

Paul Urkijoren ‘Gaua’ filma.
Paul Urkijoren ‘Gaua’ filma. (David HERRANZ)

Oximoron baten modura iritsi da ‘Gaua’: bere iluntasunak Sitges-eko sail ofiziala argitu, eta bertan bildutakoen arimak liluratu ditu. Paul Urkijok, bere nortasunari tinko helduta, eta fantasiaren zein beldurraren kodeetan barneratuz, ikusleak sorgin-ehiza betean eta gaueko izaki mitologikoen lurralde ilun eta iradokitzailean barrena eraman ditu.

Robert Eggersek zuzendutako ‘The Witch’ filmean agertzen den akelarrea bezalaxe, ‘Gaua’-k ere misterioaren, iluntasunaren eta askapenaren mugak zeharkatzen ditu; bi lanek, bakoitzak bere erara, emakumearen indarra goratzen dute. Eggersen irudien oihartzuna sumatzen da ‘Gaua’ pelikulan: katartikoa, erraietakoa eta izuaren edertasunez blaitua, energia arkaiko eta boteretsu baten dirdirarekin.

Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.

Egitura berezia

Filmaren gidoia berezia da: ez da kronologikoa; ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama, eta atalka antolatuta dago, matrioxka baten barruan dagoen ipuin-kontalari baten tankeraz. ‘Gaueko’, ‘Inguma’, ‘Mateo txistu’ eta ‘Akelarrea’ dira lau pasarteen izenburuak, eta horietako bakoitzean Kattalin (Yune Nogueiras) izango da haria, istorio eta pertsonaia guztiak lotuko dituen figura.

Urkijok azaldu du egitura berezi hori sortzeko «Tarantinoren ‘Pulp Fiction’ eta Terry Gilliamen ‘The Brothers Grimm’ filmak aztertzen egon nintzela». Kontakizun bakar batean txirikordatuta dagoen mosaiko moduko bat osatu du.

Sekuentzia plano luze batez hasten den atal horien azkena ‘Akelarrea’ da, erronka handiko sekuentzia. «Kamerak gorputz guztien artean bidaiatzea nahi genuen. Festa baten moduan hasten da, baina apurka-apurka erritmo biziago bat hartzea nahi nuen, Kattalin agertzen den unera iritsi arte. Guztia plato batean filmatu genuen, eta egun oso bat behar izan genuen hasierako guztia grabatzeko. Aurretik oso ongi entseatu genuen dantzariekin, koreografiak landuz, eta oso ongi atera zen. Biluziak eta sexu-uneak daudenez, intimitate-koordinatzailearekin lanean aritu ginen. Niretzat oso garrantzitsua zen filmean azaltzen den sexua ahalik eta ederrena izatea; inkisizioak eta tradizionalismo zaharkitu horrek suntsitu eta ezabatu nahi izan zituen gauza guztiak duin bihurtzea nahi nuen».

«Pertsonalki, oso une garrantzitsua izan da azken sekuentzia hori; emozionalki eta fisikoki intentsitate handiko unea da, eta aktore moduan sekulako erronka izan da niretzat. Asko lagundu du plato batean grabatu izanak: artekoen lana ikaragarria izan da, eta figuranteek, dantzariek eta gainontzekoek asko erraztu dute guztia. Gozamena izan da niretzat; oso garrantzitsua zen Katallinen urduritasuna, maitasuna eta emozio zein elementu guztiak pantailan islatzea», gehitu du Yune Nogueirasek.

Obrarik helduena

‘Gaua’ beste aurrerapauso bat da Urkijoren filmografian. Ez da, agian, ikusgarriena; ezta epikoena edo zalapartatsuena ere. Baina bai helduena, zehatzena, eta beharbada, zintzoenetakoa.

‘Errementari’-ren munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, ‘Irati’-k zuen emozioa, maitasun-keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasunaren dosi txiki batzuk erantsi dizkio; hori da ‘Gaua’, Paul Urkijoren filmografian beste mugarri sendo bat.