
Baserria bizibide duten 50 bat baserritar, artzain, abeltzain eta nekazarik Baserri Bilgunea sindikatua aurkeztu dute Donostian. Gipuzkoa plazan egin dute ekitaldia eta ondoren prentsaurrekoa. Bertan jakinarazi dute lehen sektoreko langileen interesak defendatzea duela helburu sindikatu berri honek.
Azaldu dutenez eredu agroekologikoan ari diren baserritarrek eratu dute sindikatua, beraien interesak defendatzeko «tresna eraginkor eta aktiboa» izan dadin. Hala, «baserrietatik egiten den borroka agroekologikoaren erreferente sozial bihurtzeko anbizioz» jaio da Baserritar Bilgunea.
Sindikatuaren helburu nagusiak dira egun lehen sektoreak bizi dituen «erasoen aurrean defentsarako tresna bihurtzea», eta bide horretan, «elkarren babeserako tresna ere artikulatzea». Agroekologia eta baserri txikien garrantzia aldarrikatzeko, administrazioaren aurrean ahots bateratuarekin ariko da.
Sektorera «irekita» daudela adierazi dute. «Bereziki irekia euren lan egiteko eredua aldatu eta proposamen jasangarriagoetara gerturatzen ari diren edo gerturatu nahi duten baserritarrentzat, eredu industrialetik aldendu nahiko luketen nekazarientzat». Sektoreko gainontzekoekin, bestalde, topaguneak bilatu nahi dituzte, «arazo partekatuen aurrean borroka komuna sustatuz».
Sektoreak dituen erronkei erantzunez, ekoizpen eredua lurraren defentsarekin uztartzearekin batera, «merkaturatze sistema herritarren beharretara egokitzeko ahaleginean sakondu eta bide berriak urratu» nahi dituzte elkarrekin, «egungo ekoizpen eta merkaturatze sisteman ekoizle eta erosleen arteko zubi gertukoagoak eta sendoagoak eraikiz».
Agerraldian nabarmendu dutenez, lehen sektoreak arlo ezberdinetan bizi duen egoera «prekarioari» eta, batez ere, «gero eta larriagoa bihurtzen ari den errelebo faltari» aurre egitea dute xede.
Sindikatua hiru urteko prozesu luze baten ondorioa da, urriaren 11n egin zutelarik eratze batzarra Lazkaon. «Bilera hartan elkartutako guztiek eta bertaratu gabe ere, haien ahotsa helarazitakoek, aho batez eta ilusioz adostu zuten eredu agroekologikoa sustatzea helburu duen sindikatu berriaren sorrera».
Baserritar Bilguneak dei egin dio lehen sektoreari planteatutako eraldaketara batu dadin. «Lehen sektoreak bat egin beharko luke lurraldearen defentsan, ez bakarrik gure lanbidea eta bizimodua delako, baizik eta gure herrikideen elikadura osasungarri eta osasuntsuaren eskubidearen alde egiten duelako».

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas
