.jpg)
Koldo Almandoz zinemagile donostiarra ‘Azken agurra’ filmatzen hasi da, «bizitzaren eta heriotzaren absurdua ospatzen duen komedia», aurreratu dutenez.
Filma Garabi Filmsek ekoizten du, Txintxua Filmsekin koprodukzioan, Frakasa Films AIEren bidez, EITBren partaidetzarekin eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. Azaldu dutenez, umore beltzeko komedia da, «edo hobeto esanda, ‘errauts kolorekoa’, bizitzari eta heriotzari ironia, samurtasun eta gizatasunzentzu sakon batekin begiratzen diona».
Tomas Martinez da filmeko protagonista, hileta zibilen enpresa baten jabe den 45 urteko gizona. «Praktiketan ari den idazkari gazteaz maitemindua, aita traketsa, enpresari kaotikoa eta ameslari amorratua; errauts-ontzien, hileta laikoen eta zalantzazko erabakien artean bidea egiten saiatzen den antiheroi maitagarria», zehaztu dute. «Heriotzaren bizkarretik bizi» nahi duen pertsonaia honek ezintasun eta kontraesan existentzialei umorez egingo die aurre.
Iñigo Azpitartek (‘Handia’) jokatuko du paper nagusia eta antzezle taldean daude baita ere Izaro Nieto, Iñaki Beraetxe (‘Irati’), Iraia Elias (‘Amama’) eta Josean Bengoetxea (‘Ander’) osatzen dute aktore-taldea. Horrez gain, filmak Pako Sagarzazuren (‘Aupa Etxebeste!’) parte-hartze berezia du.
Begirada unibertsala
Aurreratu dutenez, filmak gizarte garaikidearen erretratua egin nahi du umore lakonikoan, espazioetan eta harremanetan ematen diren solasaldi eta isiltasunetan oinarrituta. «Epikarik gabeko egunerokotasuna, emozio xumea eta bizitza eta heriotzaren absurdotasuna batuko ditu Almandozek bere begirada pertsonalaz», zehaztu dute.
‘Azken agurra’, «postaletatik kanpo dagoen Donostia batean» eta Gipuzkoako beste hainbat inguruneetan filmatuko dela ere jakinarazi dute. Euskara hutsean filmatuko da eta datozen asteetan Donostia, Irun, Orio, Errenteria eta Pasaiako hainbat lekutan filmatuko da.
Zuzendariaren hitzetan, filmak «gizakion miseria txikiez hitz egiteko aukera ematen du. Gidoiak ikuspegi existentzialista nabarmena izan arren, ez da inondik ere film pesimista bat. Izan ere, bizitzan salbatzen gaituzten keinu eta gertakariak daude. Errauts koloreko komedia gisa definitzen dugu, gure pertsonaiek, euren miseria eta berekoikeria gorabehera, samurtasuna, errukia eta maitasunerako gaitasuna ere badituztelako», azaldu du.
Almandoz zuzendaria, gidoilaria, idazlea eta ekoizlea da, eta besteren artean ‘Oreina’ (2018, Zinemaldiko Euskal Film Onenaren Saria) eta ‘Sîpo Phantasma’ (2016) filmak zuzendu ditu, baita ‘Hondar ahoak’ (2020) eta aurtengo Zinemaldian aurkeztu den ‘Zeru ahoak’ (2024) mini-telesaila ere.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»
