Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Isunen epaien ostean, Ernaik «benetako arazoa estaltzeko» kriminalizatu dituztela salatu du

Ernaik isunen auzian epaitegiek arrazoia eman dietela ospatu eta Lakuako Segurtasun Sailari «benetako arazoa» estaltzeko euskal gazteria kriminalizatzeari uzteko eskatu dio. Azpimarratu du sententziak agerian utzi duela protestetan ez zela Ertzaintzak zioena gertatu.

Maddi Bilbao abokatua hizketan, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna begira duela.
Maddi Bilbao abokatua hizketan, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna begira duela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Asteon jakitera eman dute, 2024ko abenduan bezala, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak Lakuako Segurtasun Sailaren aurkako erabakia hartu duela, Ertzaintzak Ernaiko kideei jarritako isunak murriztu edo bertan behera utzi baititu. Erabakiaren balorazio positiboa egin du gazte antolakundeak eta salatu du Segurtasun Sailak «benetako arazoa estaltzeko» euskal gazteria kriminalizatu nahi izan duela.

Maddi Bilbao abokatuak azaldu duenez, arrazoia eman diete «Ertzaintzak zioen guzti hori ez zelako gertatu». Halaber, adierazi du epaiak «argi eta garbi» dioela jarri zizkieten zigorrak «ez zirela proportzionatuak izan». Halaber, azpimarratu du hiru epaile desberdinek ebatzi dutela berdina eta «ospatzeko moduko sententzia» dela berretsi du abokatuak.

Amaiur Egurrola Ernairen bozeramaileak gazte antolakundeak salatu izan duena gogora ekarri du, hots, «Ernai ekonomikoki itoz politikoki desagerrarazi» nahi izan dutela, baita aurrekari bat ezarri ere.

Horregatik, beste behin «Eusko Jaurlaritzaren jarrera arbitrario, desproportzionatu eta antidemokratikoa» salatu du Egurrolak, iritzita Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen espetxeratzearen aurkako mobilizazioak era honetan jazartzea «eskubide sozial eta zibilen aurka egitea» dela.

Halaber, gazte antolakundearen eledunak azaldu du ez dela auzi isolatua: «Ernairen aurkako erasoan beste pauso bat bat eman badute, hori ahalbidetzen duen sistema bat dagoelako izan da».

Arazoak estaltzeko aitzakia

Hori dela eta, gogoetarako gonbita luzatu du Egurrolak, «are gehiago azken asteetan martxan jarri duten zirkua ikusita», esan du Gasteizen Falangek Ertzaintzaren babespean egindako ekitaldiari erreferentzia eginez: «Benetako arazoa estaltzeko euskal gazteria kriminalizatzen dutenak dira epaitegietan agerian geratu direnak».

«Arazoa» ezin argiago seinalatu du Ernairen bozeramaileak, hots, «faxistak babestu eta gazteria antifaxista modu sistematikoan erasotzen duten horiek» direla adierazi du. Horrela, mezu zuzena bidali dio Lakuako Segurtasun Sailari: «Zupiria, euskal faxistak aurkitu nahi badituzu, bilatu ezazu Arkautin».

Egurrolak gogora ekarri du hirugarren salako bi epaiketa eta laugarren salako behin betiko ebazpena irekita daudela, baina urrats berri hau ospatu eta borrokan jarraitzeko asmoa agertu du Ernairen izenean.