Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Peristeri airean eramanda eskuratu ditu Bilbao Basketek garaipena eta multzoko lidergoa (64-86)

Laugarren laurdeneko 10-25 partzialak hautsi badu ere partida, ia hasieratik talde bilbotarra nagusi izan da. Jaworski, Frey eta Font hirukoetan oso fin aritu dira eta osterantzean ere oso zorrotz jokatu dute Jaume Ponsarnaurenek greziarren aurka.

Bilbao Basketen zorroztasunak Peristeri aurretik eraman du.
Bilbao Basketen zorroztasunak Peristeri aurretik eraman du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

PERISTERI 64 - SURNE BILBAO BASKET 86

Kirolean «mendeku» hitza sarri erabiltzen da, baina funts handirik gabe. Azken baten, Peristeriren etxean irabazi izanak ez dio Bilbao Basketei talde greziarraren aurka Miribillan jasan zuen porrotik kenduko, baina batak adina balio du besteak ere. Are gehiago 22 punturen aldea baldin badago azkenean.

Multzoko sailkapen buru izatea nahi zuten bilbotarrek eta horretarako 81-84 emaitza hari buelta eman behar zitzaion. Baita eman ere! Hirukoz hiruko, Harald Frey, Font eta batez ere Jaworski lider izan direla, airean eraman dute talde greziarra, bereziko 10-25eko partziala izan duen azken laurdenean. Ordura arte ia beti aurretik izan dira bizkaitarrak, baina azken laurdenean azeleragailua sakatu eta egurrean amaitu dute dema. Bilbao basketek bere autoestimuan bultzada galanta jaso du oraingoan.

Nolanahi, atzetik bere burua 10-4 ikusi duenean esnatu da talde bilbotarra. Hutsarterik eskatu nahi ezta, aldaketen bitartez lortu du Jaume Ponsarnauk bere jokalarien erreakzioa. Aleix Font, Bagayoko edo Krampeljek ez diete beltzezko gizonei puntu eder galantak soilik ekarri, defentsako lan txukuna ere bai. Ty Nichols, Miiribillako borreroa nolabait geldiarazi dute bizkaitarrek eta 7-17ko partziala erdietsita, buelta eman diote markagailuari.

Aurreneko laurdena, dena den, 19-21 amaitu da. Miribillan erakutsi zuen burugogortasuna lekuko, Peristeri ez da barkatzeko egon. Alvaro Cardenas antolatzaile espainiarrak gogor lotu du talde greziarra partidara, eta tarte batez, bilbotarrek jaurtiketa libre batzuetan kale egin ostean, neurketa berdintzear izan da etxeko taldea.

Ez da horrela izan, zorionez, Jaworskiren eskutik. Pensilvaniako eskolta hotz xamar hasi da lanean, baina maila ederrean iritsi da neurketaren atsedenaldira, pare bat hiruko kateatuz. Ondorioz, Jaume Ponsarnauren mutilak 37-44 aldeko emaitzarekin joan ahal izan dira aldageletara.

Jaworski piztu bada piztu, ez da itzali hurrengo 20 minutuetan ere, baina azken laurdenera arte ezin izan du Bilbao basketek ihesik egin. Cardenasen bitartez Peristerik eutsi egin dio, aurreneko itzulian Bilbao Arenan egin zuen antzera.

Baina laugarren laurdena 54-61 hasi delarik, 0-10eko partzialarekin ekin dio talde bizkaitarrak, eta hortxe amaitu dira ipuinak. Font eta Frey ere hirukoetan saskia ikusten hasi dira eta greziarrek ez dute halako punteriarik erakutsi azkenean. Ondorioz, garaipena, puntu aldea eta multzoko lidergoa, etxean Kutaisi eta Brno ahulak menpean hartu beharko badira ere, poltsikoratu ditu Bilbao Basketek.

PARTIDAKO FITXA

PERISTERI: Cardenas (19), Ty Nichols (16), Jankovic (4), Van Tubbergen (2) eta Payne (9) –hasierako bostekoa–; CJ Harris (6), Abercombrie (4), Kaklamanakis (4) eta Mouratos.

SURNE BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (6), Margiris Normantas (8), Darrun Hilliard (2), Stefan Lazarevic (2) eta Tryggvi Hlinason (8) –hasierako bostekoa–; Harald Frey (18), Justin Jaworski (17), Bassala Bagayoko (8), Aleix Font (11), Amar Sylla (2) eta Martin Krampelj (4).

Epaileak: Helmsteins, Binders-Coders eta Glic. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 19-21, 18-23, 17-17, 10-25.