Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Hilondoko elkarrizketak

Joan den urriaren 1ean hil zen Jane Goodall, 91 urte zituela. Animalien portaeraren zientzian egindako ekarpenez gain, Goodallek lan handia egin du animalien habitatak babesteko eta ingurumena zaintzeko kontzientzia sustatzeko, eta bere mezua mundu osoan zehar zabaltzea lortu du. 

Bada Netflixek proposamen berezi bat estreinatu du, eta dagoeneko eztabaida sortzen ari da. Jane Goodallen heriotza gertatu eta bi egun eskasera, ‘Famous Last Words: Dr. Jane Goodall’ lana kaleratu du. Elkarrizketa formatuan eta modu intimoan aurkezten da, narratzaile baten bidez, eta bertan bere ibilbide profesionala eta bizitza pertsonala errepasatzen dira; Goodallen elkarrizketa, bilduma berri baten hasiera baino ez da. 

Ikus-entzunezko arrunta dirudien arren, ez da horrela: elkarrizketak protagonistak hil ondoren bakarrik argitaratzen dira. 

Seriea izen bereko Danimarkako proiektuan oinarrituta dago, eta helburua artisten, zientzialarien eta erreferente kulturalen gogoetak biltzea da. Grabazioa isiltasun itun baten azpian egiten da: inork ez du materiala ikusten protagonista hiltzen den arte. 

Telesailak eztabaida piztu du, gaiaren sentikortasunagatik eta hil ondorengo edukia zabaltzeak dakartzan dilema etikoengatik. Hala ere, Netflixek proiektua babestu du, eragin handiko pertsonen ondarea modu intimo eta errespetuzkoan gordetzeko asmoa omen duelako.