
Hedabideak gustuko dituzten alpinismoaren munduko guruei sarri askotan entzuten diegu zortzimilakoak «hilda» daudela; hots, inor ez dela ausartzen jarduera interesgarriak eta ekarpenak egitera. Eta behin eta berriro beren iritzi ahulak zortzimilakoen komertzializazioaren atzean gortzen dituzte.
Baina oker daude. Errusiar espedizio batek isilarazi egin ditu. Andrei Vasiliev, Sergei Kondraxkin, Natalia Beliankina, Kirill Eizeman eta Vitali Xipilovek osatutako espedizioak «koska» berria egin dio zortzimilakoen historiari. Izan ere, Manasluko (8.163 m) hego-mendebaldeko aurpegian bide berria zabaldu dute. Hain zuzen ere, lehenak izan dira ukitu gabeko eremu edo isurialde horretan. Eskaladaren amaieran (gailurrerian), berriz, ibilbide klasikora lotu ziren.
Zalantzarik gabe, ekarpen handia izan da, eta horri gehitu behar zaio boskoteak aldarrikatutako estiloa: ekinaldi bakar batean, estilo alpinoan, mendiko langileen laguntzarik gabe eta oxigeno gehigarria saihestuta. Berez, errusiarrok bide zuzenagotik eskalatu nahi zuten, baina mendiaren arrisku objektiboek eta baldintza eskasek marra klasikora lotzera behartu zituzten. Alpinistok lan eskerga egin behar izan zuten lorpen hori biribildu ahal izateko. Hamaika eguneko eskalada izan zen; jaitsierarako, berriz, beste lau egun behar izan zituzten.
Espedizioaren kronologiari dagokionez, esan behar da Dona izeneko lakuaren inguruan antolatu zutela kanpaleku nagusia. Bost lagunentzat denda bakarra zuten. Girora egokitu ondoren, prest ziren aurreneko ekinaldian Manasluko hego-mendebaldeko isurialdea igotzeko. Urriaren 12an kanpaleku hori atzean utzi eta izotz-jauzira abiatu ziren. Egun bateko ibilaldi horretan morrena zeharkatzea ez zitzaien batere atsegina egin, batez ere igo behar zuten harritzarren arteko sekzioa. Izotz-jauzia aztertu ondoren, erabaki zuten tarte horretan ez zirela sartuko, besteak beste, oso-oso arriskutsua zelako.
Giroa ez zen batere itxaropentsua. Elur- eta izotz-jauziek eta Tulagi mendiaren korridoreko luiziek panorama ilundu zuten. Izotz-jauziaren oinarritik igaro eta gero, 5.400 metrora lehen gaua egin zuten. Glaziarrera iritsi zirenean aurrean zuten ibilbidea aztertzen aritu ziren. Nahiz eta bide zailago baten inguruan hausnartu zuten, azkenean agerikoenaren alde egin zuten. Errazagoa, bai, baina era berean seguruagoa. 6.300 metroko garaieran zeuden; hots, aukeratutako ibilbidearen hasieran. Elur-jausien arriskua ebaluatu zuten; zorionez, arrisku hori oso txikia zen azken astean elurrik ez zuelako bota.
Horma eskalatzeari ekiteko prest zeuden. Errusiarrok adierazi dute beheko zatia ez zela pikoa: «Elur gogorra (izotz pixka bat ere) aurkitu genuen 50 gradu zuten aldatsetan. 600 metroko desnibela gainditu genuen, eta aldapa samur batek seracen ingurumarian utzi gintuen. Nahiz eta sekzio hori erraza zen, arriskuaren mamua ezin genuen burutik kendu. Bat-batean, ibilbidearen tarte pikoenarekin topo egin genuen. 60 graduko aldatsak ziren, eta bibaka egiteko leku egokirik ez genuen aurkitu. Gutariko bik goialdeko sokak finkatzen genituen bitartean, besteek plataforma bat antolatu zuten gaua igarotzeko. Gure hurrengo helburua goi-ordokira igo eta bide klasikora lotzea zen».
EKARPENA
Urriaren 19ko gauerdian eskalatzen jarraitu zuten. Soka finkoetatik igo ondoren, oso tentea zen beste tarte baten aurrean ziren. Sokaburua ahalik eta azkarren joan zen, bere burua ia segurtatu gabe, sekzio horretan izotzerako erabiltzen diren torlojuak eta beste tresneria batzuk ez zirelako oso fidagarriak.
Goi-ordokira heldu zirenean, haizea jotzen hasi zen. Ertza gertu zuten. Zuzen igo nahi zuten arrokazko zerrenda batetik, baina elurra ari zuen eta aukera hori baztertu zuten. Bigarren aukera eskuinaldera jo eta korridore batean sartzea zen: «Ibilbide hori luzeagoa zen, baina bibaka egiteko leku bat aurkitzeko itxaropena genuen. Zoritxarrez, ez zen horrela izan. 60 graduko aldats batean geunden, eta lan handia egin behar izan genuen erlaitz txiki bat antolatzeko. Sakonean metro bat eta zabaleran hiru. Hala moduz, dendaren oihala zintzilikatu genuen haizeteetatik babesteko. Plataforma txiki horretan eseri eta manta batekin babestu ginen. Ez genuen lo-zakurik; lumazko trajeak eta manta sintetiko txiki bat bakarrik. Pentsa ezazue nolako gaua igaro genuen. 7.400 metrora ginen».
Egunsentiarekin batera abiatu ziren. Izotzaren gainean zegoen elur-hautsak behar bezala aseguratzea eragotzi zien. Torlojuek ez zuten beren lana egiten. Ondoren, tarte misto batzuk igo zituzten. Lau luze gainditu ondoren, bazirudien aldapak leunduko zirela. Baina berriro beste bibak bat egin behar izan zuten aldats piko batean.
Hurrengo eguna ere nahiko zaila izan zen. Mistoko eta arrokazko ertz batean sartu ziren. Oso estua zen. Arratsalde horretan goi-ordokira iritsi ziren; hain zuzen ere, bide klasikoarekin lotzen duena. 7.730 metrora zeuden, eta, haizeteen eragozpenarekin, leku lau batean denda altxatu zuten.
Urriaren 22a argitu zuen. Gailur eguna. 55 kilometro orduko haizeteak eta -25 graduko tenperatura iragarri zizkieten. Bi sokarekin tontorrera abiatu ziren. Ikuspena oso txikia zen. Ahalik eta azkarren abiatu ziren tontorrera. Arratsaldeko laurak izateko hamar minutu falta zirenean, Kondraxkinek eta Vasilievek Manasluko puntu garaiena zapaldu zuten. Argazki bat atera, jaitsi eta lekua utzi zieten Beliankinari, Eizemani eta Xipilovi tontorra irits zezaten.
Errusiarrek esan dute gailur horretan oso-oso denbora gutxi egin zutela: «Taldeko argazkirik ez genuen egin. Hortaz, ez genuen elkar besarkatu. Hogei segundo baino ez genituen igaro gailurrean. Egoera oso arriskutsua zen. Bat-batean, beltz itxurako zerbaitek harrapatu gintuen. Haizeteek, gainera, indarra hartu eta lurrera bota gintuzten. Hala-hola, gauez, dendara heldu ginen. Kosta egin zitzaigun bibak hori aurkitzea».
Gailurreko gaua oso desatsegina izan zen: hotz handia eta haize bortitza. Gutxi lo egin zuten. Ibilbide klasikoko laugarren kanpalekutik igaro eta ezkerraldera jo zuten goi-ordokia zeharkatuz. Ikuspen txikia zutenez, orientatzeko arazoak izan zituzten. 350 metro jaitsi ostean, dendan zirela, bi aukera aztertu zituzten aurrera jarraitzeko: ibilbide klasikoa edo tiroldarra. Azkenaren alde egin zuten. Biharamuna oso ezberdina izan zen. Ikuspen handiagorekin jaisten jarraitu zuten. Hainbat eta hainbat rappel egiteaz gain, zati batzuk deseskalatu behar izan zituzten. Azken rappela gauez egin zuten.
Gau horretan ezusteko desatsegina izan zuten. Jasotako komunikazio batzuek zioten taldea arriskuan zegoela eta erreskatea eskatu zuela. Egoera argitu, senitartekoak lasaitu eta lo egiteko beta hartu zuten. Ia ez zuten jatekorik eta nekea pilatuta zuten. Jaitsieraren azken-aurreko egunean zintzilik zegoen glaziarra zeharkatu zuten.
Azken eguna, berriz, oso luzea eta arriskutsua izan zen. Izotz-jauzi «madarikatutik» gertu ibili behar zuten. Hura gainditu eta lasaitasuna heldu zen artesi beldurgarriak atzean utzi eta gero: «Dendara heltzeko 500 metro falta zirenean ohartu ginen gure eskalada arrakastatsua izan zela. Une jakin horretan, taldekide guztiak batu eta elkar besarkatu genuen. Manasluko hego-mendebaldeko isurialdean ibilbide berria osatu genuen, eta onik iritsi ginen kanpaleku nagusira».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
