
Azaroaren 9an Munduko Harresien Aurkako Eguna ospatzen da. Hori dela eta, BDZk deituta, elkarretaratzeak izan dira Euskal Herrian Estatu sionistak Palestinan ezarri duen horma eta munduan zehar altxa direnak birrintzeko eskatzeko. Iruñean, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian, Gasteizen eta Bilbon egin dituzte mobilizazio hauek.
Iruñean, kartoizko kutxekin harresi bat irudikatu dute. Bertan, munduan zehar dauden harresi ugaritako argazkiak paratu dituzte: Zipre zatikatzen duena, Marokok Mendebaldeko Saharan eraiki duena, Santiago zubia, Estatu Batuak eta Mexiko banatzen duena, Europako Batasuna «babesteko» Hungaria eta Serbia artean altxa dena, ... Eta noski, Israelek kolonizazioan sakontzeko Palestinan ezarritako Apartheidaren harresia. Elkarretaratzean Israelen kontrako boikotaren aldeko oihuak bota dituzte, Palestinaren askatasunaren aldekoekin batera. Santiago zubian trafikoa moztu dute ordu erdiz. Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan egin dute elkarretaratzea, Udaltzaingoak hainbat lagun identifikatu dituelarik, BDZk salatu duenez. Bilbon Arriaga plazan bildu dira.
Duela 23 urte, legez kanpo Palestinan
BDZko kideek gogoratu dutenez, duela 23 urte hasi zen Israel zortzi metroko altuera eta 700 kilometro baino gehiagoko luzera duen harresia altxatzen. «Helburua, Zisjordaniaren %60a baino gehiago konfiskatzea eta palestinar herria bere lurralde historikoaren %13 baino gutxiagoan espetxeratzea izan da», azaldu dute. Honekin batera, 1994tik Gaza isolatzeko harresia ere badela aipatu dute.
2004ean Nazioarteko Zigor Gorteak harresia legez kanpokoa zela erabaki zuen, baina Israelek horma altxatzen eta sendotzen jarraitu zuela salatu dute. «Oraindik ez da horren inguruko neurririk hartu», nabarmendu dute.
Palestinako harresia bezala munduan zehar herritarrak banatzeko 72 horma daudela azaldu dute. «Harresi horiek milaka heriotza eragiten dituzte, ehunka mila pertsona kanporatuz, baztertuz, zapalduz, diskriminatuz eta esplotatuz. Azken hamarkadetan, horma horiek hirukoiztu dira, militarizaziorako eta bazterketarako ezinbesteko tresna bihurtuz. Gure gizartearen parte izatera pasa dira, eta funtzio bere batetzen dute harresi ikusgarri zein ikusezinek: pertsona batzuen eskubideak urratzea eta beste batzuen pribilegioak babestea».
Bidasoan ere
Euskal Herrian ere Bidasoan gisa honetako harresi bat ere badela azpimarratu dute, «pertsona migratzaile askoren heriotza eragin» duena.
«Ezin dugu ahaztu horma horiek pertsonen bizitzekin negozioa egiten duten gobernuen eta enpresen gutiziari esker mantentzen direla», adierazi dute, CAF enpresa okupazioan sakontzen duen Jerusalemgo tranbia eraikitzen ari dela nabarmenduz. Sidenor, AMC Mecanocaucho, Metro Bilbao edo Osakidetza ere giza eskubideen urraketan oinarritzen diren politikak babeste dituztela salatu dute.
«Horregatik guztiagatik munduko harresi eta hesi guztiak suntsitzea exijitzeko gure indarrak batu ditugu. Herrien eta pertsonen determinazio askea errespetatzea exijitzen dugu, nork bere etorkizuna erabaki eta bizitzea duina bermatu ahal dezan», aldarrikatu dute.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

