NAIZ

Gazako oihartzuna eta Gernikaren oroitzapena: elkartasunaren partida iritsi da

Yaser Hameden ametsa betez, Euskal Herriak eta Palestinak zelai berean jokatuko dute, bi herriren duintasuna partekatuz. NAIZek Zumetaren Gernika oparitu zion Palestinako ordezkaritzari, oroimenaren eta elkartasunaren ikur gisa: iraganeko oihartzunek etorkizunaren itxaropena margotzen dute.

Zumetaren ‘Gernika’ koadroa jaso zuen Palestinako selekzioko ordezkaritzak.
Zumetaren ‘Gernika’ koadroa jaso zuen Palestinako selekzioko ordezkaritzak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Duela bost urte, San Mamesetik, Yaser Hamed jokalari euskal-palestinarrak bere ametsik handienetakoa adierazi zuen: Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko partida bat jokatu nahi zuen, estadio berean. Larunbat honetan, ametsa egia bihurtuko da. Gazako genozidioaren amesgaiztoa izan da ekitaldi hau bultzatu duena, kirola, aldarrikapena eta elkartasuna uztartuko dituen partida.

Asteazken honen iluntzean, Hamedek hitz haiek gogoratu ditu selekzioko kideen aurrean. Lezamatik iritsitakoan, EHUko egoitzara eraman zituen autobusetik jaitsi bezain pronto «Lezama Top, beti bezala. Etxera itzulera bat» adierazi du.

Handik gutxira, Palestinako ordezkaritza osoak harrera ekitaldi batean parte hartu du NAIZ, Gernika-Palestina, Gu ere Bai!, Gure Esku Dago eta Euskal Futbol Federazioko ordezkariekin.


Athleticeko harrobian hezia eta EHUko ikasle ohia, Hamedek itzultzaile lanak egin zituen, bere taldekideei Gernikaren garrantzi historikoa eta 1936ko estatu kolpe faxistaren ondoren Euskal Selekzioak nazioartean egindako biraren balioa azaltzeko. Biraren helburua egoera salatzea eta euskal kausarako dirua biltzea izan zen.

Ekitaldian, NAIZeko zuzendari Ane Urkirik Zumetaren Gernika koadroaren zenbait erreprodukzio oparitu dizkio Palestinako ordezkaritzari. Jose Luis Zumeta (1939–2020) euskal arte garaikideko artista nabarmen eta berritzailea izan zen, Gaur taldeko sortzaileetako bat Oteiza, Chillida eta Mendibururekin batera.

Yaser Hamed, atzo iluntzeko ekitaldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bere lana kolorearen indarra, askatasun formala eta konpromiso soziala uztartzeagatik da ezaguna. 1977an margotu zuen bere Gernika, Picassoren obra unibertsalaren berrirakurketa bizi eta indartsua, gerra eta zapalkuntzaren aurrean gizatasuna eta erresistentzia aldarrikatuz. Bere lanarekin ilustratu zuen GARAk 2011ko urriaren 21eko portada, ETAren borroka armatuaren amaiera zela eta.

NAIZekin izandako solasean, jasotako babes keinuak eskertu ditu Hamedek eta azpimarratu du «bi selekzioek etxean jokatuko dutela». Palestinako selekzio nazionalak Europan jokatuko duen lehen partida izango da, eta aurreko egunetan ikusmina nabarmena da: «Estadio handietan jokatu dugu, baina inoiz ez hainbeste jende aldeko izanik».

Palestinako jokalariak, adi. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aitortu zuenez, bere taldekideetako batzuk, oraindik ez dira guztiz kontziente larunbatean biziko denaz, ez emozio aldetik, ezta partidak izango duen dimentsioaz ere. Euskal Selekzioarentzat ere berezia izango da, Federazioko ordezkariak gogorarazi duen bezala, etxean inoiz bildu duen zale kopuru handiena bilduko du, San Mames beteta.

Amets bat betetzen da. Eta, Gu ere Bai dinamikako ordezkariak adierazi duen moduan, beste amets batzuk geratzen dira oraindik: bi herri libre eta partida hau ofiziala izan dadila.