NAIZ

Laboral-Kutxak indartzen jarraitzen du: Marjolein van't Geloof eta Tiril Jorgensen

Azken orduetan bi fitxaketa berri iragarri ditu Laboral-Kutxak. Tiril Jorgensen norbegiarrak itzulietako taldea indartu dezake eta Marjolein van't Geloofek klasiko handienetan talde-buru izateko gaitasuna badauka.

Marjolein van't Geloof da Laboral Kutxaren azken fitxaketa.
Marjolein van't Geloof da Laboral Kutxaren azken fitxaketa. (Laboral Kutxa)

Marjolein van't Geloof-ek (1996, Dirksand, Herbehereak) klasikomano gisa dituen ezaugarriak partekatuko ditu Laboral Kutxa-Euskadi taldean, eta, Aitor Galdosek manager nagusiak aipatu duen bezala, atal horretan indartu behar zen multzo bat sendotuko du. Herbehereetako txirrindulariak euskal taldearekin bat egin du datozen bi denboraldietan, 2026an eta 2027an.

2018tik profesionala, Van't Geloofek ohorezko postuak pilatu ditu Flandriako klasikoetan. Aurten bertan, laugarren izan zen WorldTourreko Gante-Wevelgem klasikoan, Lorena Wiebes, Elisa Balsamo eta Charlotte Kool esprinter handien atzetik. Nokere-Koerse eta La Picto-Charentaise probetan ere postu bera bereganatu zuen eta zazpigarren izan zen Le Samynen. Bere kirol ibilbidean, sei aldiz sailkatu da lehen hamarren artean Le Samynen eta lau Nokere-Koersen. Gravel txirrindularitzan ere emaitza nabarmenak izan ditu.

«Taldea izugarri hazi da azken urteetan, eta datorren denboraldia beste urrats bat izango dela bere garapenean uste dut, egutegi zabalagoarekin eta maila gorenean. Flandriako klasikoetan eta esprintetan nire esperientzia luzatzea espero dut, taldekideak horrelako lasterketetan aurrera egiten laguntzeko. Neure helburuei so, gogo handia dut esprint horietan eta bukaera gogorragoak lehiatzeko. Klasikoak ere erronka izango ditut, Paris-Roubaix helburu nagusitzat hartuta. Nire ausardia erakusteko irrikan nago, eta ziur nago egundoko emaitzak lortuko ditugula elkarrekin datozen», adierazi du Van't Geloofek. 

Tiril Jørgensenek, aldiz, lau urteko nazioarteko eskarmentua izan du Team Coop taldean, eta aurrerapausoak eman ditu denboraldi bakoitzean maila goreneko egutegi batean, Frantziako Tourrean, Vueltan, Itzulian edo Ardenetako klasikoetan, WorldTourreko beste proba batzuen artean. «Nire ibilbidean aurrerapauso garrantzitsua dela pentsatzen dut, eta oso eskertuta nago taldearen konfiantzagatik. Hunkitu egiten nau hain egitura profesionalarekin bat egiteak, nire beharretara ezin hobeto egokitzen den lasterketa-egutegiarekin», nabarmendu du norbegiarrak.

Paula Patiñoren fitxaketa ere duela egun gutxi iragarri zuen Laboral-Kutxa taldeak. Nazioarteko hiru fitxaketa hauek taldea sendotzera dator, lehen mailako lasterketa guztiak lehiatzeko aukera izango duten urteari begira. Oraingoz, 14 txirrindulari ditu iragarrita taldeak. Tartean, Usoa Ostolaza, Idoia Eraso, Naia Amondarain eta Irati Aranguren euskal herritarrak.