NAIZ

Lanean euskara erabiltzeak hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko balioko du EAEn

Lakuak EAEko sektore publikoan euskarazko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bi bide berri arautu ditu: lanean erabiltzeagatik euskara egiaztatzea eta sektore publikoan lanpostu bat lortzeko hautaketa-prozesu batera aurkeztea.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu duenez bideak «errazak, malguak eta errealitatearekin bat datoz».
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu duenez bideak «errazak, malguak eta errealitatearekin bat datoz». (Endika PORTILLO | FOKU)

EAEko sektore publikoan euskarazko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bi bide berri arautu ditu Lakuak. Ostiral honetan argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2025eko azaroaren 4ko Agindua, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sinatua.

Bi modalitate berri horiek lehendik dauden bideei gehitzen zaizkio —IVAPeko azterketak gainditzea, beste titulu ofizial batzuk baliozkotzea (HABE, Hizkuntza Eskola Ofizialak, unibertsitateak, etab.) edo salbuetsita geratzea ikasketak euskaraz egin izanagatik— era horretan aukerak zabaltzeko eta administrazio publikoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua errazteko.

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, «Eusko Jaurlaritzak bi bide ireki ditu gaur, errazak, malguak eta errealitatearekin bat datozenak, euskararen ezagutza egiaztatzeko. Eguneroko lanean hizkuntzaren ezagutza formala eta erabilera erreala eta eraginkorra baloratzen ditugu. Administrazio elebiduna, modernoa eta hurbila nahi dugu, euskarak bere lekua izan dezan».

Bi bide

Honela, lanean erabiltzeagatik euskara egiaztatu ahal izango da. Hau lanpostuan euskara erabili ohi duten sektore publikoko langileek eskatu ahal izango dute, beti ere lanpostuaren derrigortasun-data aurkeztuta, gutxienez urtebete ematea eta erakundeak euskararen erabilera-plana izatea.

Lehenik eta behin, erakunde enplegatzaileak (udalak, aldundiak, sailak, etab.) ziurtatu eta egiaztatzen du pertsonak euskara behar bezala erabiltzen duela eguneroko lanean. Ondoren, IVAPek balorazio hori berrikusi eta egiaztapena ofizialki baliozkotzen du, eta euskara-tituluen eta -ziurtagirien erregistroan sartzen du.

Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko beste bidea sektore publikoan lanpostu bat lortzeko hautaketa-prozesu batera aurkeztea da. Probak, aurrez IVAPek balioetsitakoak, euskara hutsean izan behar dira, prozesu hau gainditu egin behar da eta deialdiak aukera hori zehaztu egin behar du.

Hautaketa-prozesuko epaimahaiak edo batzordeak egiaztatuko du pertsonak euskaraz egin eta gainditu dituela probak. Ondoren, IVAPek ofizialki baliozkotzen du egiaztapen hori, eta euskara-titulu eta -ziurtagirien erregistroan inskribatzen du.

UGTk eta CCOOek «oreka» eskatu dute

UGT eta CCOO sindikatuetako buruzagien iritziz, bi proposamenek «euskararen inguruko adostasun historikoa hautsi dezakete», eta «enplegu publikoa izateko eta mantentzeko eskubidearen eta administrazioan euskaraz artatua izateko eskubidearen arteko oreka defendatu dute».

Tximi López UGT Euskadiko Kudeaketa Batzordeko lehendakariordeak adierazi du sindikatu horrek «euskara kultura, gizarte eta hizkuntza ondare gisa» defendatzen duela eta «pixkanaka» normalizatzearen aldeko apustua egiten duela. Normalizazio prozesu «espres» bat «bidegabetzat» jo du.

Bestalde, Raul Arza UGTko idazkari nagusi ohiak «lanerako eskubidea eta herritarrek euskaraz erabiltzeko eta arreta jasotzeko duten eskubidea aldi berean izatearen alde» egin du, «hizkuntza aniztasuna kontuan hartuta».