NAIZ

Sarebide aurkeztu dute Iruñean mugaz gaindiko euskal komunikabideen lankidetza sustatzeko

Iruñeko Kondestable Jauregian euskal komunikabideen proiektu berria aurkeztu dute. Bertan Sarebideko helburuak eta hauek lortzeko pentsatutako urratsak azaldu dituzte, proiektuaren mugaz gaindiko izaera eta komunikabideen elkarlana nabarmenduz.

Sarebide komunikabide euskaldunen proiektu berriaren aurkezpena.
Sarebide komunikabide euskaldunen proiektu berriaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sarebide aurkeztu dute gaur goizean Iruñeko Kondestable Jauregian, Juan Kruz Lakastak, Ainhoa Jauregik eta Pello Urzelaik, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilarirekin. Proiektu berria zuzentzen duen partzuergoko bost komunikabideen izeanean elkartu dira Euskalerria Irratiko, Hamaika Telebistako eta ‘Berria’ egunkariko bozeramaile nagusiak. 

Lakastak, Euskalerria Irratiaren izenean, proiektuaren hiru helburu nagusiak zerrendatu ditu: baliabide eta soluzio teknologiko komunak garatzea, sare eta kanal berri komunak sortzea ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko eta publiko berriengana iristarazteko, eta azkenik, hedabideen azpiegitura digitala gaurkotzea. 

Xede hauek lortzeko beharrezkoa den batasunaren indarra eta garrantzia nabarmendu nahi izan ditu, izan ere, hasi berri duten proiektu komunak «bakarka pentsaezinak liratekeen aurrerapausoak» ematea ahalbidetzen duela adierazi du. Era berean, Jauregik, Hamaika Telebistako zuzendariak, Sarebide «euskarazko komunikazioaren ekosistema osoa indartzeko urrats bat» dela gaineratu du, euskararen erabilera sustatzeko tresna estrategikoa martxan jartzeko proiektu teknologikoa dela ziurtatuz. 

Proiektuaren mugaz gaindiko izaera azpimarratu nahi izan dute, Sarebideren ikuspegia Euskal Herri osoan zehar zabaltzen dela jakinaraziz. Horrela, Jauregik proiektuaren indargunerik handiena hizkuntzak eta kulturak mugarik ez dutela gehitu du. 

Hurrengo pausoak

Proiektua duela sei hilabete onartu zen eta aurrera pausoak ematen hasi direla jakinarazi du Urzelaik, ‘Berria’ egunkariko bozeramaileak. Lankidetza teknologikorako sarea osatzea helburu nagusienetariko bat izan arren, beste hainbat kontu lortu nahi dituztela ziurtatu du, izan ere, Sarebide zuzentzen duen partzuergoko komunikabideen euskarazko eduki digitalak hedatzearren sistema berriak garatu nahi dituzte. 

Horretarako bi plataforma digital berri sortzea erabaki dute. Alde batetik, mugaz gaindiko izaera izango duen ikus-entzunezko plataforma digital bat egitea pentsatu dute. Bestetik, Badok webgunean oinarritutako streaming bidezko musika plataforma bat sortzea bururatu zaie «euskal musikaren ekosistema osoa zainduko duena».

Jauregik azaldu duenez, Sarebiderekin etorkizunean adimen artifiziala erabiltzeko apustua egingo dute. Horrez gain, edukiak eta plataformak gazteentzat interesgarriagoak izan daitezen aldaketak egingo dituzte. «Sarebide proiektuaren bidez formatua, hizkuntza eta estilo berriak txertatuko ditugu, euskarazko eduki erakargarriak belaunaldi berriengana iritzi daitezen», laburbildu du.