Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Konplizitatea ere indarkeria matxista dela aldarrikatuko du Mugimendu Feministak A25ean

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka «enegarrenez» kalera ateratzeko deia zabaldu du Mugimendu Feministak. Aurtengo mobilizazioetan indarkeriaren aurrean erasotzailearekin konplizitatea salatuko du, ‘Zuen hipokrisia indarkeria da!’ lelopean.

Mugimendu Feministako kideek Gasteizen eskainitako prentsaurrekoa.
Mugimendu Feministako kideek Gasteizen eskainitako prentsaurrekoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Indarkeria matxista sostengatzen duten egiturak, konplizitatea, sareak eta anaidiak salatzeko kalera ateratzeko deia zabaldu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Aurtengo azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako egunean, horretan ardadaztuko dira hiri eta herrietan deitutako mobilizazioak. ‘Zuen hipokrisia indarkeria da!’ lelopean «enegarrenez« mobilizatzea deitu dute.

Hala, manifestazio bana deitu dute Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. 19.00etan izango dira, Baionan izan ezik, ordu erdi lehenago hasiko da eta, Geltokitik. Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatuko da, Donostian Bulebarretik, Gasteizen San Anton Plazatik eta Iruñean Gaztelu Plazatik.

Astelehen honetan Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, «indarkeria matxista beste hamaika formatan ikusi dezakegu gure egunerokotasunean». Nabarmendu dutenez, «emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa», sistema «kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak» hau betikotzeko dituen egitura eta mekanismoen ondorioa baizik.

Mugimendu feministaren urrats bakoitzaren aurrean «oldarraldi berri bat» dagorrela deitoratu dute, «eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioen» partetik. Izan ere, feministen aurkako mezuak, mezu arrazistak eta mezu transfoboak, besteak beste, hedabideetan, sareetan eta kaleetan zabaltzen ari direla ohartarazi dute.

Inguruko gizonak

«Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikoteatuak eta gutxietsiak izna gara, gure aldarriak eta ekintzak deslegitimizatu dituztelarik», gaineratu dute. Hori egin dutenak «inguruan ditugun gizonak dira», salatu dute, erasotzaileak eta antifeministak «gizaki abstraktu bat» ez direla nabarmenduz.

Konplizitate eta anaidia sare horiek «paktu patriarkalak» direla azaldu dute, eta gizonez gain bestelako egiturek ere parte hartzen dutela, tartean «indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen dituztenak».

Horrekin batera, arrazakeria zabaltzeko feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak «erabiltzen» dituztenak seinalatu dituzte. «Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, tartean, berau sostengatzen duten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, atzerritartasun legea, kasu», salatu dute.

Elkartasuna

Deialdia egitearekin batera, azken urtean eraildako sei emakumeak, Palestinan, Saharan, Sudanen eta beste herrialde batzuetan borrokan ari diren feministei elkartasuna adierazi diete, baita Israelekin harremanak eteteko deia ere.

Gainera, abortuak egiten dituen Gasteizko Askabide klinikaren parean jartzen diren abortuaren aurkako 21 lagunen epaiketa ekarri dute gogora. Ahozko epaiketa astelehen honetan bertan hasi da Gasteizko epaitegian. «Urteetan aldarrikatu bezala, gure gorputza gure erabakia da! eta abortu libre, doako eta publiko baten alde borrokan jarraituko dugu», aldarrikatu dute.

Sindikalismo feminista

Bestalde, LAB sindikatuak sindikalismo feminista aldarrikatuko du egun horretan, eta mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 11:00etan: Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean; Donostian, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean; Iruñean, Gaztelu Plazan; eta Gasteizen, Lan Delegaritzan.

Sindikatuak dioenez, indarkeria matxistak egunerokoan lan eremuan hartzen dituen formak gurutzatuta daude prekaritatearekin eta botere harremanekin. Hala ere, «argi ikus daiteke zein helduleku gutxi eta zenbat oztopo dauden halako egoerei aurre egiteko, erasoak salatzen direnean ez delako neurririk hartzen, edo, neurri zigortzaileak hartu bai, baina erasoa salatzen duen pertsonaren erreparaziorako inolako neurririk ez delako hartzen»