
Gorraizen izan du hitzordua Peio Etxeberriak astelehen gozo honetan, bezperan Lau eta Erdiko Txapela eskuratu ostean. Argazkilarien aurrean, txapela buruan eta garaikurra eskuan, kazetarien aurrean beste egun batzuetako tentsiorik gabe, egoteko eguna izan du zenotztarrak. Aurreko bi urteetan astelehena gogorra egingo zitzaion aurrelari nafarrari, 'kaiolako' finalera iritsi baina podiumeko mailarik altuenera igo ezinik geratu ostean; aurten ez. Aurten, Javi Zabalari 22-11 irabazi eta gero, falta zitzaion eskailera maila hori igo ahal izan du eta bere kirol bizitzako bigarren txapel nagusia eskuratu du, 2024ko Binakako Txapelketa ere hortxe baitu gordeta –2021ean Buruz Buru irabazi zuen Promozio Torneoko txapela ahaztu gabe–.
Astearte honetan egongo da Peio Etxeberria Binakako Txapelketaren aurkezpenean, Aspe enpresak Altuna, Elordi eta Zabalarekin batera hautatu baitu aurreko koadroetan aritzeko. Baina iritsiko da Binakakoari buruz mintzatzeko sasoia, aurrez Peio Etxeberriak izan baitu nahikoa denbora eta tarte bere txapelaz gozatzeko. «Elegante ospatu dugu», adierazi du zenotztarrak, irribarretsu.
«Oso garrantzitsua zen denbora guztian partidan sartuta egotea. Javik –Zabalak– ikaragarrizko ahala dauka eta edozein momentutan atera zezakeen, norbera partidatik atera arte. Baina tira, denbora guztian zentratuta izan nintzen eta horregatik lortu nuen garaipena, nik uste», azaldu du.
Zentraturik egoteaz gain, ezker eskuaz emandako erakustaldiek ere izan dute zeresanik. «Ondo maneiatu dut ezkerra, bai, eta bistakoa da hormara ezkerrez pilota sartzen nionean min handia ematen nuela», gaineratu du Peio Etxeberriak berak, beste egun batzuetako gorde nahia unetxo batez albora lagata.
Orain bai faborito!
Formula magikorik ez dago, baina aurreko bi urteetan Altunaren eta Lasoren aurka galdutako finalek bidea nolabait erakutsi diotela dirudi Peio Etxeberriari.
«Finala jokatu aurretik kazetariek irabazteko faboritoa ni nintzela esaten zenidaten, baina orain esan dezaket naizela faboritoa. Lehenengo finalean ez nuen batere gozatu eta bigarrenean, berriz, opari batzuek egin nituelako galdu nuen, finalaz gozatu banuen ere. Orain bai kendu dudala zama handi bat gainetik eta orain bai bete dudala ametsa!», onartu du azkenean, azken bi asteetan eraman behar izan duen kontzentratu mozorroari erortzen utzita.
Azkenik, 15 urte zituela hil zitzaion aitari eskaintzeko baliatu du txapela Peio Etxeberriak. «Emozio handiz ikusten genituen biok finalak. Ziur nago inor baino zoriontsuago izango zela ni final batean txapela irabazten ikusita», aipatu du, emozioz gainezka hainbeste urteren ondotik ere, Lau eta Erdiko txapeldun berriak, garaipen honetaz gehien gozatzeko aukera izan duen tartean.
Eta hemendik aurrera, zer? Hemendik aurrera, «eguneroko lana» da Etxeberriaren iritziz bere arreta zentratu behar duena. «Ez naiz txapelketa batarekin edo bestearekin obsesionatzen. Benetan garrantzia duena eguneroko lanean aritzea da. Hor zentratu behar da, eta bidean beste sari edo txapelen bat badatorkigu, hortxe egongo gara, horretaz ere gozatzeko gertu», amaitu du.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
