Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal komunitatea trinkotzeko tresna berri bat aurkeztu du Gure Eskuk: ‘Herritu’ txartela

«Euskal komunitatea osatzeko norbanako ekintza» horixe da Gure Eskuk astearte honetan aurkeztu duen dinamika berriaren funtsa, ‘Herritu’. Komunitatea baten parte izatearen garrantziaz hausnartu eta balio askatzaile, bakezale, demokratiko eta bidezaleekin bat egitea proposatzen du.

Herritu dinamikari atxikimendua eman dioten kideak, astearte honetan Donostian.
Herritu dinamikari atxikimendua eman dioten kideak, astearte honetan Donostian. (Andoni Canellada | FOKU)

Euskal komunitatea trinkotzeko eta atxikimendua handitzeko asmoz tresna berri bat aurkeztu du Gure Eskuk astearte goiz honetan: ‘Herritu’. «‘Herritu’ ekintza bat da, ekintza hori norbanakoek egingo dute, euskarri fisiko sorta batetik abiatuta, helburu garbi batekin: euskal komunitatea eraikitzen jarraitzea, trinkotzea». Norbanakoaren atxikimendua adieraziko duen txartela, pegatina eta Euskal Herriko armarria duen pina izango dira euskarri fisikoak, eta hamar euroren truke eskuratu ahal izango dira.

Irantzu Parello Gure Eskuko bozeramaileak eman ditu azalpenak, eta beraien babesa adierazteko hurbildu dira Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea, Maddi Juanikorena Euskalgintzaren Kontseiluko kidea, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna eta Xabier Euzkitze telebistako aurkezlea.

«Olatu erreakzionario» baten aurrean kokatzen direla mundua eta Euskal Herria esan du Parellok, eta horren aurrean herri libre bat izatearen helburua indartu behar dela. «Herri libre hori komunitate batean sendotzeko ustea dugu», adierazi du, eta komunitatea sendotzeko herritar librez osatu behar dela herria eta erabakitzeko eskubidea oinarrian jarri behar dela nabarmendu: «Askatasunetik, baketik, demokratikoki eta justizian oinarritu behar du komunitate horrek».

Horregatik, aurkeztu dute tresna berria, «harrotasunez» euskal komunitatearen parte direla adierazteko tresna. Txartela da baliabide multzo horren funtsa, eta txartel horren bidez, haren jabeak adieraziko du euskal komunitateko kide dela eta komunitate horren zutabeekin bat egiten duela. Zeintzuk diren zutabeak? Baliabide sortarekin batera jasotako adierazpenean jasotzen dena:

Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa dela; euskara dela Euskal Herriko berezko hizkuntza; herritar guztien eskubide guztiak bermatu beharra dagoela; euskal herritarrei dagozkien gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela; eta XXI. mendean Euskal Herriak funtsezko erronkak dituela eta haiei heltzeko ezinbestekoa duela burujabetza tresnak izatea. 

Durangoko Azokatik aurrera, kide egiteko aukera

Parellok zehaztu du norbanakoak jarri behar dituela bere izen abizenak txartelean, eta Gure Eskuk atxikimendua egin duten kideen zenbaketa soilik egingo duela, ez dituela datuak jasoko. Momentuz, ikasturte honetako Gure Eskuren ekimen nagusienetarikoa izango da, baina ez du epemugarik izango, «komunitate batek ezin duelako epe muga bat izan, komunitatea osatzen joan behar garelako».

Abiapuntua izango du, ordea; Durangoko Azokan egingo dute «txupinazoa» eta bertan izango dute euskal herritarrek «herritzeko» lehen aukera. Ondoren, Gure Eskuk herriz herri «herritokiak» antolatuko ditu, hau da, dinamikaren bat egiteko toki fisikoak, «Herritu egunak» ere antolatuko dituzte, eta boluntario talde zabal bat ere kideak saretzeko lanean ibiliko da. Bestalde, Euskal Herriko agendako hitzordu nagusietan ere herritzeko aukera egongo dela aurreratu dute. Webgunea ere laster jarriko dute martxan eta «herritze digitala» egiteko aukera egongo da.